Eusko Jaurlaritza. 2013ko aurrekontu proiektua

Euskara ikasteko diru laguntza berreskuratuko du Uriartek

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak berretsi du «aurrekontu sozialak» prestatu dituztela

Maizpide euskaltegian, euskara ikasleak, beharrean. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskaltegi publiko edo homologatuetan euskara ikasi eta maila gainditzen duten ikasleentzako laguntza berreskuratuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak. Aurreko legegintzaldian laguntza kendu zuen, eta euskaltegi publiko zein pribatuen kritika gogorrak jaso. Ordea, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak jakinarazi du 2013ko aurrekontu egitasmoan 700.000 euroren diru funtsa gorde duela laguntza hori berriro abiarazteko.

Halaber, Eusko Legebiltzarrean egindako azken agerraldian egin zuen bezala, Uriartek Hizkuntza Politikaren garrantzia nabarmendu zuen atzo, bere saileko aurrekontuen aurkezpenean. Aurrekontuetan euskararekiko konpromisoa «ikusi eta frogatu» daitekeela gaineratu zuen. Aurrekontu egitasmoak euskaltegiei bideratutako diru sailak mantentzen dituela berretsi ere zuen. «Euskareren gizarte erabilera sustatzeko oinarrizko ekintza bakar bat ere ez dugu ahaztuko», nabarmendu zuen. Horrez gain, sailburuak euskarazko hedabideak sustatzeko diru sailak mantentzeko konpromisoa berretsi zuen.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak atzo Eusko Legebiltzarrean azaldu zuen aurrekontu proiektua onartuz gero 2012an baino 294,5 milioi gutxiagoizango dituela aurten. Ordea, Cristina Uriartek berretsi egin zuen aurretik Iñigo Urkullu lehendakariak esandakoa. «Aurrekontu sozial bat izan da gure helburua, oinarrizkoena bermatuko duena, gure sailari dagozkion zerbitzu oinarrizkoenak bermatuko dituena, pertsonak dituena lehentasun nagusi», azaldu zuen Cristina Uriarte sailburuak.

Zentzu horretan, sailaren lan taldeari eusteko asmoa agertu zuen Uriartek, eta gogorarazi zuen langileei dagokion kapituluan ez dagoela murrizketarik. Jakinarazi zuen sailak kudeaturiko hamar eurotik ia zortzi langileei zuzentzen dizkietela; lan baldintzak mantetzearen alde agertu zen sailburua: «Mantentzen ditugu indarrean dauden akordioak: ratioak, ordezkapenak, soldatak eta eskola-orduak».

Egungo obrak bukatu

Bestetik, azpiegituretan egindako inbertsioa jaitsi arren, abian diren lanak bukatuko dituztela aurreratu zuen Uriarte. Halaber, azpiegituren plan berri bat egiteari ekiteko asmoa agertu zuen, eta horretarako, lehentasunen ildotik abiatuta, beharrezko diren lanak egingo dituela erantsi. Miren Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak nabarmendu zuen plan horrek «lehentasunak finkatzeko» balioko duela.

Hezkuntzari dagozkion programetan —Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa— «oreka» lortu dutela adierazi zuen Uriartek, eta programa batek ez dituela besteak baztertzen. Are gehiago, aurrekontu egitasmoan alor batzuk indartzen direla nabarmendu zuen, heziketa bereziari dagozkion laguntzak kasu. Halaber, itunpeko ikastetxeekiko harremana mantenduko dela zehaztu zuen —%1 jaitsiko da diru sail hori—. Juanjo Agirrezabala EH Bildukoak kritikatu egin zuen hezkuntza publikoan mozketak egin diren bitartean diru sail horri eutsi izana: «Marra gorriak pasatu dituzue».

Diru laguntzei dagokionez, eta legebiltzar talde gehienek kontrakoa leporatu zioten arren, Uriartek defendatu zuen bekak mantentzen direla. Iaz 55 milioi euroren diru sailak aurreikusi zituzten arren, azaldu zuen diru horretatik 53 milioi euro erabili zituztela, eta, horrenbestez, diru sail hori jarri dutela aurten. Halaber, garraiorako eta jantokietarako laguguntzak ere mantenduko dituztela azaldu du.

Kulturan, sektorearen ehuna sendotzea bilatu duela zehaztu zuen, kultur elkarte profesionalei babesa emanez. Bono Kulturari dagokionez, urte osoko iraupena duen egitasmo bertsua abiarazteko asmoa agertu zuen Uriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.