Frantziako Barne Ministroaren bisita

Euskara politikatik bereizi behar dela aldarrikatu du Sarkozyk Donibane Lohizunen

Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroa Ipar Euskal Herrian da, Lapurdin. Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxera egin du lehendabiziko bisita, eta euskararen inguruko adierazpenak egin ditu han. Hain zuzen ere, euskara zaindu eta mantendu beharreko ondarea dela esan du Sarkozyk, baina haren defentsa politikatik erabat bereizita egin behar dela. Ikasle batzuk 'faxista' oihukatuz egin diote harrera, baina Poliziak berehala urrunarazi ditu Frantziako Barne ministroa zegoen lekutik.

2003ko abenduaren 19a
19:05
Entzun
Sarkozyk Donibane Lohizunen adierazi duenez, nortasunari eustea garrantzitsua da, eta nortasunaren arlotzat hartu du euskara. Ildo horretatik, euskara mantentzea garrantzitsua dela esan du, baina beti ere, hizkuntzaren defentsa politikatik bereizita egiten bada. Euskara eta politika nahastuz gero aitzinera egiterik ez dagoela azpimarratu du Frantziako Barne ministroak, eta, halaber, euskara irekitze gisa ulertu behar dela iritzi dio; hots, kultur aniztasun ezaugarri gisa, eta ez tresna sektario moduan.

Ipar Euskal Herrian izan duen lehendabiziko ekitaldi ofizialean egin ditu adierazpen horiek Sarkozyk, hau da, Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxera egin duen bisitan. Ikasle batzuk 'faxista' oihuka hartu dute ministroa, baina Poliziak urrunarazi ditu, bortitz samar.

Funtsean, honakoa da Frantziako Barne ministroa Ipar Euskal Herrira etortzen den aurreneko aldia. Ildo horretatik, Segik, Askatasunak eta EAE Eusko Abertzale Ekintzak Sarkozyren bisita gaitzetsi dute. AB Abertzaleen Batasunak, berriz, Sarkozyk "elkarrizketaren eta konfrontazioaren artean hautatu beharko duela" agertu zuen atzo.

Hain zuzen ere,Ipar Euskal Herriko aldarrikapenak "entzun gabe" egotea "konfrontazio gisa hartuko" luketela abisatu zuen Panpi Dirassar ABko kideak. "Badakigu gauzak ez direla egunetik biharamunera aldatuko. Eskatzen diogu benetako prozesu bat martxan ezartzea" adierazi zuen Andde Sainte-Mariek.Lionel Jospin Frantziako lehen ministro sozialista ohiak Korsikarentzat abiatu Matignongo prozesuaren antzeko bat proposatu zuten ABkoek. "Etor dadila aldarrikapenen neurtzera, entzutera eta prozesu bat irekitzera. Holako prozesu bat abiatzen ez duen bisita bat, mespretxua da", gehitu zuen Dirassarrek. "Gutxiengoa litzateke Batera-koekin biltzea", zehaztu zuen Sainte-Mariek.

Hiru elkarretaratze

Gutxienez hiru elkarretaratze iraganen dira gaur eta bihar, Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroaren kontra protestatzeko. Gaur, 18:00etan eta bihar 12:00etan Baionako Herriko Etxe aitzinean, Kolektiboak deiturik eginen dira bi kontzentrazio. Bihar 9:45etan, Aiziritzen, Lur Berriren egoitzan, ELBk deiturik eginen da beste bat.

Sarkozyk, berriz, agenda estua du gaur eta bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.