Euskara ez da bermatzen hamarretik hiru lanpostutan

UEMAk ikerketa batean azaldu du egoera: udalerri euskaldunetan ere, osasun zentroetan sarri langile euskaldunak ez daude bermatuta

Doneztebe UEMAko udalerrietako bat da; artxiboko irudian, osasun zentroko ataria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatean 101 udalerri daude; horietako osasun zerbitzu publikoetako datuak «behatu eta aztertuta», hizkuntza eskubideak bermatzen diren aztertu du ikerketa batean, eta horra ondorioetako bat: udalerri horietan ari diren hamar osasun langiletik hiruk ez daukate euskara maila egiaztatuta. Osakidetzako zentroetan %19 dira; Osasunbidekoetan, %75. Udalerri horietako herritarrek beste herri batzuetako osasun zentro batzuetara edo dagozkien erreferentziazko erietxeetara joan behar izaten dute usu, eta eremu horietan oraindik larriagoa da arazoa. Horra, esaterako, ospitaleetako egoera: langileen bi herenek ez dute euskara gaitasuna egiaztatua. Osakidetzan %57 dira; Osasunbidean, %99.

Hortik UEMAren salaketa. Igaro hamarkadetan urratsak egin diren arren, hizkuntza eskakizunak «egituraz» urratzen direla salatu du. «Egunero urratzen dira hizkuntza eskubideak oraindik». Ikerketa hau bi urtean behin egiten du mankomunitateak, eta zer metodologia erabiltzen duten azaldu dute. Hiru «geruzatan» aztertu dituzte osasun zerbitzuak. Gertuenekoak, batetik: UEMA barruko udalerrietan dauden 64 osasun etxeak eta larrialdi zerbitzuak. Ingurukoak, bestetik: udalerrietan bertan egon ez arren UEMAko herritarrei arreta ematen dieten osasun zentroak. Eta erietxeak, azkenik: herri horietan bizi direnei dagozkien «erreferentziazko» ospitaleak. Salatu dute, oro har, ikerketa honetako datuak aurreko urteetakoekin alderatuta, «eboluzio argirik» ez dela ikusten langileen euskararen ezagutzaren aldetik: ez dago «aurrerapauso esanguratsurik».

Lehen «geruzan» 821 lanpostu aztertu dituzte: 669 postu Osakidetzarenak dira, eta 152 Osasunbidearenak. %87k jarria dute euskaraz jakiteko derrigortasuna. Horietatik zenbatek konplitzen duten jakiteko zailtasunak izan dituela jakinarazi du UEMAk. Osasunbideak euskara jakitea derrigorra den postuetan bakarrik aztertu du langileak euskara badakien, eta, gainerako kasuetan, ondorioztatu du langileek ez dakitela. «Muga» hori aintzat hartuta atera duten «argazki orokorra» da postuen %70etan ari direla eskakizuna egiaztatua duten langileak. Arloka, badira aldeak; esaterako, ikusi dute erizain laguntzaile postuetan gehienak egiaztatu gabe daudela.

Derrigortasunean, sistema batetik bestera, badira aldeak, eta hori oso argi ikusten da, esaterako, lehen «geruza» honetan: Osakidetzari dagokionez, udalerrietako lanpostuen %99k daukate derrigortasuna ezarria; Osasunbidean, %34k. Portzentajeak aldatzen badira ere, desoreka hori argi ikusten da txosten osoan, atal guztietan, eta bi osasun sistemen arteko alde «handiaz» ohartarazi du mankomunitateak ikerketako ondorio nagusietan.

Egoera eskasagoa

«Geruzetan» behera egin ahala, horra zer gertatzen den. UEMAko herritarrek inguruko udalerrietan erabiltzen dituzten 35 zentro aztertu dituzte, eta 376 lanpostu. Kasu horietan, Osakidetzan langileen %27k daukate hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe; Osasunbidean, %78k. Hor ere nabarmena da bi sistemen arteko aldea: Osakidetzan lanpostuen %96k dute hizkuntza eskakizuna; Osasunbidean, %28k.

«Erreferentziazko erietxeei» dagokienez, 11 ospitale dira guztira, eta egoera ez da batere homogeneoa: euskararen ezagutza egiaztatzeari begira, «aldeak handiak» dira erietxeen artean. Derrigortasunari begira ere, desoreka oso handia da, berriro ere, osasun sistemen arabera. Osakidetzako erietxeetan lanpostuen ia erdiek dute derrigortasuna; Osasunbidean, %1ek ere ez. Eskakizuna betetzeari dagokionez, langileen %57k dute maila egiaztatu gabe Osakidetzan.

Pediatrak

Aparte nabarmendu nahi izan du mankomunitateak pediatriako egoera ere. Formalki bideratuta dagoelako, baina errealitatean «hutsuneak» agerikoak direlako: «Bereziki aipatzekoa da pediatrian dagoen hutsunea: nahiz eta euskaraz jakiteko beharra daukaten postu gehienek, horietako askotan daude euskaraz ez dakiten langileak». Ohartarazi du, gainera, urteotan osasun profesionalen falta agerikoa izan dela zentro askotan, horrek ugaritu egin dituela «hutsuneak eta ordezkapenak», eta zaildu egin duela horrek hizkuntza eskakizunen eboluzio on bat. Bide arriskutsua dela uste du, ordea, saihestu beharrekoa: «Profesional gabeziaren testuingurua ez litzateke baliatu behar hizkuntza eskubideak bigarren mailan uzteko: erakundeen obligazioa da eskubide horiek bermatzea».

«Egiturazko erabakiak» eskatu ditu UEMAk. Oinarrietatik: «Ezinbestekoa da etorkizuneko osasun langileak euskaraz trebatzeko neurriak hartzea». Egungo euskarazko zerbitzuak eskaintzeko sistemak «egituratzeko» ere eskatu du. Eta ezagutzaz harago ere egitea: erabileran eragiteko «irizpideak» jarri behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.