EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Bilboko Udalak gerarazi egin behar dituela udal enpresetako euskara planetarako abiarazita dituen «pribatizazioak». ELA sindikatuak abiatutako auzibide bati emandako erantzuna da epaia, eta sindikatuak ezagutarazi du. ELAren arabera, azpikontratazioak gerarazi behar direla esateaz gain, sententzian zera jaso dute era berean, euskararen sustapenerako teknikari lanpostu gehiago sorrarazi behar dituela Bilboko Udalak, eta aurrerabideak egin behar dituela erakundearen «benetako euskalduntzean».
Sindikatuak azaldu duenez, egun bost euskara teknikari eta bost itzultzaile ari dira Bilboko Udalean beharrean. Alderaketa bat egite aldera, Donostiako eta Gasteizko udaletan zenbat ari diren zenbatuta, apalagoa da Bilboko kopurua, bertako populazioa handiagoa bada ere. Egoera horretan «azpikontratazioaren» alde egitea ez du egokitzat jotzen ELAk: zerbitzu publikoak «indartzera» egin beharko luke Bilboko Udalak.