Hizkuntz eskubideak jomugan

«Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek»

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emandako epaia gaitzetsi dute ehun udal ordezkarik baino gehiagok, Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta eta eragileek babestuta

77 alkate izan ziren atzo Bilbon, Kontseiluak deitutako agerraldian, udal legearen aurkako epaia salatzen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Arantxa Iraola - Maite Asensio Lozano
Bilbo
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka udalei euskara hutsez aritzea ezetsiz emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara», adierazi zuten atzo euskalgintzako ordezkariek, alkate eta udal ordezkariekin batera, Bilbon egindako agerraldi jendetsuan. Lehengo astean eman zuen Konstituzionalak epaia: ezetsi egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko udal legearen 6.2 artikuluak udalen barne funtzionamendua euskara hutsean egiteko ematen dituen irizpideak, eta, berehala, kritika ozenak eragin zituen. Atzo, berretsi egin zuten ezinegona: «Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean izan zen agerraldia.

Kontseiluaren izenean, erakundeko lehendakari Alizia Iribarrenek irakurri zuen adierazpena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun udalek baino gehiagok egin zuten bat Albia lorategietako argazkian, eta, tartean, 77 alkatek; EH Bildukoak eta EAJkoak ziren gehienak, eta plataforma independenteetako hautetsi batzuk ere bertaratu ziren. Lehen lerroan, Bilboko eta Donostiako alkateak egon ziren: Juan Mari Aburto eta Eneko Goia. Udalerri handietako udal ordezkariak ere izan ziren: Getxoko alkate Amaia Agirre, Barakaldoko Amaia del Campo, Errenteriako Aizpea Otaegi, Galdakaoko Iñigo Hernando, eta Hernaniko Xabier Lertxundi, besteak beste. Irudi indartsua eman zuten: aginte makilekin eta zumeekin agertu ziren, eta, txalo artean, udal agintearen ikurrok altxatuz aldarrikatu zuten epaiaren aurka daudela.

«Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen baititu», adierazi zuten manifestuan. «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza politikak bota dituzte atzera, ezetsi den udal legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori».

Gogoratu zuten Eusko Legebiltzarrak «kontsentsu zabalez» onartu zuela udal legea. Nabarmendu zuten, halaber, argitaratu berriak direla VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak, eta horietan «argi» ikusten dela «gizartearen gehiengo zabal batek» babesten dituela euskararen normalizazioaren aldeko politikak. «Beraz, epaia, euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada». Konstituzionalak «herritarren eta udalen erabakimena» auzitan jarri izana ere gaitzetsi zuten.

Oro har, traba da epaia: «Euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du». Eta berretsi zuten epai hau «oldarraldi judizial zabalago baten» parte dela: «Hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen da».

Lehendik ere horren gaineko kezka adierazia dute euskalgintzako eragileek; ildo horretan, azaroaren 4rako Bilbon manifestazio baterako deia egina du Kontseiluak: «Oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde». Maiatzaren 10ean egin zuten deia: EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian izan zen agerraldi hura ere. Azken albisteen harira, manifestazioan parte hartzeko deia oraindik ere «irmoago» egin behar dela nabarmendu zuten.

Alkateak ere, irmo

Aginte makilak eta zumeak eskuan hartuta, irmo agertu ziren udal ordezkariak ere Konstituzionalaren sententziaren aurka. EH Bilduko hautetsien izenean, Aizpea Otaegik kezka handia adierazi zuen epaiaren inguruan: «Eraso larria da euskararen kontra, euskal hiztunon kontra eta euskara hutsez lan egiteko baldintzak dituzten eta hala erabaki duten udalen kontra». Gogora ekarri zuen udalen legea 2016an onartu zuela Eusko Legebiltzarrak, «kontsentsuz»: «Hemengo instituzioetan hartutako erabakien aurkako erasoa ere bada. Euskararen garapena eta etorkizuna bermatu nahi badugu, euskarak behar duen lege babesaren inguruko gogoeta sendoa eskatzen du horrek: hemen hartzen diren erabakiak errespeta daitezen nahi badugu, nolako bermeak behar ditugun, horiek gero Madrildik datozen epaiek deusezta ez ditzaten».

Juan Mari Aburtok EAJko kideen izenean berretsi zuen sententzia «autogobernuaren kontrako eraso larria» dela, eta tokiko erakundeen «antolakuntza autonomia ere urratu» egiten duela. «Beldur barik» baieztatu du udalek herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituztela, «bai euskaldunenak, bai gaztelania hiztunenak». Eta aldarrikatu du euskara hizkuntza ofiziala dela: «Gure altxorra da, guztiona. Horregatik ez du merezi epai honek dakarren ideologizazioa eta mespretxua».

Euskalgintzako hainbat eragilek ere babestu zuten agerraldia. Han izan ziren, besteak beste, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, Eusko Ikaskuntzako ordezkari Iñaki Zabaleta, BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipi, Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola, EHEko kide Intza Gurrutxaga, Elhuyarreko zuzendari Jon Abril eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz.

Azken horrek «garrantzi berezia» egotzi zion Konstituzionalaren epaiari: «Lehendik ere datorren prozesu baten beste katebegi bat da, baina badu garrantzi kualitatiboa. Hizkuntza biziberritzeko prozesuan, euskarak berezko funtzioak eta esparruak behar ditu, eta horixe galarazi nahi dute epai hauek. Bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahi dute euskara: bazter batean utzi nahi dute; ez dute ahalbidetu nahi espazio erosoak eta arnasguneak sortzea». Hala ere, pozik agertu zen atzoko argazkiarekin: «Akordio eta dinamika soziopolitiko zabalak eta indartsuak behar ditugu, eta gaurko honek lehen urrats sendo bat markatzen du ildo horretan».

Tolosaldeko adierazpena

Bilbon ez ezik, Tolosaldean ere eman zuen zeresana atzo sententziak. Eskualdeko 27 alkatek eta hainbat eragilek Euskaraz jarraituko dugu! adierazpena sinatu zuten. Gogoratu zuten bertako udal gehienek euskara hutsean funtzionatzen dutela, baina hori moztu egin duela epaiak. «Egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza bat indartzeko neurriak hartzea zailtzen du. Gure eskualdeko herri gehienak arnasgune izanda, babes eta garapen neurri bereziak eta ausartak behar ditugu».

Gaineratu zuten Tolosaldeko herrietan euskara «naturaltasun osoz» transmititzen dela, eta udalen barne funtzionamendua euskaraz izatea «normaltasun horren jarraipena» dela: «Udalek orain arte bezala lanean jarraitzea babesten dugu, horixe baita herritarren, eragileen eta erakundeen nahia: administrazioan ere euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.