Herriko bozetara aurkezten diren zerrendak programak prestatzen laguntzea, eta euskararen aldeko hizkuntza politikak garatzeko duten borondatea neurtzea. Bi helburu horiek ditu Euskal Konfederazioak aurkeztutako Euskararen Barometroak. Hogei neurri bildu dituzte, bost lan ardatzetan banatuak. Eta tokian tokiko zerrenda bakoitzari nota bat emanen diote, agertuko duen engaiamenduaren arabera; hauteskundeak iragan ondoren ere herriko etxeen politikak neurtzeko balioko du.Â
Mintegia egin zuen Euskal Konfederazioak joan den larunbatean, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean. Barometroa aurkezteaz gain, orain arte herriko etxeekin hizkuntza politikaren arloan eraman izan diren lanketak ere izan zituzten hizpide.Â
Azken urteetan Hobekuntza kontratuak landu izan dituzte nagusiki. Euskal Konfederazioak abiatu zituen partaidetzak herriko etxeekin; 2004an, EEP Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenean, bere gain hartu zituen; eta Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen ditu gaur egun. «Helburua da herriak izan dezan zerbitzu elebiduna publikoari begira», esplikatu zuen Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Herriko etxeak baliabideak antolatzen laguntzen ditu Elkargoak: agente euskaldunak lortzen lagundu eta prestakuntza bermatu, dokumentu elebidunak, seinaletika elebiduna... «Urrats txikiak dira, baina horiek guziek, batuta, jarrera aldaketak eragiten dituzte. Hautetsien buruetan presenteago da euskara, baldin eta serioski hartzen badute hobekuntza kontratu hori». Aurten, 30 hobekuntza kontratu daude indarrean. Horrez gain, beste zortzi herritan euskara zerbitzu propioak dituzte.Â
2020ko hauteskundeetan bi iniziatiba landu zituen euskalgintzak. Batetik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta, bestetik, Europako hizkuntza gutxituen tokiko ituna. Euskal Konfederazioak bigarren horri egin dio jarraipena, nagusiki, agintaldian zehar. «Europako aitortza bat ematen du, eta herri batek egiten duenari ikusgaitasun handiagoa ematen dio», iritzi dio Sebastien Castet Konfederazioko kideak. 52 herrik izenpetu zuten, eta horietarik 29k osatu dute baloraziorako balio duen segipen taula.Â
Euskalgintzaren ebaluazioa
Martxoko herriko bozetarako landu duten barometrorako, bost ardatz finkatu dituzte euskalgintzako kideek: hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, erabilpena, prestigioa eta ikusgaitasuna. Ardatz bakoitzerako lau neurri zehatz proposatu dituzte, herriko etxe batek aisa aplika ditzakeenak; hogei neurri guztira, beraz. Tokian-tokian bozetarako lehian aurkeztuko diren hautagaitzei engaiamenduak hartzeko eskatuko diete, izan bakarra, izan hogei, baina bakoitzerako zer neurri aurreikusi duten zehazteko ere galdetuko diete. «Horrek prestaketa lan bat eskatzen du, gogoeta bat; nola egin, zer heinetaraino engaiatu...», azaldu du Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko kideak. Engaiamendu eta zehaztasun horien arabera, Euskal Konfederazioak ebaluazio bat eginen du.
Zerrenda bakoitzaren engaiamenduari egin ebaluaziotik emaitza grafiko bat aterako du euskalgintzak: nota bat hogeitik, eta emaitza grafiko bat ardatz bakoitzerako engaiamendua erakusteko. «Erraza da herriko etxe batek nota ona lor dezan», Jorajuriaren iritziz.
Ondoko asteetan informazioa zabalduko dute, eta interpelazio lana eginen dute. Urtarrilean webgune bat sortuko dute, zerrenda bakoitzak galdetegia bete eta bere engaiamendua adierazi dezan. Otsailean analisia eginen dute, eta zehaztapenak behar badira, dagokionari galdetu. Martxoan eginen dute publiko herri bakoitzeko hautagaitzen engaiamenduen mapa.
BAROMETROA
Ardatza: hizkuntza politikaren baliabideak. Euskara teknikariaren postua sortu eta egonkortzea, euskara batzordea sortu eta egonkortzea, euskararentzat berezko aurrekontua bozkatzea, eta euskara plana eraiki eta bozkatzea.
Ardatza: euskararen transmisioa.Â
Herriko etxeko agenteak euskalduntzea, e
skolen euskarazko irakaskuntza eskaintza garatzea, helduen euskalduntzea laguntzea, eta lehen haurtzaroaren euskarazko harrera garatzea.
Ardatza: euskararen erabilpena.Â
Euskarazko zerbitzu eskaintza garatzea Herriko Etxean, e
uskarazko aisialdi eskaintza garatzea, elkarte eta saltegiak euskararen erabiltzera akuilatzea, eta herritarrak euskaraz mintzatzeko eremuak eta aukerak sortzea.
Ardatza: euskararen prestigioa.Â
Euskararen aldeko ekintzetan parte hartzea, agente eta hautetsiak euskararen erronkei buruz formatu eta sentsibilizatzea, herritarrak sentsibilizatzeko komunikazio kanpaina masiboak egitea, eta euskararentzat ezagupen ofiziala bozkatzea
.
Ardatza: euskararen ikusgarritasuna. Herriko komunikazioan euskara molde orekatuan erabiltzea, hizkuntza paisaia euskalduntzea, euskal hedabideetan komunikatzea, eta soinu paisaian euskara molde orekatuan erabiltzea.