Euskara eta independentzia, elkarri lotuta

EHE Euskaltzale Independentiston Topaketak egiten ari da Azpeitian, bigarrenez. ‘Euskaratik independentziara’ mahai inguruan adierazi dute bata ezin dela ulertu bestea gabe.

Ezkerretik eskuinera: Adin, Urkiola, Gurrutxaga eta Mendizabal, gaur goizean, Azpeitian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ezkerretik eskuinera: Adin, Urkiola, Gurrutxaga eta Mendizabal, gaur goizean, Azpeitian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Azpeitia
2026ko apirilaren 25a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara eta independentzia. Independentzia eta euskara. Ezin dela bata ulertu bestea gabe. Ezin dela bata lortu bestea gabe. Aldarri horiexek zabaltzen dihardute asteburuan Azpeitian (Gipuzkoa), EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatutako Euskaltzale Independentiston II. Topaketetan.

Atzo hasi ziren topaketak, eta egun osoko egitaraua ondu dute gaurko. Goizean, Euskaratik independentziara mahai inguru nagusia egin dute. EHEko Intza Gurrutxaga, Jarduneko Ainhoa Urkiola eta Ehun mugimendua zeneko Julen Mendizabal aritu dira hizlari, eta EHEko Markel Adinek gidatu du saioa.

Euskarak eta independentziak elkarri lotuta egon behar dutela nabarmendu dute hirurek. Gurrutxagak azaldu duenez, EHE sortu zutenetik euskararen aldeko borroka izan da haren ardatza, baina nazio askapenaren aldekoa ere ez dago baztertzerik: «Independentzia beharrezkoa dugu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko». Urkiolak beste osagai bat gehitu du: sozialismoa. «Ezingo dugu euskararen aldeko borroka aurrera eraman baldin eta independentziaren eta sozialismoaren aldeko aldarriak presente ez badaude». Hala, nabarmendu du euskara ezin dela «tresna neutrala» izan, baizik eta nazio eraikuntzarako «funtsezko tresna» izan behar duela.

Adinek hala eskatuta, kritikarako eta autokritikarako tartea ere egon da. «Euskararen aldeko borroka ezin dugu sustatu etsaiek inposatutako instituzioetatik», nabarmendu du Urkiolak. Eta alderdi abertzaleez aritu da Gurrutxaga; haren esanetan, euskara «bigarren mailan» uzten dute: «Nola da posible akordio politikoak egiteko orduan, adostasunaren izenean, euskara izatea abandonatzen diren gaien artean lehenengoetakoa?». Hiru hitz zerrendatu ditu Mendizabalek: etsaiak, autonomia eta gatazka. Haren, ustez euskalgintzak zehaztu behar du etsaiak zeintzuk diren; autonomiaz aritu behar du, alderdi politikoen agendetatik at, eta euskalgintzaren «zati handi batek» gatazkatsua izan behar du.

«EHEko kideok desobedientzian eta konfrontazioan sakontzen jarraitzeko konpromisoa daukagu»

INTZA GURRUTXAGA EHEko kidea

Horiek horrela, hizlariek etorkizuna ere marraztu dute. «EHEko kideok desobedientzian eta konfrontazioan sakontzen jarraitzeko konpromisoa daukagu», ziurtatu du Gurrutxagak. Eta, aldi berean, nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluaren Batuz Aldatu dinamika elikatzen jardungo dutela aurrerantzean ere. «Euskal Herri euskalduna aldarrikatzen dugu, eta horrek esan nahi du euskara izango dela Euskal Herriko hizkuntza hegemonikoa».

Jarraipena

Behin mahai ingurua amaituta, topaketek aurrera jarraitu dute: besteak beste, ekitaldi politikoa eta bazkaria izan dituzte, eta arratsaldean eta iluntzean tailerrak eta kontzertuak egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA