Euskara

Euskara, euskal errepublikaren zain

Euskarak estatu bat behar ote duen, horixe izan dute hizpide Estitxu Garai, Lorea Agirre, Amets Aranguren, Eneko Bidegain eta Amets Arzallusek Euskaltzale Independentiston Topaketetan, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta. Bazterketa den hori «pribilegio gisa» gizarteratzen ari direnen «azpikeria» salatu dute.

Euskararen egoeraren inguruko gaurko eztabaida, Gurea Antzokian. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 07a
17:21
Entzun

Euskararen egungo errealitateaz gogoetan eta euskarak gain behera ez jarraitzeko estatu bat behar ote duen hausnartzen aritzen direnean bost hizlari trebatu, bi orduko eztabaida sakonean, asko eta askotarikoak gertatzen dira edukiak, kontzeptuak eta ideiak; horietako bat da euskara «diskriminazio ardatz bat» dela, eta, aitzitik, «pribilegio» esaten diotenen ildoa nagusitzen dela sarri, euskal hiztunen eskubideak betetzeko aukerak aldenduz. «Biktimak» dira hiztun horiek, ez «pribilegiatuak», baina estaturik ez duen hizkuntza bateko hiztunek «gezur handi» horri eta beste hainbati egin behar diete aurre «egunero». Horregatik, euskararen geroa bermatuko luketen «lege ausartak betearazteko gaitasuna» edukitzea «oinarrizkoa» da euskararentzat, eta gaitasun hori «estatu batek» ematen du.

Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta, Euskaltzale Independentiston Topaketak egiten ari dira Villabonan (Gipuzkoa), eta Euskararen errepublika eraikiz izenburupean aritu dira gaur, Gurea antzokian, Estitxu Garai politologoa, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Amets Arzallus bertsolari eta idazlea, Eneko Bidegain idazle eta kazetaria, eta Amets Aranguren Kontseiluko proiektuburua. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak egin ditu aurkezle lanak. «Euskal errepublika bat tresna izugarria litzateke euskararentzat, sinbolikoki, aitortzari begira, estatu hizkuntza litzateeke eta. Estatuak subiranotasun politikoa dakar, eta, horrek, hizkuntza politika eraldatzaileak aplikatzeko aukera». Garaik oso garbi dauka estatu batek «eragin izugarria» lukeela euskararen alde, baina prozesu horren zain egon gabe «helburu txikiagoak» bazterrean ez uztera deitu du; alegia, «bitarteko lan horri» eustera, hala nola «herrigintza lanari».

«Ni abertzalea naiz»

Bidegainek esplikatu du nola «nortasun intimoa» abandonatu behar izan duten euskaldun askok «nortasun kolektiboan» sartzean, eta horrek zer «sufrimentu» ekarri dien euskaldun askori. Euskararen herriak duen zatiketa administratiboa «normalizatu» egin dela salatu du, eta euskal gizarteaz hitz egiten dela «EAEko gizarteari» erreparatzeko. Finean, uste du «bi gu» daudela Euskal Herrian eta «hiru milioi nii», eta galeran den herri ikuspegiak aurrera egin dezan euskarak bere estatua izatea dela biderik eraginkorrena.

Agirre, berriz, estatu baten «ezaugarri nagusiari» begira jarri da, «legeak betearazteko gaitasunari» begira; eta garbi utzi du euskararen normalizaziorako beharrezkoa dela hori. Ohartarazi du ez dagoela «modan» esan behar zuena, eta jarraian ozen aldarrikatu du «abertzalea» dela. Galdera bat baitzuen jira-biran buruan: «Estatugintza prozesu bat posible al da abertzaletasunik gabe?».

Arzallusek hartu dio lekukoa berehala: «Ni ere abertzalea naiz»; eta erantsi zuen abertzaletasunaren «muinean» dagoela hizkuntza. Gogora ekarri zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik aspaldian gizarteratu zuen ideia bat: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko, baina estaturik gabe, ziur ezetz». Bada, azken zatiarekin ez da ados Arzallus, «estaturik gabe iritsi baikara iritsi garen lekura». Bertsolariak, ordea, garbi utzi du «arnas estuka» iritsi dela euskara dagoen lekura, «korrontearen kontra igeri eginez» eutsi zaiola eutsi zaionari. Aitortu du «itolarrian» sentitzen dela askotan, eta «beste buelta bat» eman behar diotela egoerari siglen bidez politika egiten dutenek.

Eta, horra iritsita, aktualitateko erreferentzia batek hartu du eztabaidaren ardatz bat: EAEko Hezkuntza Legean EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduei eusteko egin berri duten akordioak. Espresuki aipatu gabe, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezari erreparatu dio Bidegainek, «euskararen etsaien» inguruan aritu denean. Helarazi du «azpikeriaz» jokatzen dutenak direla arriskutsuenak, eta ez ageriko «bortizkeria» erakusten dutenak. Salatu du alderdi abertzale nagusiak «azpikeria» horretan dabiltzanekin batera egin nahi dutela bidea. «Presarik gabe» baina «lotsarik gabe» esan behar da, haren ustez, «independentzia» behar dela euskara eta nazio ikuspegia salbatuko badira.

Pribilegioaren «falazia»

Garaik ere heldu dio hizkuntza ereduen hariari: «Elebitasun orekatuaz hitz egitea zer da egoera erabat desorekatua denean?». Haren ustez, jarrera hori «euskararen zapalkuntza betikotzea» da, eta «askatasunaren izenean» egiten dela erantsi du. Estatu «bizigarriago baten bidez» egin behar zaio aurre horrelako egoera bati, haren irudiko.

Agirrek, berriz, euskaldun pribilegiatuei buruz aritzen direnei esan die «falazia» bat dela hori gizarteratzea, euskara «diskriminazioaren ardatz bat» dela gaur egun, eta euskarak izan behar duela «antidotoa edo soluzioa» talde desjabetuak osotasun batera erakartzeko. «Borroka emanzipatzaileak» euskaratik pasatu behar dutela gaineratu du. Esplikatu du euskararen eskubideak «hiztunen eskubideak» direla, pertsonenak, eta euskaldunak ez direla «inposatzaileak», baizik eta «baztertuak».

Eta Arzallusek osatu du diagnosia: «Nola esan dezake Anduezak ezin direla egon eredu elebakarrak? Nor dira elebakarrak Eusko Legebiltzarrean?». Haren ustez, «gezur handi bat» gizarteratzen ari dira, «euskaraz ez dakienaren ez jakiteko eskubidea babesten ari baitira». Estatuek «inposizioz» ezarri dituzte euren hizkuntzak, Arzallusek azaldu duenez, eta euskarari eskatzen diote orain «sedukzioz» aritzeko. Euskal errepublika, inoiz izatekotan, «munduko estaturik jatorrena» izan daitekeela erantsi du, eta entzuleei barre eragin.

Baina, umoretik harago, Arzallusek argi azaldu du euskararen inguruko betebeharren alorrean «behartzeko bidea» irekiko lukeela, eta hautu horrekin bat etorri da Agirre. «Hizkuntza borrokari» azken hitza kendu diotela nabarmendu du Jakin-eko zuzendariak, «itsusia delakoan-edo», eta, orain, euskara «erakargarri» izan behar duelako ildoa nagusitu dela erantsi du: «Euskal hiztunok gara biktimak, ez inposatzaileak». Eta tesi hori behin ezarri ondoren hitz egiten has daitekeela azaldu du.

«'La vasca' eta musika»

Arangurenek ere adierazi du euskara estatu hizkuntza egingo lukeen errepublika bat behar dela, baina euskara hiztunen «forma» izan dadin, ez hiztunen «eduki». Iruñeko musika eskolan «la vasca» esaten ziotela kontatu du, eta esan du euskaldun batek musika egiteak ez duela zertan ekarri euskal musika egitea nahitaez, haren irakasle batek behin iradoki zion moduan. «Errepublika behar dugu Euskadi hitza erabiltzeari uzteko ere», bukatu du, eta barre gehiago eragin.

Umoret gutxi izan du, berriz, eztabaidaren bukaeran eta publikoaren artetik Sagrario Aleman euskaltzain osoak utzi duen abisuak: «Zer da lehenago, independentzia ala euskarak duen menpekotasuna gainditzea? Itzulerarik gabeko momentu batera iristeko arriskua dugu, estatuaren zain gauden bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.