Iazko otsailean, elkargoa sortu berritan, hizkuntza politikaren eskumena Euskal Elkargoaren esku utzi zuten herriko etxeek. Hizkuntza politikarako proiektua prestatzen aritu dira ordutik, eta babes zabalarekin onartu dute gaurko bilkuran: aldeko 145 boto, aurkako 18 eta 22 abstentzio.
Euskal Elkargoak "ofizialki" aitortu ditu euskara eta okzitaniera. Lehen aldia da Ipar Euskal Herriko erakunde batek gisa horretako adierazpen bat egiten duena. Horrekin batera, hizkuntza politikarako proiektua onartu dute hautetsiek, Euskara jalgi hadi plazara izeneko dokumentua. Alorrez alor hartu beharreko neurriak jaso dituzte dokumentu horretan. Funtsean, oinarria da "frantsesaren alboan" euskarazko zerbitzuak bermatzea. Horrekin batera, euskarazko eskaintza zabaltzea dute helburu —bereziki irakaskuntzan—, eta herritarrak sentsibilizatzea.
Dokumentuan bertan aitortu dute zailtasunak izan daitezkeela bide horretan: "Nahiz eta baldintza guziak beteak izan, oztopo juridikoek hizkuntza politikaren garapena traba dezakete". Urteotan agerian geratu dira oztopo horietako batzuk: langileei euskara eskakizunik jarri ezina, ikastolei laguntza emateko eragozpenak... Horiek gainditzeko, lege muga horiek lausotzeko proiektu bat lantzen hasiko da elkargoa, esperimentazioaren bidetik: proiektua taxutu, eta Parisi aurkeztuko dio, hark onartu behar baitu esperimentazioa.