Euskara Europan ofizial egiteak 44 milioi euroren kostua luke, Batzordearen arabera

Europako Batzordeak txosten batean aztertu ditu euskara, katalana eta galiziera ofizial bihurtzeko kostuak. Asteartean aztertuko dute berriro gaia.

JOSE MANUEL ALBARES
Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa Bruselan; katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna eskatu ostean, irailean. OLIVIER HOSLET / EFE
mikel p ansa
2023ko abenduaren 9a
11:28
Entzun

Gaelikoa hizkuntza ofizial gisa onartua du Europako Batasunak, eta hizkuntza horretarako testuak itzultzeak eta hizkuntza horretarako interpretazioa bermatzeak 44 milioi euroren gastua du urtero. Horretan oinarritu da Europako Batzordea, euskera ofizial egiteak urtean zenbateko kostua lukeen kalkulatzeko. Kalkulu bat eta gutxi gorabeherako kopuru bat dela zehaztu du halere, ofizial bihurtu arte ezingo litzatekeelako erabat kopurua zehaztu. Espainiako Gobernuak eskatu du kostuaren kalkulu hori, eta Efe berri agentziak zabaldu du txostena.

Behin euskara, katalana eta galiziera ofizial egitea onartuz gero, sei bat hilabete beharko lirateke kostu zehatza kalkulatzeko. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko itzulpena eta interpretazioa kontratatzeko aukerak eta kostuak jakin beharko lituzkete, juzgatuko balute kalitatea ez dela nahikoa formakuntza bat ere eman beharko litzatekeelako. Itzulpen automatikorako adimen artifizialeko tresnen gaitasuna ere aztertu beharko da, halakorik ez bada horretan ere inbertitu beharko delako, txostenaren egileen esanetan.

Bestalde, hiru hizkuntza ofizial bihurtuta ere, ondorioak ez dira berehalakoak izango: adostu beharko dute trantsizio epe bat, eta epe horretan zer inbertsio egin behar diren. Dublinek, esaterako, 2005ean eskatu zuen gaelikoa hizkuntza ofizial gisa onartzeko, 2007an onartu zen, eta, itzulpen baliabideak mugatuak zirenez, 2022 arte dokumentu batzuk soilik itzultzea hitzartu zuten.

Asteartean berriro

Europako Batasuneko kideek astearte honetan aztertuko dute, ostera, euskara, katalana eta galiziera ofizial bihurtzeko eskaria, eta ez da espero erabaki bat hartuko dutenik. Iraileko eta azaroko bilkuretan aztertu zuten gaia, baina baztertu egin dute erabaki bat hartzea oraingoz, datu gehiago eduki bitartean

Espainiako Gobernuak abuztuan egin zuen euskara, katalana eta galiziera Europan ofizial izendatzeko eskaria, Pedro Sanchezek inbestidurarako alderdi katalanek hitzartutako puntu gisa, eta gerora Europako Batzordeari esan dio kostua bere gain hartzeko prest legokeela. Hiru hizkuntzak ofizial eginez gero, beraz, 132 milioi euroren kostua luke Espainiarentzat, baina ikusteko legoke galizieraren kasuan beharrezkoa litzatekeen, portugesa hizkuntza ofiziala delako Europan.

Estatu kide guztiek aho batez onartu behar dute, ordea, eta herrialde batzuek esana dute ez dutela begi onez ikusten neurria, beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunek ere eskari bera egin dezaketen beldurrez. Europan 30 bat hizkuntza gutxitu daude, arriskuan daudenak Unescoren arabera, eta 40 bat milioi hiztun dituzte guztien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.