Euskara

Euskararen dekretua bigarren seihilekoan tramitatuko dela azaldu du Txibitek

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren arabera, administrazioko lehiaketetan euskara meritutzat hartzearen inguruko eztabaida hizkuntz politikaren «ikuspegi murriztailea» da, eta «mesede txikia egiten zaio euskarari arma politiko gisa» erabilita

Maria Txibite, EH Bilduko Bakartxo Ruizi erantzunez, gaur Erregimen Foraleko batzordean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko ekainaren 23a
13:22
Entzun

Hogei hilabete iragan dira, eta oraindik ez dago euskararen dekreturik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019ko urrian aurreko gobernuak onartutako dekretua edukiz hustu ondotik, Nafarroako Gobernuak promes egin zuen 2020aren hasierarako onartuko zuela. Haatik, pandemia eta gobernuko bi bazkideen arteko eztabaida tarteko, dekretuaren onarpena atzeratuz joan da. Gaur, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak aurreratu du bigarren seihilekoan tramitatuko dela. Behin zirriborroa amaituta, sindikatuei aurkeztuko diete, gero funtzio publikoko mahaian aurkeztu, eta ondoren gobernuak onartuko du.

Nafarroako Parlamentuko Erregimen Foraleko batzordean izan da Txibite, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Oraindik ez da ezagutarazi dekretuaren zirriborroa, baina haren eduki nagusia aurreratu du jada gobernuak. Txibitek gaur azpimarratu du auzitegiaren epaiaren ondotik dekretuak segurtasun juridikoa eman nahi duela. Edukiari dagokionez, baieztatu du euskara meritu gisa hartuko dela eremu euskaldunean, eta baita eremu mistoan ere, «herritarrentzako arreta postuetan, urtetan egin izan den bezala». Osasunbidearen kasua berezia da, baina, eremu mistoko herritarren arretarako irizpidea aplikatuz, 11/1992ko legea oinarri hartuko du.

Inguru ez-euskaldunean, euskara meritu gisa ez hartzeko, Txibitek justifikatu du errealitate soziolinguistikoaren datuak hartu dituztela oinarri. Euskarabideak egindako azterketaren arabera, herritarren %2,6k baino ez du ezagutzen. Euskara ez baina beste hizkuntz batzuk (frantsesa, alemana edo ingelesa, kasu) meritu gisa hartzeari buruz, Txibitek zehaztu duenez «ez da erabakirik hartu oraindik». «Deialdi bakoitzean, lehiaketako epaimahaiak erabakiko du hori lanpostuaren ezaugarrien eta funtzioen arabera».

«Irizpide politikoen arabera»

Agerraldia laburra izan da. Eztabaida soilik Bakartxo Ruizen eta Maria Txibiteren artekoa izan da. EH Bilduko parlamentariaren aburuz, «lotsagarria da» hogei hilabeteren ondoren dekretua oraindik onartua ez izatea. Ruizen arabera, euskara meritu gisa ez hartzeko eta aldiz atzerriko hizkuntzak hartzeko erabakiak irizpide politikoei erantzuten die, eta ez juridikoei. Izan ere, gogora ekarri du Auzitegi Nagusiak aurreko dekretua edukiz hustu arren ez zuela euskara meritu gisa hartu ahal izatea debekatu, eta irakurketa hori berretsi egin zuela Nafarroako Kontseiluak 2020ko martxoan.

Txibiteren azalpena entzunda, Ruizek azpimarratu du errealitate soziolinguistikoaren argudioa «gezurrezkoa» dela, euskara meritu gisa hartzen ez den bitartean alemana bai hartu nahi delako, edo aukera hori ematen delako. «Jatorrizko bekatua» 1986ko Euskararen legea dela azpimarratu arren, Ruizek uste du legeak berak Nafarroa osoan, eremu ez-euskaldunean barne, euskara bultzatzeko helburua irmo babesten duela. «Baina aurrerantz jo beharrean, atzerantz goaz», gaineratu du.

EH Bilduren arabera, halako erabakiekin nafar euskaldunak «bigarren edo hirugarren mailako herritar gisa» tratatuak dira, eta, elkarbizitza eta lurralde eta gizarte kohesioa aldarrikatzen duen gobernu bateko lehendakari gisa, nafar guztien presidente izateko eskatu dio. Bere ustez, halako erabakiek luze gabeko ikuspegi politikoari erantzuten diote. Sektore atzerakoienen erreakzioaren beldur, haien mesedetan ari dela aurpegiratu dio Ruizek Txibiteri. «Politikakeriak alde batera utzi, eta egin ezazu politika»

Txibiteren arabera, aurreko legealdian, gobernuak 2017an eta 2019an egindako deialdietan ez zuen euskara meritu gisa hartu eremu ez-euskaldunean, eta bere buruari exijitzen ez ziona orain besteei egitea aurpegiratu dio EH Bilduri. Txibiteren arabera, errealitate soziolinguistikoari erreparatzea «arduraz» jokatzea da. Aldi berean, uste du euskararen sustapena ez dela mugatzen administraziora, eta hizkuntz politika bere osotasunean jorratu behar dela. Bere irudiko, «ikuspegi murriztailea» da hori, eta euskarari min egiten zaio «arma politiko gisa» erabilita.

Eztabaida informala

Hamasei minutu baino ez du iraun EH Bilduko parlamentariaren eta lehendakariaren arteko eztabaidak. Haatik, amaituta, parlamentariak elkarren artean eztabaidatzen jarraitu dute modu informalean. Aurreko gobernuak euskara meritu gisa ere ez zuela hartu aipatu duenez Txibitek, Ruizek gogorarazi dio «diferentzia nagusia» dela orduko dekretuak aukera ematen zuela meritu gisa hartzeko, baloratu ahalko da formula ezarriz; aldiz, dekretuan meritu gisa ez dela hartuko idatziz gero, de facto «debekatu» egingo dela gogorarazi du.

Geroa Baiko Uxue Barkosek, ildo beretik, azpimarratu du askatasun hori izatea funtsezkoa dela, deialdi bakoitzak zehaztu ahal izateko eta aukera hori emateko. Eztabaidaren mamia «printzipioen kontua» dela azpimarratu du.

Eztabaida informal horretan, berehala islatu da, dena den, Erriberan neurriak izan dezakeen oihartzun politikoa dagoela atzean. Txibitek aipatu du Erriberako jendearen iritzia entzun beharko luketela hori ikusteko. Barkosek eta Ruizek erantzun diote Erriberako pertsonei mezu alarmistak eman zaizkiela, eta funtzionario ez direla izango esan zaiela azken urteetan, eta hori gezurra dela. Azkenik, Ramon Alzorrizek aipatu du iragan legealdian aurreko gobernua «urrunegi» joan zela euskararen arloko neurriekin, eta horrek sortu zuela erreakzio sozial hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.