Euskara nola maitarazi

Euskara biziberritzeko ildo diskurtsibo berriak aztertu dituzte zenbait adituk Iruñean, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako jardunaldi batzuetan.

Jendetza, atzo, Euskaltzaleen Topaguneak Iruñeko Kondestablearen jauregian eginiko jardunaldietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jendetza, atzo, Euskaltzaleen Topaguneak Iruñeko Kondestablearen jauregian eginiko jardunaldietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Baztanen euskara sustatzeko erabiltzen diren argudioek berdin balio al dute Castejonen? Eta Iruñean? Euskararekin inolako harremanik izan ez duten komunitateek nola hartzen dituzte normalizazio linguistikoaren aldeko neurriak? Nola eragiten du egoera soziopolitiko orokorrak diskurtso euskarafobikoetan? Eta, beste ororen gainetik, nola aldarazi daiteke egoera, erdaldunak euskarara hurbiltzen hasteko? Galdera horien guztien inguruan gogoeta egin zuten atzo zenbait adituk, Topaguneak Iruñean antolatutako Gero eta aldeko gehiago jardunaldietan.

Goizeko lehen saioan, jarreren eta erabileraren arteko harremanaz hitz egin zuen Eduardo Apodaka EHUko irakasleak, Harreman, praktikak eta afektuen zirimolak izenburupean. Marina Masseger soziolinguista katalanak, berriz, hainbat argudio eskaini zituen hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen inguruko interesik ez dutenekin lantzeko. Horren ostean, euskararen inguruko ildo diskurtsibo berriak eztabaidagai izan dituzte Amaia Nausia Pimoulier historialari eta irakasleak, Carlos Vilches NUPeko irakasleak eta Cristina Oses soziologoak, Uxue Rey Gorraiz Berriako kazetariak eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko zuzendariak gidatutako mahai inguruan.

«Euskararen aldeko ohiko diskurtsoek, sarritan, ez dute funtzionatzen Erriberan», laburbildu zuen Osesek. Azkoiengo eta Erriberako mugimendu euskaltzalean aritua da, eta ezaguna du hango errealitate linguistikoa. «Mugimendu euskaltzalea sutsuki militantea da: gatazka politikoak identifikatu eta konponbideak proposatzen ditu, baina zer gertatzen da euskara inoiz entzun ez duten tokietan? Han, euskara sustatzeko neurrien falta normala da, ez dute sumatzen gatazka politiko baten gisara. Berdin zaie». Halakoetan euskalgintzak helburuak eta estrategiak «egokitu» beharko lituzkeela uste du soziologoak: «Helburu txikiagoak edo irisgarriagoak jartzea ez da euskara despolitizatzea; kontrara, seme-alabak D ereduan matrikulatzeko edo euskal kulturara hurbiltzeko erabakiak sakonki politikoak dira, eta duten balioa aitortu behar zaie».

Euskararen aurkako jarreren auziari dagokionez, «egoera soziopolitiko eta ekonomiko orokorra aintzat hartzea» galdegin zuen Carlos Vilches NUPeko Soziologia irakasleak. Azaldu zuen, datu hutsez harago, beharrezkoak direla metodologia eta ikerketa kualitatiboak ere: «Badirudi gero eta gehiago direla euskararen kontra daudenak, baina jarrerak ez dira diruditen bezain zurrunak. Topagunearen eztabaida prozesuan, adibidez, etorkin askok aipatzen zuten euskal komunitatea oso itxitzat zeukatela, eta informazio gehiago behar zutela, hurbiltzen hasteko».

Dikotomiatik askatzen

Amaia Nausia historialari eta irakasleak uste du «bi identitate nazionalen arteko talka» dagoela euskararen inguruko eztabaidaren oinarrian: «Identitate nazional espainolaren aldekoek interpretatu dute euskararen sustapenak botoak ematen dizkiela abertzaleei, ideia faltsua izan arren». Horregatik, «dikotomia horretatik askatzea» proposatu du, «kalitateko bizikidetza» eraikitzen hasteko. Euskararen gaineko kontsentsuak hezkuntzatik eraikitzearen alde azaldu da, gainera: «Euskarak derrigor egon behar du hezkuntza sistema osoan, neurri batean ala bestean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.