EUSKARA

Euskara, gaztelania eta ingelesa jakiteari antzeko garrantzia ematen diote herritarrek

Euskarari buruzko jarreren eta iritzien inguruan inkesta egin du Eusko Jaurlaritzak. Herritar gehienek egin dute elebitasunaren alde, eta ontzat jo dute euskara sustatzeko politikak egitea. Hona hemen, hamar puntutan, emaitza nagusiak.

Patxi Baztarrika sailburuordea eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, ikerketa aurkezten. JON URBE, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 30a
13:59
Entzun

Herritarrek interesa agertzen dute euskararen gainean, baina ez dute uste euskara bakarrik hartu behar denik kontuan. Elebitasunaren aldeko dira. Ondorio hori atera du Eusko Jaurlaritzak euskarari buruzko jarreren eta iritzien inguruko inkestatik. “Elebakartasuna gehienentzat iraganeko aukera zaharkitua da”, adierazi du Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Iñaki Martinez de Lunaren zuzendaritzapean egin dute azterketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hona hemen, alorrez alor, ondorio nagusiak:

1. Interesa. Herritarrei galdetu dietelarik, gehienek erantzun dute badutela interesa euskararekiko: %69k. “Argi-ilunak” ditu datuak, ordea: %30ek interes txikia dute, edo batere ez. Hor ikusi du hutsune bat Baztarrikak: “Badago zer hobetua”.

2. Garrantzia. Hizkuntzak jakiteak nolako garrantzia duen galdetuta, antzeko emaitzak lortu dituzte. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jakitea garrantzitsua da %95 ingururentzat; parekoa da emaitza hiru hizkuntzen kasuan. Zehatz galdetu dietenean nork duen besteak baino garrantzi handoagoa, lautik hiruk erantzun dute euskarak gainerako bien garrantzi bera duela. Bide horretatik, herritarren %83k diote komenigarria dela gehienek euskara ikastea.

3. Abantailak. Euskara ikastea zertarako den onuragarri, bi ildo nagusi aipatu dituzte: aukera gehiago zabaltzen dituelako eta integratzen laguntzen duelako. Prestigioari buruz ere galdetu dute, baina gutxiago dira euskaraz prestigioa ematen duela diotenak —gehienek erantzun dute baietz, hala ere: %47k—.

4. Diskriminazioa. Hizkuntzagatik diskriminatuta ez dira sentitu herritar gehienak: %75. Baina diskriminatuta sentitu direnak hizkuntzagatik bereizita jartzean, aldaketa nabari da: euskaldunen artean, hirutik batek adierazi du noizbait sentitu dela diskriminatua; erdaldunen artean, bostetik batek.

5. Erabilera. Etorkizunean euskarak nolako lekua izan beharko lukeen galdetuta, elebitasunaren aldeko mezua gailendu da. Euskaraz eta gaztelaniaz, bietan egitearen aldeko dira herritarren %78 —gehienak, %55, euskara orain baino gehiago erabiltzearen aldeko—. Euskaraz bakarrik egitearen alde %13 agertu dira. Baztarrika: “Euskara gaztelaniaren parean nahi dute gehienek. Herritar elebidunez osatutako gizarte elebiduna izan”.

6. Hizkuntz politika. Euskararen bultzatzeko politika publikoak egitearen alde agertu dira herritar gehienak: lautik hru. Aurkako galdera ere egin diete, zentzugabea ote den euskara bultzatzeko ahalegina egitea, eta ezetz esan dute %80k. Erdaldunek ere euskara bultzatzen parte hartu beharko luketela diote %87k.

7. Lan arloa. Euskarak lan mundurako atea zabaltzen duela uste dute herritar gehienek. Areago joan dira inkestan: lanpostu batzuetan euskara “exijitu” behar den galdetuta, baietz esan dute %71k. Bezeroek nahi duten hizkuntza erabiltzeko eskubidea errespetatu behar dela %90ek diote.

8. Oinarriak. Euskarararen garrantzia aztertzeko galderetan, gehienak harro agertu dira Euskal Herriak euskara duelako —%84—, eta euskara galtzea axolako litzaiekeela diote %94k. Ez dute uste, gainera, euskara abertzaleen kontua solik denik —%80k diote hori—. Euskal herritar izateko euskara beharrezko ote den galdetuta, zatiketa ageri da: baietz diote %45ek, eta ezetz beste horrenbestek.

9. Errespetua. Erdaldunen eta euskaldunen artean errespetua bultzatu behar dela uste dute herritar gehien-gehienek: %93k. Ildo horretatik, adierazi dute euskaldunek ulertu behar dutela pertsona askok euskara ezin ikasi izana —%80 dira iritzi horretakoak—, eta erdalunek onartu behar dutela euskaldunek euren artean euskaraz egitea —%71 dira iritzi horretakoak—.

10. Adostasuna. Herritar guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen akordio bat garrantzitsua ote litzatekeen galdetuta, baiezkoan dira gehianak: %86. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.