2007an egin zuen Eusko Jaurlaritzak, propio finantza erakundeekin lanketa bat eginda, euskara sustatzeko neurriak bideratzeko lehen lankidetza hitzarmena. Ordutik egin den bidea nabarmenduta, lankidetza horren beste emaitzetako bat aurkeztu dute gaur Bilbon, Bizkaia plazan: Etekin mintzaldi zikloa. «Aktualitateko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzea» da topaketa horien helburua, eta irailaren 25ean, urriaren 23an eta azaroaren 20an egingo dituzte. Aurkezpenean parte hartu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok, eta euskara «kalitate» seinale dela gogora ekarri.
Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuarekin, Bankoa Abancarekin, Caixabankekin, Kutxabankekin, Laboral Kutxarekin eta Rural Kutxarekin hitzartua duen itunaren bidez egin ahal izango dira solasaldiak. Horiek «harremanetarako bilgune» izatea ere nahi dute antolatzaileek, eta finantza erakundeetan euskararen aldeko atxikimendua sustatzeko egokiak izatea.
Aldasororekin batera, gaurko agerraldian argibideak eman dituzte Rural Kutxako Bizkaiko eta Arabako departamenduko buru Iratxe Sainzek eta Caixabankeko ordezkari Lander Rubiok ere. Gainerako finantza erakundeetako ordezkariak ere han izan dira. Aldasorok guztiei eskertu die hitzarmenaren barruan egiten duten ekarpena, eta lanketa horretan jarraitzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du, «gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena emateko» bidea hori dela iritzita.
Mintzaldi guztiek elkarrizketa formatua izango dute. Antolaketan finantza erakunde guztiak ariko dira, Jaurlaritzarekin lankidetzan beti; baina, hala ere, propio saio bakoitzaren «koordinazioan» txandaka ariko dira gero.
Hiru saioetan aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo dela jakinarazi dute.
mintzaldiak
- Irailaren 25ean, Donostian. Kontzertu ekonomikoari buruz ariko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzako diputatu Itziar Agirre eta Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetarako zuzendari Mikel Erkoreka. Aquariumean izango da.
- Urriaren 23an, Gasteizen. Enpresen eraldaketarako funtsei buruz solastatuko dira. Europa jauregian izango da.
- Azaroaren 20an, Bilbon.Trantsizio energetikoaren gaia jorratuko dute. Bilboko Itsas Museoan izango da.