EHEko kideak

Markel Abio eta Ihintza Gurrutxaga: «Euskara ez dugu iraunaraziko independentziarik gabe»

EHEk II. Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo ditu datorren asteburuan, Azpeitian. Askotariko egitaraua ondu dute bi egunetarako, eta izen ematea zabalik dago.

Markel Abio eta Ihintza Gurrutxaga. JABOGA MANTEROLA / FOKU
Markel Abio eta Ihintza Gurrutxaga. JABOGA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek euskaltzale independentisten bilgune bihurtu nahi du Azpeitia (Gipuzkoa) datorren asteburuan, eta gogoetatu, Euskal Herriaren independentzia ezinbestekotzat baitaukate euskarak bizirik iraun dezan, Markel Abio (Arizkun, Nafarroa, 2004) eta Ihintza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) EHEko kideek nabarmendu dutenez. Horretarako antolatu dituzte II. Euskaltzale Independentiston Topaketak; www.ehe.eus webgunean izena ematera animatu dituzte herritarrak.

Euskaltzale independentistak batuko zarete. Zertara datoz topaketa hauek?

MARKEL ADIN: EHEn Astindu prozesua egin genuen 2019an; hor erabaki genuen topagune hau sortzea. Lehenengo topaketak 2023an egin genituen, Villabonan, eta orain, Azpeitian.

Zein dira helburuak?

IHINTZA GURRUTXAGA: Bi helburu nagusi dituzte. Bat: Euskal Herri osoko euskaltzale independentistak batzea eta saretzea. Bi egunez edukiko dugu aukera elkar ezagutzeko, bakoitza bere tokitik zer egiten ari den jakiteko. Eta bi: topaketa hauek bi urtean behin egitea da asmoa, eta topaketen bidez aztertu nahi da egun zein diren erronkak, mehatxuak, aukerak... Eta zehaztu nahi da 2026an eta hemendik bi urtera begira zein diren Euskal Herrian Euskaraz-en lehentasunak. 

Aurkezpenean esan zenuten helburuak lehenengo topaketako berberak direla, baina abiapuntua ez. Zer aldatu da 2023tik?

ABIO: Helburuek berberak izaten segitzen dute, baina orain beste testuinguru batetik abiatzen gara; hori islatzen du egitarauak ere. Adibidez, ostiraleko mahai inguru nagusia arrazakeriaren inguruan izango da. Eskuin muturraren gorakadaren eta faxismoaren indartzearen aurrean, euskara eta independentzia ezinbertzekoak dira, eta ezin ditugu ulertu bata bestearengandik banatuta. Gero, azken hilabeteetan intersekzionalitatea bultzatu dugu, ulertuta euskararen borroka ez dela bakarrik joango, baizik eta bertze borrokekin batera.

GURRUTXAGA: 2023tik lortu da oldarraldiaren kontzeptua sozializatzea ere, eta euskararen auziak ere 2023an baino leku handiagoa du agendan; halere, ez da nahikoa, eta EHEkook behin eta berriz aldarrikatzen dugu euskara erdigunean jartzeko beharra, bai herri mugimenduetako eragileek eta euskaltzaleek, baita instituzio publikoek ere. Eta azken hilabete hauetan Kontseiluaren bidez pizkundea behar dela bereziki azpimarratu da, eta uste dut 2023an ere bazegoela pizkunde berri horren beharra, baina orain jada hitza jarri dugula eta euskaltzalean masiboki antolatzeko behar hori ere jarri dela lehentasun gisa. Gero, EHE bera ere indartsuago dago, bai kide kopuruari dagokionez bai gizarte mailan beste leku bat lortu dugulako. 

ABIO: Euskaldunen kontrako olatu erreakzionario batean gaude, eta uste dut horri erantzuteko beharrak ere eragin duela EHE indartzea.

«Azalberrituta datoz munstro zaharrak». Hala esan zuten zazpi gazte euskaltzalek Korrikaren amaierako mezuan. Zeintzuk dira munstro horiek? Eta aurre egin ahal dakieke independentziarik gabe? 

ABIO: Munstro horiek Espainia eta Frantzia dira, etengabe ari baitira gure herria zapaltzen, eta gure herria zapaltzeak ekartzen du hizkuntza zapaltzea, ekartzen dugu xenofobia, faxismoa...

GURRUTXAGA: Eta azalberritutako munstro edo etsai horiek frantziar eta espainiar egitura horien baitan sortzen dira; markoa haiek jartzen dute.

ABIO: Independentziarik gabe, ezingo ditugu gainditu.

GURRUTXAGA: Ez, euskara ez dugu iraunaraziko independentziarik gabe.

Euskararen aldeko pizkunde baten beharra aipatzen ari da euskalgintza aspalditxoan. Zer ekarpen egin asmo duzue EHEkoek?

GURRUTXAGA: EHEk sorreratik eduki ditu ardatz euskaltzaleen aktibazioa, ekintza zuzena, kaleko mobilizazioa. Uste dut pizkunde honetan EHEk egin dezakeen ekarpenik garrantzitsuena horixe dela, euskararen borroka kalera ateratzea, euskaltzaleei antolatzeko espazio bat ematea. 

ABIO: Behar dira beste hizkuntza politika batzuk, eta EHEren funtzioa hor da kalea astintzea eta presioa egitea, beste politika batzuk egiteko edo, behintzat, jarrera batzuk aldatzeko.

egitaraua

APIRILAK 24, OSTIRALA. 

  • 18:00–20:00. Ongi etorri Euskararen Errepublikara.
  • 20:30. Kontzertu akustikoa.
  • 22:00. Pala partidak.

APIRILAK 25, LARUNBATA

  • 10:00-12:00: Euskaratik Independentziara mahai inguru nagusia.
  • 12:30: Joaldunak.
  • 13:00: Ekitaldi politikoa.
  • 14:00: Bazkaria.
  • 16:00-19:00: Tailerrak.
  • 19:00: Musika kalean.
  • 22:00: Kontzertuak: Tapia eta Leturia Band eta Maruxak.
  • Ondoren: DJak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA