«Ukaezina da gaur egun alor sozioekonomikoak edo lan munduak gure bizitzan duen leku handia. Gure bizitzan eragiten duen esparrua izanik, pentsatu dugu: nola eragin dezakegu guk lan munduaren euskalduntzean? Bada, badira eragile batzuk zeresan eta zeregin berezia dutenak horretan: bezeroak, langileak, enpresak eta administrazioa». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao mintzatu zen atzo era horretan. Adierazpenak egiteko ezohiko toki batean solastatu zen: arropa denda batean. Hain zuzen ere, Donostiako Zergatik jantzi denda hautatu zuten Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bereziki kontsumitzaileak ardatz hartu nahi dituen baliabide berri bat aurkezteko: Baduzu kluba. Kontsumo ohitura eta eredu berriei ekarpena egiteko sortu dute, ideia nagusi bat ardatz hartuta: «Euskaraz kontsumitzea ere kontsumitzaile irizpidedunen ezaugarri da».
Euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak ehuntzea eta harremanetan jartzea du helburu tresna berriak, eta www.baduzu.eus webgunean jada 4.000 establezimendutik gora daude sailkatuta; batetik, Bai Euskarari Ziurtagiria duten establezimendu guztiak sartu dituzte barruan, eta, halaber, erabiltzaileek —horretarako aurrez erregistratuta— badute bestelako saltokiak sartzeko modua, baita establezimenduen gainean iruzkinak egitekoa ere. Izan ere, Bilbaok argi utzi zuen baliabide hori prestatuta dagoela kontsumitzaileak hauspo eta motor izan daitezen: «Herritarrak jarri nahi dira erdigunean, euskaraz bizi nahi duten herritarrak». Era horretan, euskarazko kontsumo aktibitatea eraiki eta aktibatzea da asmoa, eta herritarrak sentsibilizatzea, senti dezaten «kalitatezko kontsumoaren ikur eta irizpideetako bat» dela euskara. Herri eta eskualdeka ere joan nahi dute baliabide berria aurkeztuz, horietan jada lanean dauden kontsumo taldeekin harremana izateko. Tresna berriari esker Bai Euskarari ziurtagirien muinean dagoen xedeetako bat lortzeko urrats gehiago egingo direla adierazi zuen Rober Gutierrezek: «Euskarak gure enpresa eta establezimenduetako zerbitzuetan zein balio duen esatea ahalbidetuko du».
Akuilari aplikazioa
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Akuilari aplikazioaren bidez jasotzen ditu herritarrek euskara erabili ezin dutela-eta egiten dituzten kritikak, eta tresna berria aplikazio horrekin lotuta dago, kontsumitzaileek ahalik eta informazio osoena izan dezaten. «Akuilariren bidez establezimendu batek kexa edo zoriona jasotzen duenean, informazio hori,establezimendu horrek eskaini duen aukera edo traba, Baduzun agertuko da», azaldu zuen atzo Petriatik. Era horretan, informazio osoa nahi dute, eguneratua,eta erabilgarria: geolokalizazioari esker, erabiltzaileak gertuen dituen establezimenduei buruzko informazioa jasoko du aurrena.
Kontsumitzaileek, esaterako, sailkapenaren goi-goiko mailetan ikusiko dituzte Zergatik markako arropa dendak; atzo, Donostiakoan, bertako diseinatzaile Ianire Soraluzek argi utzi zuen zer-nolako onurak dakartzan dendetan seinaleak eta arta euskaraz bermatzeak —webgunean ere euskaraz dihardute—. «Gure bezeroek eskertzen duten zerbait da, eta atzerritarrek zerbait positibotzat jotzen dute».
Euskara kontsumo irizpidea da
Kontseiluak, Behatokiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak aurkeztu dute Baduzu, euskarazko salerosketak sustatzeko kluba. 4.000 establezimendutik gora ditu sailkatuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu