Euskara «sustatzen» segituko dutela berretsiko dute UEMAko udalek

EAEko udal legearen hizkuntza irizpideak garatzearen aurkako epaiaren harira, aurkako adierazpen bat onetsiko dute egunotan udalek

Arantxa Iraola - Xabier Martin
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren artikulu batzuk, udalei hizkuntza politikarako ahalmena mugatuz. Horien bidez ebatzi du, hain justu ere, udaletan ezin dela euskara lehenetsi. Epaia euskararen «biziberritzearen aurkakoa» ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere badela adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta bertako kide diren udalei adierazpen instituzional bat helarazi die, udaletan «ahalik eta lasterrena» onartzeko. Adierazpen horren bidez, euskara «sustatzen» jarraitzeko asmo sendoa berretsiko dute udalek. Azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitua duen manifestazioarekin ere bat egingo dute udalek adierazpen horren bidez.

Asteon jakin den epaiak UEMAn dauden udalen lan ildoak nola eragotz ditzakeen gogoratu dute bozkatuko duten testuan. «Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzen delakoan. Ez da halakorik: hizkuntza minorizatu bat aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko».

Lege «orubea»

Bide horretan lanean jarraitzeko asmoa berretsi nahi dute UEMAko udalek adierazpenaren bidez. «Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta, gaur egun, zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka udalak. Justiziazkoa da». Eta bide horretan hazten jarraitzeko «lege orube sendoa» ere eskatuko dute.

Euskararen aurkako epai hau erreakzio ugari eragiten ari da, eta azken orduotan EAJk ere salatu du justiziaren esku hartzea. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak esan du justizia euskara «gutxiesten» ari dela, eta hark euskararekin duen «harreman diabolikoa» salatu du. Bilboko epaile dekano Aner Uriartek ziurtatu du ez dagoela «euskararen aurkako kanpainarik», eta Atutxak erantzun du «sinetsi» nahi diola, epaileek batzuetan legeak hartzen dituztela «ezkutu gisa» beren epaiek alarma sortzen dutenean, baina Bizkaiko EAJko buruak «bitxitzat» jo du azken epai hau iritsi dela 2016an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «ezer ikusi» ez izan eta gero. Bestalde, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak esan du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazio nazionalean egongo dela, Bilbon, azaroaren 4an. Eusko Alkartasunak ere eskatu du «euskararen aurkako kanpaina judiziala berehala uzteko». EH Bilduren koalizioan dagoen alderdi horrek «oso larritzat» jo du egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.