Madrilen bizi eta euskara ikasi nahi dutenek gero eta zailagoa izango dute. Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialean euskara irakasten ari diren irakasleen kopurua bitik batera jaistea erabaki du Madrilgo Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Departamentuak, dekretu bidez. Berdin jokatu du katalaneko irakasleen kopuruarekin. «Egoera oso kezkagarria da. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera departamentuak bermatu beharko duen bakarra irakasle bat egotea da. Eskaria egonda ere, ez du zertan bigarren bat jarri, nahi ez badu. Hor dago benetako arriskua», nabarmendu du Jorge Etxaguek, Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakasleetako batek. Maiatzean jakinaraziko du Madrilgo Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturterako irakasleen kopurua. Ordura arte ez dute jakingo zein den beraien etorkizuna.
Bi tokitan ematen dituzte egun euskara eskolak Madrilen: Euskal Etxean—HABEren sustapenarekin— eta Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialean. «Madrilen 30etik gora hizkuntza eskola ofizial daude, baina gurean bakarrik irakasten da euskara», azaldu du Etxaguek.
1985ean sortu zen Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialean Euskara Departamentua, Katalan Departamentuarekin batera. «Ez nekerik gabe, gainera». Harrezkero, 3.000 ikasle aritu dira bertan euskara ikasten. «Horrek erakusten du eskaria, behintzat, badagoela. Guk argi ikustendugu hori. Ikasle falta ez da erabakiaren atzean dagoen arrazoia».
Bere lan etorkizunagatik duen kezkatik harago, Etxaguek uste du erabakiak «de facto» ekarriko lukeela Euskara Departamentuaren desagertzea. «Euskara ikastea guztiz gauza testimoniala bihurtuko litzateke».
Etxaguek nabarmendu du, gainera, egun lanez lepo daudela. «Bi irakasleok sei mailatan eman behar ditugu eskolak, azterketak prestatu eta zuzendu...». Irakasle bakar batentzat lan karga hori guztia gehiegizkoa dela uste du; are gehiago, ezinezkoa. «Azterketak egiteko ere bi irakasle behar dira gutxienez tribunala osatzeko». Egun 90 ikasle inguru ari dira bertan euskara ikasten. «Irakasle bakar bat balego, askoz ikasle gutxiagorentzat egongo litzateke lekua, eta hori ez da bidezkoa. Egun, maila guztietan ditugu ikasleak».
Baina horrekin batera, kezkagarriena iruditzen zaiona zera da: ez dietela argitu erabaki hori zergatik hartu duten. «Susmoa dugu krisiaren ondorioz izaten ari diren murrizketekin lotuko dutela, baina, oraingoz, ez dakigu ezer. Ofizialki ez digute azalpenik eman».
Euskara eta katalan departamentuetan ez ezik, daniera eta nederlandera departamentuetan ere izan dira murrizketak. Hori dela eta, orain egun batzuk irakasle guztiak bildu ziren egoera aztertzeko.
Guztiei kezkagarria iruditzen zaie gertatzen ari dena, eta, hala, Madrilgo Hezkuntza Departamentuari kexa bat helarazi diote. «Behintzat, esan diezagutela zergatik egiten duten». Etxaguek azaldu du beraiek Eusko Jaurlaritzarekin ere jarri direla harremanetan egoera azaltzeko.
Euskal Etxeko aukera
Madrilen dauden beste hizkuntza eskola ofizialetan euskara irakasten ez dela kontuan hartuta, Euskal Etxea da euskarazko eskolak eskaintzen diren leku bakarra. Eskolak jasotzeko ez da zertan Euskal Etxeko bazkide izan. HABEko azterketa ofizialak egiteko aukera ematen dute; baita Internet bidez ikasi ahal izateko aukera ere, eskoletara joateko zailtasunak izanez gero.
Mintzalaguna programa ere badute, eta Bartzelonako Euskal Etxearekin elkarlanean, gainera, urtero barnetegi batera joateko aukera ematen dute. Larunbatero, Euskaltegi Txiki ekimena antolatzen dute.
Euskara ikastea zail, Madrilen
Madrilgo Erkidegoak bitik batera jaitsi du irakasle kopurua, euskara irakasten den hizkuntza eskola ofizial bakarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu