«Euskadik eta Nafarroak elkarrekin lan egin ezean, euskara eta haren normalizazioa izango dira kaltetutakoak». Iruñean esan zituen atzo hitzok Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria zuen alboan. Biak argazki bakarrean. 2009an sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek Elkarlanerako Protokolo Orokorra, eta euskara sustatzeko ituna sinatzeko elkartu ziren atzo Urgell eta Iribas. «Bikoizketak saihestu eta gastuak murriztea» da hitzarmenaren funtsa, Nafarroako Gobernuaren hitzetan; Urgellen arabera, «egun historikoa» izan zen atzokoa. «Gaizki-ulertu eta errezelo handiak izan dira urteetan, baina gainditu egin ditugu orain, bi gobernuek elkarren erakundeekiko eta erabaki autonomiarekiko errespetua dugulako, eta, hala ere, elkarrekin lan egin behar dugulako».
Sakonean, elkarren lana onartu eta partekatzea da bi erakundeek adostutako hitzarmenaren funtsa. Batek egindakoa besteak egin behar ez izatea, alegia. Euskara maila ebaluatzeko azterketak baliokidetzat joko dituzte, adibidez, erdaraz sortutako legeen itzulpen lanak partekatuko dituzte, eta elkarbanatu egingo dituzte mapa soziolinguistikoak osatzeko lortutako datuak. Dirua aurreztea da asmoa, baina «herritarren bizimodua errazteko» ere balioko dute konpromiso horiek, Iribasen hitzetan. Bederatzi alor hartzen ditu kontuan hitzarmenak, guztira: helduen irakaskuntza, hizkuntz maila zehazteko azterketak, euskararen egoerari buruzko azterketak, legeen itzulpenak, terminologia, informazioaren eta komunikazioaren teknologia, itzulitako dokumentuen memoria bankua, euskararen nazioarteko hedapena eta hizkuntzaren kultur sustapena.
«Eduki handiko hitzarmena» dela zehaztu du Urgellek. Baina, hala ere, sinatutakoaren mamia bezainbeste, ituna sinatzeko bat egin izana nabarmendu dute bi ordezkariek. Akordioaren bultzatzaileak «bi gobernu konstituzionalista» direla gogorarazi du Iribasek, esaterako. «Funtsezkoa da hori», zehaztu du. Ez da alferrikako aipamena. Bi ordezkariek aipatu dute euskara bultzatzeko elkarlanean aritzeko premia, baina behin baino gehiagotan nabarmendu dute lan hori egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate instituzionalak bereiztearen beharra ere. Eta sinatutako testuan ere ageri da kezka hori. Helduentzako irakaskuntzaren kasuan, adibidez. Eduki eta materialak elkarrekin garatu eta zabaltzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuek, baina zehaztapena ere gehitu dute: «Argi utziz Nafarroa eta EAE bi erakunde politiko, instituzional eta administratibo ezberdin direla».
Eta baldintza bera jarri dute ikerketa soziolinguistikoen alorrean ere. Bildutako informazioa trukatuko dute bi gobernuek, eta elkarrekin arituko dira lanean, baina, itunean zehazten denez, erakunde bakoitzak bere administrazio publiko propioa duela «argi eta garbi» ezarriko da ikerketa lan horien emaitzetan.
Iribasen arabera, oso hitzarmen garrantzitsua da euskararen sustapenari buruzkoa: «Kultur ondare hori zaindu eta sustatzea da gure egitekoa». Berriz ere elkarrekiko errespetuaren beharra aipatu du gero. «Erakunde ezberdinak dira gureak, baina gauza asko ditugu elkarrekin. Lotura kultural argiak ditugu, eta bi lurraldeak gara Espainiaren eta Europako Batasunaren parte. Orain elkarlana bideratu nahi dugu herritarren mesedetan».
Ekonomiaren menpe
Itunaren garapenari buruzko zehaztapen handirik ez dago, ordea. Hitzarmenaren jarraipena alde biko batzorde misto batek egingo duela zehaztu arren, oraingoz ez dute jakinarazi adostutako asmoak betetzeko epe zehatzik. Eta hitzartutako programak erakunde bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren menpe garatuko direla ere azaldu dute, gainera. Aldian-aldian, erakunde bakoitzak erabakiko du, beraz, zenbat diru bideratuko duen euskara sustatzeko hitzarmenean ageri diren egitasmoetarako.
Ituna zabaldu eta hedatzeko aukera zabalik dagoela uste du Urgellek, bestalde. Etorkizunean puntu gehiago izan ditzake, haren hitzetan, eta esparru gehiago ere har ditzake. «Baina orain hitzartutako bederatzi puntu horiek oso garrantzitsuak dira, Euskadi eta Nafarroa munduaren aurrean agertzeko aukera eskaintzen baitute».
Euskara sustatzeko itun bat egin dute Gasteiz eta Iruñeko gobernuek
Elkarren titulu, itzulpen eta ikerketa lanak onartuko dituzte bi gobernuek, gastuak murrizteko eta bikoiztasunak saihestekoItunaren garapena gobernu bakoitzaren ahalmen ekonomikoen menpekoa izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu