«Euskaran, feminismoan eta auzolanean» oinarritutako aisialdi eredu bat aldarrikatu dute Bernedon

Jendetza bildu da Euskal Udalekuak taldeak Bernedoko udalekuen alde egindako elkartasun jaialdian. Egun osoko egitarauaren ostean, irmo gaitzetsi dituzte ikasturte honetan jasandako «errepresioa eta erasoak», eta «diskurtso transfoboak» jopuntuan jarri.

Euskal Udalekuen aldeko jaia, gaur, Bernedon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Euskal Udalekuen aldeko jaia, gaur, Bernedon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 29a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturte arraroa izan da, gorabeheratsua, Bernedoko (Araba) udalekuetako hezitzaile, haur eta nerabeentzat; eta antzekoa izan da udaldia ere, «ezohikoa». Ez da muxuplakaje-rik izan teila gorriko etxe zabalaren aurrean , eta ez da ibilaldirik egin San Tirso mendira, baina «uda ederra» izan, izan da. Hala esan dute gaur Euskal Udalekuetako kideek, Bernedoko Frontoi plazan, udalekuaren alde antolatutako elkartasun jaialdiaren ekitaldi nagusian, eta esaldi labur batean bildu dute Bernedo zer den: «Euskaran, feminismoan eta auzolanean oinarritutako proiektu bat».

Egun osoko egitarauaren ostean hartu dute hitza Euskal Udalekuetako kideek, eta iazko irailetik hona jasandako «errepresioa eta erasoak» zerrendatu: euskararen kontrako «oldarraldia», «jazarpen poliziala», TERF mugimendua, migranteen kontrako «difamazio kanpainak» eta Kaleko Afari Solidarioen debekua, besteak beste. Haien arabera, horixe da egungo testuingurua, eta Euskal Udalekuetan gertatutakoa ezin daiteke ulertu hari erreparatu gabe.

Iazko iraila izan zen abiapuntua. Guraso batzuek salatu zuten Bernedoko udalekuetan haurrak eta nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta gaztetxoak familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela bi astez. Udalekuetako hezitzaileek akusazio horiek ukatu zituzten; halere, salaketa haiek bi bide zabaldu zituzten: penala eta administratiboa. Horren harira, Arabako Foru Aldundiak udalekuak egitea debekatu zion Sarrea Euskal Udalekua elkarteari. Ekain amaieran, epaileak bertan behera utzi zuen debeku hori, baina hezitzaileek debekuak hasi zireneko alternatibei eutsi zieten, eta, horrenbestez, aurten ez dute udalekurik egin Bernedon.

Euskal Udalekuetako kideen arabera, dutxa mistoak aitzakiatzat hartuta, «diskurtso transfoboak» zabaldu dituzte, eta abagunea «araudia zorrozteko» baliatu. Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, eskuineko komunikabide eta alderdi politikoak, eta mugimendu «transbaztertzaile eta euskarafoboak» jo dituzte horren erantzuletzat. Izan ere, gogoratu dute Euskal Herri osoko haurrei eta gazteei «euskarazko aisialdia eskaintzeko» sortu zela Euskal Udalekuen proiektua, iritzita hizkuntza hegemonikoak ez gailentzeko ezinbestekoa dela euskara hutsezko «espazio informalak» izatea.

Hortxe baitago Bernedoko, Abaigarko eta Goñiko (Nafarroa) udalekuen oinarria: aisialdi hezitzailean. «Hezkuntzak balioak transmititu behar ditu, pentsamendu kritikoa eta ahots propioa garatzen lagundu. Hori guztia begirada feministarekin egiten dugu. Zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraiki nahi badugu, haurrekin eta gazteekin batera egin beharko dugu», gaineratu dute.

Euskal Udalekuen aldeko jaia, gaur, Bernedon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Euskal Udalekuen aldeko jaia, gaur, Bernedon. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Autogestioa ardatz

Foru aldundien eta erakundeen kudeaketatik kanpo, «autogestioz eta auzolanean» antolatzen dituzte udaldiak eta txandak Euskal Udalekuetako kideek. Lan horien artean daude, kasurako, etxeak zaintzea, konpontzea eta garbitzea; ekintzak eta lantaldeak diseinatzea, eta formakuntzak eta bilerak egitea. Finean, «urte osoko lana» da, eta militantziaz eta borondatez egiten dena.

Ikasturtea zaila eta udaldia ezohikoa izan arren, irmo esan dute «inoiz baino batuago, inoiz baino indartsuago» daudela: «Borrokan jarraituko dugu. Amesten jarraituko dugu. Elkarrekin eraikitako aisialdi eredu alternatiboak duen ahalmen eraldatzailean sinesten dugulako. Eredu alternatibo honek Euskal Herri osoan duen indar eta babesean sinesten dugulako». Jasotako babesaren adierazle da, hain justu, herri txiki baten bueltan bildu den jendetza.

Eta haiei eskerrak emanez bukatu dute ekitaldia; bertaratutakoei, eta familiei, haurrei, hezitzaileei, herriari, eta, funtsean, proiektuan sinistu dutenei. Salaketak bazter utzi, eta gozamenerako gonbita egin diete deialdiarekin bat egin dutenei: «Ospa dezagun egin dugun bidea, eta har dezagun indarra etorriko denari elkarrekin aurre egiteko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA