Hainbat urtez euskalgintzan lanean aritu ostean, Hezkuntza, Herritarren Parte hartze eta Euskara alorren ardura eman zioten Aitziber Campion zinegotziari (Iruñea, 1981). Euskararen I. Plana ontzea izanen da haren egiteko nagusietako bat datozen hilabeteetan.
Non du abiapuntua normalizazio linguistikorako planak?
Abiapuntua itun programatikoan dago. Zentsura mozioa [Cristina Ibarrolaren aurkakoa] aurkeztu eta udal gobernu berriaren ekinbidea antolatzeko akordioa adostu genuenean, hor jada jasotzen zen plan bat egin behar zela normalizazio linguistikorako eta euskara sustatzeko. Gero, oinarri batzuk ere adostu genituen udal gobernua osatzen dugun hiru taldeon —EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— eta PSNren artean. Funtsean, oinarrietan jasota dagoena zera da: Iruñean bi hizkuntza nagusi ditugula, gaztelania eta euskara; euskara hizkuntza gutxitua dela, eta, horrexegatik, udalak erantzukizun instituzionala duela euskara sustatzeko.
Hori lortzeko, zer planteatu duzue?
Sustapen lan hori hiru bidetatik eginen dugu: ezagutzaren bidetik, erabileraren bidetik eta prestigio sozialaren bidetik. Erabilerari dagokionez, planaren xedea da aukera gehiago ematea Iruñean euskaraz hitz egin dadin. Ezagutzari dagokionez, norbaitek euskara ikasi nahi badu, izan ditzala baliabide ekonomikoak, informatiboak eta logistikoak. Eta hirugarren helburua, prestigio sozialarena, agian ikusezinagoa da: nola hautematen duen euskara Iruñeko jendarteak. Hor badugu lan bat euskara kokatzen aberastasun eta ondare moduan, eta baita kohesio sozialerako elementu gisa ere.
Planean jaso dituzuen ekintzetako bat da Euskararen Udal Kontseilua sortzea. Zer izanen da, zehazki?
Iruñeko Udalak baditu Emakumeen Udal Kontseilua, Adinekoen Udal Kontseilua, Gazteriaren Mahaia, LGTBI Kontseilua... Uste dugu euskara parekatu behar dela beste alor horiekin ere. Talde politikoak eta gizarte eragileak biltzen dira espazio horietan, gai beraren inguruan gogoeta egiteko. Euskararen kasuan, gainera, plan bat izanen badugu, logikoa da kontseilu bat sortzea planari jarraipena emateko eta betetzen dela ziurtatzeko.
«Herritarrekin batera landu nahi izan dugu euskara plana: bost saio eginen ditugu, eta parte hartzeko aukera eman nahi diegu herritar guztiei, eta baita hiriko eragile nagusiei ere»
Zer puntutan dago prozesua?
Behin oinarriak zurian beltz jarrita, iritsi zen prozesuaren zati teknikoa. Udalak lizitazio bat atera zuen plana egiteko, eta Emun enpresari esleitu zitzaion. Orain, haiekin batera ari gara lanean, bidea marrazten. Puntu horretan gaude orain.
Herritarren parte hartzea ere sustatu nahi duzue. Nola?
Emunek badu esperientzia eta ibilbidea normalizazio linguistikorako planetan, baina bagenekien plana herritarrekin batera landu nahi genuela. Bost saio eginen ditugu guztira, eta parte hartzeko aukera zabaldu nahi izan diegu herritar guztiei, baina baita hiriko eragile nagusiei ere.
Bilerak egin dituzue hainbat talderekin, ezta?
Euskalgintzari dagokionez, solaskide izan ditugu, besteak beste, AEK, IKA, Taupa, Kontseilua, Sortzen, Euskaltzaindia... Horiez gain, Iruñeko Peñen Federazioarekin eta Bilgune Feministarekin ere batzartu gara, eta badugu asmoa beste batzuekin ere hitz egiteko.
Nolakoa izan da eragileen erantzuna?
Oso ona. Plana beharrezkoa zela, horixe helarazi digute gehienek. Ikuspegi ezberdinak daude, hala ere: euskalgintzatik kanpoko kolektiboen artean, pertzepzio nagusia oso baikorra da, uste baitute euskararen egoera izugarri hobetu dela azken urteetan. Euskalgintzako eragileek, berriz, askoz begirada zorrotzagoa dute, logikoa den bezala. Gure asmoa da ikuspegi ezberdin horiek elkartzea. Gogoeta egin dezatela batera, ea diagnostiko horietatik ondorio komunak atera daitezkeen.
«Oztopoak handiak dira, baina saiatu behar dugu harago begiratzen; badago eremu handi bat, zeinean urratsak egin ditzakegun»
Noraino irits daiteke gisa honetako plan bat? Zeintzuk dira mugak?
Euskararen sustapenean denbora daramagunok badakigu oztopoak eta mugak handiak direla beti. Baina, hala eta guztiz ere, saiatu behar dugu harago begiratzen, ea beste zerbait egin dezakegun. Ez gaitezen trabatuta gelditu ezadostasunetan. Sinetsita nago, oztopo horietaz harago, badagoela eremu handi bat zeinean urratsak egin ditzakegun. Egiten ditugun urratsak handiak ala txikiak izan, garrantzitsuena zera da: izan daitezela sendoak eta babes handikoak; era horretan, atzeraezinak izanen direlako. Eta horrek aukera emanen digu, gerora ere, urrats handiagoak egiteko.
PSNren babesa izan duzue plana ontzeko, baina bi ahoko ezpata izan daiteke: babesaz gain, galga izan al da euskara sustatzeko politika ausartak proposatzeko tenorean?
Argi dago PSNren eta EH Bilduren hizkuntza politiken artean alde handia dagoela, baina baita Geroa Bai-k eta Zurekin Nafarroak dituztenen artean ere. Aukera bagenu, gutako bakoitzak plan ezberdin bat diseinatuko luke. Horregatik da hain garrantzitsua abiapuntu bat finkatzea, eta euskara adostasunen artean kokatzea. Bai ikuspegi pragmatiko batetik, ikusteko zer egin daitekeen eta zer ez, baina baita jendarteari mezu bat helarazteko ere: honetan ere gai gara ados jartzeko. Aitortuko dut, halere, bi gai gelditu zirela akordiotik kanpo, eta biak nahiko polemikoak: lantalde organikoa eta haur eskolak.
Zergatik utzi zenituzten akordiotik kanpo?
Bi gai jakin horien inguruan ezadostasunak, polemikak eta konfrontazio soziala pizten dira. Gainera, oso lotuta daude aurrekontuen gaineko negoziazio politikoekin. Hain zuzen ere, hori baztertu nahi dugu euskararen inguruko eztabaidatik. Hortaz, lanean jarraituko dugu bai lantalde organikoa bai haur eskolak euskalduntzeko bidean; urratsez urrats, orain arte bezala, baina ezin gara zurrunbilo horretan harrapatuta geratu.
«Euskaltegietan A1 mailaren doakotasuna iragarri izanak inpaktu bat sortu du, eta horren eskutik heldu da aldeko giro sozial bat; halako aldaketak elikatu nahi ditugu»
Euskalgintzak ezinegona agertu du haur eskolen auzia dela eta. Gehiago espero zuten udal gobernutik...
Hor badugu ezadostasun bat alderdien artean, oso agerikoa, eta, gainera, ikaspostuen eskaintza osoko bilkuran onartu behar da nahi eta nahi ez. Udal gobernuan sartu ginenean, ez genuen izan maniobrarako tarte handirik, 2024-2025 ikasturterako matrikulazioa hastear zelako, eta, hortaz, eskaintza bere horretan gelditu zen. Hurrengo ikasturtean, bai: akordio bat lortu genuen euskarazko ikaspostuak ugaritzeko. Arazoa izan genuen ereduan, alderdi bakoitzak bere aldera egin baitzuen tira: EH Bildukook esan genuen gure apustua euskarazko murgiltzearen aldekoa dela, eta akordiorik ez genuen lortu. Hortaz, euskarazko plazak ugaritu, bai, baina eskola mistoetan eskaini behar izan ditugu. Nire iritzia ez da aldatu: sinetsita nago murgiltze eredua dela euskara barneratzeko bermea ematen duen bakarra, eta uste dut Iruñeko haur eskolen eredu pedagogikoa aintzat hartuta, gainera, hori dela eredurik egokiena eta koherenteena. Aurrera begira, saiatuko gara alor horretan ere urratsak egiten eta jarrerak aldarazten.
Haur eskoletan ez, baina beste alor batzuetan posible ikusten duzu ados jartzea?
Aintzat hartu behar dugu plana diseinatzeko prozesuan murgilduta gaudela oraintxe, eta ez dakigu herritarrek eta eragileek non jarriko duten fokua. Hori esanda, orain arte azaleratu diren gai batzuk hauek dira: aisialdia, merkataritza, atzerritik Iruñera bizitzera etorri direnen harrera... Horietan guztietan euskara sustatzea, horixe izanen dugu erronka. Lortzen badugu jendeak sumatzea balioa edo aberastasuna ematen duen zerbait dela euskara, ba, horrek ere modulatuko ditu zenbait jarrera. Oso esanguratsua izan da, adibidez, aurtengo matrikulazioaren gorakada euskaltegietako A1 mailan. Doakotasuna iragarri izanak eragina izan du horretan. Zuk uste duzu, lehendik ere, jendeak ez zuela izena ematen euskaltegian dirurik ez zuelako? Berez, Iruñeko Udalak 2015etik finantzatzen zuen matrikularen kostu ia osoa, diru laguntzen bitartez. Baina doakotasuna iragarri izanak inpaktu bat sortu du, eta horren eskutik, aldeko giro sozial bat. Horrek mugitzen ditu alderdiak eta gehiengoak. Euskara Planarena ez da epe motzeko helburu bat. Begirada luzea eta estrategikoa izan behar dugu, halako aldaketak elikatzeko eta euskarari beste estatus bat emateko.