Euskara Europako Batasunean ofizial izateko eskaria, gai zerrendan berriro

Europako Batasuneko Kontseiluan heldu den asteartean aztertuko dute berriro Espainiako Gobernuak euskara, galegoa eta katalana ofizial izan daitezen egindako eskabidea.

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares eskakizuna aurkezteko agerraldira bidean, 2023ko irailaren 19an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares eskakizuna aurkezteko agerraldira bidean, 2023ko irailaren 19an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EB Europako Batasuneko Kontseiluak heldu den asteartean eztabaidatuko du euskarari, katalanari eta galegoari izaera ofiziala aitortuko zaien Europako Batasunean. Kontseiluko auzi orokorrei buruzko bilkura egingo dute, eta gai zerrendako azken puntuan aztertuko dute gaia. Halaxe jasota dago: «Espainiak euskara, katalana eta galegoa 1/1958 araudian sartzeko egindako eskaria aztertuko da». Erregelamendu horrek zehazten ditu, hain justu ere, EBko erregimen linguistikoaren nondik norakoak. Zenbait iturriren arabera, negoziazio luzeak egin dira gaiaren inguruan, eta adostasuna bada orain aitortza horren alde. Badira, ordea, zalantzak. Eta eskaria aurrera ateratzeko ezinbestekoa da adostasuna: kontseilua osatzen duten 27 kideek aho batez onetsi behar dute. EBko Atzerri ministroak batzen dira bertan.

Europa Press agentziak asteon jakinarazi duenez, akordioa lortzeko ahaleginetan, Espainiako Gobernuak proposamen bat aurkeztu du. 2027tik aurrera euskararen, galegoaren eta katalanaren ofizialtasun «partziala» lortzea da asmoa; horrek betebeharra ezarriko luke soilik Europako Batasuneko Kontseiluko eta Europako Parlamentuko erregelamenduak itzultzeko. Agentziaren arabera, aurreko legealdian EBn izan ziren ekinbide juridiko guztien %3 izan ziren erregelamendu horiek. Proposamena ontzat jotzen bada, gainerako guztiak ez dira itzuli beharko gutxienez hurrengo lau urteetan. 2031. urtean aztertu beharko da zer egin hortik aurrera. Aurretik adierazi izan du Espainiako Gobernuak ofizialtasunak ekarriko dituen kostuak bere gain hartzeko konpromisoa, eta horren gaineko zehaztapena ere egin du orain.

2023ko abuztuaren 16an erregistratu zuen Espainiako Gobernuak EBren hizkuntza erregimenean euskara, galegoa eta katalana sartzeko eskabidea. Espainiako Gobernuak Kataluniako indar politikoekin izandako negoziazioen ondorioa izan zen urrats hori; hain justu ere, Junts Per Catalunya taldeak egindako eskari bat izan zen, negoziazioetan talde katalanak ipini zituen baldintzetako bat. Ordutik, ordea, bidea ez da samurra izan: zenbait estatuk aitortzaren aurkako argudioak eman dituzte, eta oztopoak jarri. Haien arabera, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak mugarri bat ezarriko luke, eta eredu izango litzateke beste hizkuntza minorizatu batzuentzat.

2023ko irailaren 19an aurkeztu zuen lehenengoz Espainiak eskabidea bilkuran. Orduko hartan ebatzi zuten denbora gehiago behar zutela gaia aztertzeko. «Hurrengo bilera batean» gaiari heltzeko asmoa zutela esan zuten. Eta hortxe egon da gaia ordutik, aztertu da bilkura gehiagotan, baina ez da adostasunik lortu. Askotan aipatu dira Frantziak, Suediak eta Finlandiak dituzten zalantzak. Argudiatu izan dute, besteak beste, balitekeela erabaki horrek lan administratiboa zamatzea eta kostu ekonomikoa handitzea.

Badu garrantzia

Euskalgintzak hainbatetan onartu ditu aitortzak ekar ditzakeen onurak. Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELENek lehen bilkura haren atarian agerraldi bat egin zuen Bruselan, eta Euskalgintzaren Kontseiluak parte hartu zuen; Galizian eta Herrialde Katalanetan hizkuntzaren biziberritzearen alde ari diren erakundeekin batera atera zen plazara. Ohar bateratu batean azaldu zuten zergatik den garrantzitsua eskabideari baiezkoa ematea. «Hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere».

Uste dute ona izango dela arlo ekonomikoan, juridikoan eta kulturalean. Etiketetan-eta, esaterako, euskara askoz ere agerikoagoa izango litzateke: EBn merkatura ateratzen diren elikagai eta osasun produktuen etiketek bertako hizkuntza ofizialetan idatzita egon behar dute, eta hor euskarak ere presentzia izan beharko luke. Ikus-entzunezkoen eremuan aurrerabideak egiteko ere ate handi bat ireki dezake ofizialtasunak; izan ere, EBko legeek gutxieneko kuota bat ezartzen dute filmak eta telesailak hizkuntza ofizialetan ekoizteko.

«Paradoxak» gordinago

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek, propio, Euskal Herrira begira, gogora ekarri izan du aitortza lortzen bada «gordinago» agertuko dela egun euskararen ofizialtasunaren inguruan dagoen «paradoxa»; izan ere, Europako Batasuneko erakundeetan ofiziala izango da orduan euskara, baina oraindik ez du lege aitortzarik izango Nafarroako zati handi batean eta Ipar Euskal Herri osoan. Aldaketa gauzatzen bada, euskara meritu izango da Europako Batasuneko erakundeetan funtzionario izateko, eta hor ere ageri-agerian geratuko da berriz kontraesana: egun Euskal Herriko toki askotan ez baita euskararen ezagutza aintzat hartzen, ezta funtzio publikoan jarduteko ere.

Egun, 24 hizkuntza ditu onetsiak Europako Batasunak ofizial. Bakar bat da gutxitua: Irlandak lortu zuen 2022an gaelikoa onestea. Aldaketa onartzen bada, ez da automatikoa izango, eta era progresiboan ezarriko da datozen urteetan, Irlandako gaelikoa bezala. Erabakiaren alde jardun dute EH Bilduk eta EAJk Europako Parlamentuan dituzten ordezkariek ere, eta nabarmendu egin dute ofizialtasunaren garrantzia. Adierazi dute, gainera, legez ez dela arazorik aldaketarako. EBko 1/1958 araudiak baldintza bakarra ezartzen du hizkuntza bat ofizialtzat jotzeko: Europako Batasuneko estatu kideren batean ofiziala izatea. Baldintza hori betetzen dute euskarak, katalanak eta galegoak.

132 milioi EURO guztira

Europako Batasunean beste hiru hizkuntza ofizial izendatzeak ekar dezakeen kostu ekonomikoa aipatu izan dute hainbat estatuk kontrako argudiotzat. Espainiako Gobernuak orain berriz adierazi du kostu hori bere gain hartzeko asmoa, baina askok dudak dituzte hori egiteko bide juridikoen inguruan ere. Europako Batzordeak 2023an kalkulatu zuen aldaketak zenbateko kostu gehigarria ekar dezakeen: 132 milioi eurokoa litzateke guztira. Hizkuntza bakoitzeko 44 milioi. Atariko kalkulu bat zela adierazi zuten orduan, eta gaelikoaren esperientzia aintzat hartuta egin zutela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.