Euskaraz bizitzeko eskubidea eztabaida soziopolitikoaren erdigunean kokatzeko eskatu du Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Bide horretan akuilu izan nahi du Kontseiluak. «Herritar andanak aldarrikatzen du hori, eta aurten bide horretan pausok eman daitezen lan egingo dugu».
Kontseiluak urteko batzarra egin zuen atzo, Altsasun (Nafarroa). Bertan, iazko urteko lanaren balorazioa egitearekin batera, aurten garatuko dituzten lan ildoak zehaztu zituzten. «Herri mugimenduak bultzatuta, euskararen normalizazioan aurrerapauso handiak eman dira urte hauetan. Baina oraindik helburura heldu ez garenez, indar handiagoz lan egitera dei egiten dugu». Elkarrekin lan egiteko beharra nabarmendu du Bilbaok. Baina, horrekin batera, ezinbestekoa ikusten du norbanakoen aktibatzea ere. «Euskararen normalizazioan guztiok dugu zeregina. Bakoitzak bere esparruan jomuga dugun normalizazioan pausoak eman daitezen eragin dezakegu».Hala egiten dutenek Kontseiluaren eta oro har euskalgintza osoaren babesa izango dutela adierazi du.
Azaroan aurkeztu zuen Kontseiluak egoeraren inguruko azterketa, Iruñean egindako Euskararen unibertsoak pauso bat harago jardunaldietan. Bost esparru aztertu zituzten: hezkuntza, helduen euskalduntzea, lan mundua, hedabideak eta euskara elkarteak. Euskara herri osoan ofiziala ez izateak dakartzan eragozpenak, euskararen normalizazioaren inguruan erakundeen aldetik ematen den irudi faltsua, lan mundua eskualdatzeko nazio osoko politikarik ez izatea, euskara eta euskal kultura lehentasun gisa ez hartzea eta euskalduntzearen biziberritze erritmoen moteltzea aipatu zituzten arazo nagusi gisa jardunaldietan parte hartu zuten adituek. Horiek hausnartu ostean, normalizazioren bidean «beste baldintza politiko batzuk» eskatu zituzten; pentsaera aldaketa bat. Bide horretan, datozen hilabeteetarako lanaren plangintza zehaztua du Kontseiluak, eta aurki emango ditu jakitera abian jarri asmo duen dinamikaren nondik norakoak.
Aitortza Mendigureni
Bestalde, Kontseiluko bazkideen batzarrak aho batez onartu du Xabier Mendiguren Bereziartu erakundeko ohorezko lehendakari izendatzea. Hamar urteko jardunaren ondoren, iazko apirilean utzi zuen Kontseiluko idazkari nagusiaren kargua Mendigurenek. Urte hauetako lanaren esker gisa oroigarria jaso zuen atzoko batzarrean Mendigurenek. Izan ere, urte hauetan Kontseiluak hasitako ekimen guztien parte izan da, eta sorreratik ezagutzen ditu erakundearen jarduna eta nondik norakoak.
Euskara eztabaida soziopolitikoaren muinean sartzeko eskatu du Bilbaok
Kontseiluko idazkari nagusiak elkarlanaren eta aktibatzearen beharra azpimarratu du urteko batzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu