«Euskararen auzia agenda guztietan jarri behar dugu». Horrela adierazi du Kontseiluko presidente Oskar Elizburuk. Esan duenez, egungo prozesu politikoan euskararen normalizazioari ez zaio «dagokion garrantzia» ematen ari, eta, beraz, zeregin horixe du euskalgintzak; eragile politiko eta sozialen akuilu izatea, gatazka politikoa konpontzeko bidean euskarak zentraltasuna izan dezan. «Egungo egoerak euskararen normalizazioari ezartzen dizkion mugen kontzientzia duen neurrian, euskalgintzak eskubidea eta beharra ditu eztabaida horretan ekarpena egiteko», azaldu du.
Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena izeneko agiria idatzi du Kontseiluak, hain zuzen ere eragile politiko eta sozialen atxikimendua lortu eta euskararen normalizazioan egin beharreko zenbait urrats finkatzeko. Adierazpena atzo eguerdian aurkeztu zien Kontseiluak, Donostian. Alderdi politikoen ordezkaritza zabala izan zen aurkezpen ekitaldian; besteak beste, EAko Pello Urizar eta Nekane Badiola, ezker abertzaleko Marije Fullaondo eta Joseba Alvarez, Alternatibako Xabier Soto, Aralarreko Rebeka Ubera, EAJko Garbiñe Mendizabal eta Bilduko Juan Karlos Izagirre, Bakartxo Ruiz, Lohitzune Txarola eta Martin Garitano.
Euskalgintzako hainbat kide ere bertaratu ziren; tartean, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko arduraduna, Xabier Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolariak, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramailea.
Hizkuntzen arteko gatazkek botere gatazkak dituzte atzean, Elizbururen esanetan: «Batzuek erabakitzen dute noiz, norekin eta nola erabil edo ikas dezakegun gure hizkuntza. Batzuek, boterea erabiliz, erabakitzen dute gure herriari nola deitu behar diogun». Espainiak eta Frantziak ezarritako politiken eraginez euskaraz bizitzerik ez dagoela uste du Elizburuk, eta nabarmendu du euskararen jakite tasa beste oztopo bat dela euskaraz bizitzeko helburuan: «Txillardegik egiaztatu bezala, gainerako faktoreak alde daudela ere, %50eko erabilera lortzeko nahitaezkoa da jakite tasa %70 baino handiagoa izatea».
Egoera iraultzeko, euskarari erreferentzialtasuna ematea ezinbestekotzat jo du Elizburuk, eta eragile guztien konpromisoaren garrantzia nabarmendu du: «Bakoitzak bere instrumentua jotzen duen musika taldea da euskalgintzaren mugimendua». Hiru musikari oholtzaratu dira orduan. Hiruren doinuak bat eginez joan dira apurka-apurka, Elizbururen metafora azaltzeko. Ez da musika erakustaldi bakarra izan; Euskaraz bizi nahi dut leloa baliatuta abestu du bost kideko abesbatza batek.
Euskararen normalizaziorako eman beharreko gutxieneko pausoak pilota partida batekin alderatu ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: «Pilota partidetan lehen sakean motz gelditzeak tantoa baliogabetzen duen bezala, gatazka gainditzeko prozesuak balekoa izan nahi badu euskararen normalizaziorako gutxienekoak ere kontuan izan behar ditu». Hizkuntz normalizazioan ere, oinarrizko urratsak ezinbestekoak direla ohartarazi du Bilbaok, gero pauso gehiago eman ahal izateko: «Joko zelai berri bat behar dugu, eta bertan jokatzeko jokamolde eta oinarri berriak jarri».
Ordezkari politiko, ekonomiko eta sozialei mintzatu zaie Bilbao, euskara prozesu politikoaren agendan txertatzeko duten ahalmena balia dezaten. Berebat, oroitarazi du «herri gogoak» eraman duela euskara egungo berreskurapen mailara, eta goraipatu egin ditu herri ekimenetik jaiotako proiektu euskaltzale guztiak.
Kontseiluak bakarrik ez, herritar ugarik ere euskararen normalizazioaren alde lan egiteko eskatu diete ordezkari politiko eta sozialei. Semeetako bat organ zuela igo zen oholtzara Leire Munduate, eta adierazi du ez dituela bi semeentzat nahi Munduatek berak euskaraz egiteagatik pairatutako bazterketa egoerak eta irainak. «Niri dagokit semeen ongizatea bermatzea, eta haien eskubideak ziurtatzea nahiko nuke», adierazi du. Laguntza galdegin zienerakundeei: «Eskatzen dizuet gure hizkuntza eskubideakbabesteko».
12.560 kilometro urtean
Lorea eta Goizalde Martinez nafarrek ere hartu dute hitza. Euskaraz ikasi zuten lehen hezkuntza, Lodosako Ibaialde ikastolan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskaraz ikasten jarraitzeko, ordea, Lizarrara joaten dira egunero. 80 kilometroko joan-etorria egiten dute egunero; 12.560 kilometro urtean. Horrez gain, salatu dute Sartagudatik eta Lodosatik Lizarrara joateko garraioa herriz herri geratzen dela eta, beraz, errepidean denbora luzea igarotzen dutela. «06:15ean esnatu behar dugu ikastolara garaiz ailegatzeko», azaldu dute gazteek.
Etxetik ikastolarako tarteak eragina du denboran, baina baita alabak euskaraz hezi nahi dituzten sendien patriketan ere. Seiehun euro pagatu behar dituzte urtean Lizarran ikasteagatik. Hau da, euskaraz ikasteagatik: «Galdetzen dugu zergatik egin behar dugun horrelako ahalegina gure hizkuntzan ikasteko». Euskaraz ikastea eskubide bat dela nabarmendu dute, «egunero urratzen dena», baina ez dute haien eskubideei uko egiteko asmorik: «Ez dugu amore emango, ez guk eta ez gure gurasoek».
Euskara prozesu politikoaren agendan egotea galdegin dute
Kontseiluak adierazi duenez, prozesu politikoan ez zaio «dagokion garrantzia» ematen ari euskararen normalizazioariHizkuntza normalizatzeko gutxieneko puntuak aurkeztu dizkiete eragile politikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu