Euskara, kanporako leiho

Euskal presoei euskaraz irakasten diete hainbat irakaslek, lan militantez. Ikasketa horiek ofizial bihurtzea nahi dute, eta administrazioak bere gain hartzea.

Presoen Euskara Irakasle Taldeak abenduan Durangon (Bizkaia) egindako agerraldia. BERRIA.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Boluntario lanean, presoek eskubide behar luketena bermatua izan dezaten: euskaraz ikasi ahal izatea. Hala ari dira Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideak, 2017tik. «Kartzelan euskarari leihotxo bat zabaltzea», hori zuten helburu hastapenetan, Arkaitz Zarraga irakasleak dioenez. Halaber, euren lana administrazioak bere gain har dezan eskatu izan dute hainbatetan, baita HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak presoen ikasketak ofizialtzat hartzea ere. Ez da halakorik gertatu, ordea, eta eskaria ozendu egin zuen irakasle taldeak abenduan, Durangon (Bizkaia), agerraldi baten bidez, Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza jaso berritan. Aldarria Eusko Legebiltzarrera eramango dute aurki, bigarrenez.

Taldearen zerrendaren azken eguneraketan, 33 irakasle ari dira tutoretza ematen 37 euskal presori. 45i ere irakatsi die euskara taldeak, Zarragak zehaztu duenez; egungoa baino egoera makurragoan, gainera, ez baitzen inolako mugimendurik sumatzen espetxe politikan. «Presoak erabat sakabanatuta zeuden; ez geneukan inor euskal kartzeletan».Gertuko irakasleen artean deialdi bat zabaldu zuten, eta beste horrenbeste irakasle agertu ziren laguntzeko prest, haien «harridurarako». Hala, jarraipena eman zioten urtebete lehenago hasitako bideari —bederatzi euskal presori lagundu zieten EGA ziurtagiria lortzen—, eta, aldi berean, HABErekin negoziatzen hasi ziren, euren lanak aitortza ofiziala jaso zezan. Orduko bera da orain ere eskaria: «Presoak euskal herritarrak dira, euskaraz ikasteko eskubidea dute, eta Eusko Jaurlaritzari dagokio eskubide hori bermatzea. Horrek eskatzen du izaera ofizial bat izatea ikasketek».

Oro har, HABEk ez zuen «jarrera txarrik» erakutsi, Zarragaren esanetan, eta, are, egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik laudorioak jaso zituztela ere nabarmendu du. Hala ere, esan zieten kartzeletan irakasteko moduak «ez zuela bermatzen ikasketa prozesua behar zen bezala egingo zela». Hain zuzen, konpondu nahi dutena horixe dela erantzun zieten irakasleek, eta modua ere planteatu zuten: «Euskaltegietako ikasle guztiak daude Q87 izeneko aplikazio batean. Guk diagnostikoak egiten dizkiegu ikasle presoei, eta, beraz, aukera dugu diagnostiko horiek aplikaziora igotzeko eta ikasketa prozesua egin dela erakusten duten ebidentziak bertan islatzeko». Ahozko trebetasuna nola egiaztatu ere pentsatu zuten, espetxeetako oztopoak gaindituta. «Q87 horretan badaude hainbat epigrafe, eta eskatu genuen presoentzat beste epigrafe bat sortzea, eta irizpide batzuk esleitzea», azaldu du Zarragak. Aukera hori iraileko deialdirako prest izatea nahi luketela erantsi du. Aplikaziora presoen jarraipen diagnostikoak kargatzeko aukera ematea litzateke, ez besterik.

Online ikasketak egin ahal izateak ere aukera hori erraztuko lukeela uste du Zarragak, borondaterik balego. Bestelako ikasketa batzuetan bada horretarako aukera kartzelan, gogoratu duenez, eta esan du hori hasieratik defendatu duela irakasle taldeak ere. «Programa bat ezar diezaiekegu ikasleei; ekintza didaktiko batzuk planteatu eta eurek horiei jarraitu: audioekin, bideoekin... Eta, noizean behin, aurrez aurreko tutorizazioak egin». Bideo deiak egitea ezinezkoa dela esan izan dietela esan du, baina argudio hori egun «aitzakia» dela uste du:«Pandemiak erakutsi digu posible dela kartzelan bideo deiak egitea».

Traba tekniko horiek konpontzeko borondatea politikoa da, ordea, irakasleak gogoratu duenez. Halaber, zuzeneko eragina izan dute espetxe politikan azken urteetan izandako aldaketa nagusiek: euskal preso asko hurbildu izanak eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu izanak. Bi bide orri planteatu ditu irakasle taldeak, aldaketon ondorioz. «EAEko kartzeletatik kanpo daudenekin planteatzen dugu bermatu behar zaiela euskara ikasteko duten eskubidea, eta hori nolabait negoziatu behar da Espainiako Gobernuarekin eta Espainiako Espetxe Erakundearekin».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzeletan, berriz, Jaurlaritzak planteamendu berezitua egin beharko lukeela uste du Zarragak: «Prest gaude preso hauekin aurrera jarraitzeko, baina uste dugu Eusko Jaurlaritzak horri beste buelta bat eman beharko liokeela. Ez bakarrik preso politikoen kolektiboan dauden presoekin; preso guztiekin egin beharko litzateke euskaldunduak izateko programa bat».

Presoentzat «arnasgune»

Aurrerapenok lortuz gero, aldaketa ez litzateke nolanahikoa izango. Izan ere, ez da samurra kartzeletako ikasketa prozesua, Zarragak aitortu duenez: ikasketa materiala gutunen eta senideen bidez bidaltzen eta jasotzen dute, eta tutoretza saioak bisitetan egin dituzte;zenbait kasutan, presoa bisitatzen duten hamar laguneko zerrendako beste norbaiti horretarako aukera kenduta. «Mintzaegietan egoten dira 40 minutuz, oso entzumen baldintza eskasekin, eta ezin izaten dugu inolako materialik sartu; ez koadernorik, ez boligraforik».

Trabak traba, ikaste prozesua presoentzat «arnasgunea» dela nabarmendu du Zarragak: «Euskal Herriarekiko eta euskararekiko loturari eusteko oso-oso baliagarria izan zaie». Horrek bultzatzen ditu ikastera batez ere, haren arabera, baina, aldi berean, titulu bat izateak ere motibatzen ditu. Horrek guztiak eragina du emaitzetan, haren esanetan, eta baita haien profilak ere: «Badakigu ez direla ohiko presoak, gaitasun handia daukatela. Gainera, denbora dute, eta ohituta daude idazten eta irakurtzen».

Hala ere, Zarragak uste du «euskalduntzeko» modua preso guztiei eman behar litzaiekeela. «Euskaltegiei ateak zabaldu behar zaizkie, barrura sar daitezen. Horrek onurak ekarriko lizkioke helduen euskalduntzeari, baita presoen gizarteratzeari ere». Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gaiari «serio» hel diezaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.