Euskararen egoera normalizatzeko plan bat onduko du Iruñeko Udalak, PSNren babesarekin

Planak xedetzat izanen du «euskara sustatzea eta ikusaraztea», besteak beste. Euskararen Udal Kontseilua ere sortuko dute.

Joseba Asiron alkatea, Korrikaren lekukoa hartuta, Iruñeko Udaletxe plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Joseba Asiron alkatea, Korrikaren lekukoa hartuta, Iruñeko Udaletxe plazan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko ekainaren 2a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko Udalak beste urrats bat egin du Hizkuntzen Normalizaziorako Plana onartzeko bidean. Urtarrilean aurkeztu zuten planaren oinarriak finkatzeko dokumentua, eta bihar onartuko dute, Herritarren Aferen Batzordean. Horren aldeko konpromisoa adierazi dute gaur hala udal gobernuari eusten dioten taldeek —EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— nola PSNk. Lau talde horien babesari esker, plana idazten hasiko da lantalde tekniko bat, oinarrien dokumentuan jasotako helburu eta konpromisoei jarraikiz.

Dokumentu horretan jasotako konpromisoen artean dira, besteak beste, udalak «euskara sustatu eta ikusarazi» beharko duela, «ekitaldi publikoetan eta herritarrentzako mezu eta jakinarazpenetan euskara erabilita». Halaber, euskara ikasteko baliabideak eta informazioa eskaini beharko ditu udalak, «herritar guztiek euskara ikasi eta erabiltzeko aukera berak izan ditzaten». Udalak konpromisoa hartuko du, gainera, aurrekontuan behar besteko diru sail bat ziurtatzeko eta plan horretan jasoko diren ekintzak martxan jartzeko.

Plana eratzearekin batera, Euskararen Udal Kontseilua ere sortuko dute: Hizkuntzen Normalizazio Plana garatzen laguntzeko organo aholku emailea. Iruñeko Udalak azaldu duenez, kontseilu horren parte izango dira talde politikoen ordezkariak, udal teknikariak, eta «euskararen ezagutzaren, sustapenaren eta prestigioaren alde lan egiten duten elkarteen ordezkariak». Batzorde horren helburua izanen da planari «jarraipena» egitea, dokumentuan jasotako ekintzak «egoki» aplikatzen direla zaintzea eta neurriok «esperotako emaitza ematen duten ala ez» aztertzea.

Plana martxan jarrita, Iruñeko Udalaren helburua da euskara «gizarte kohesiorako zubi» bihurtzea: «Hala, Iruñeko nortasunaren ardatz diren hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatuko da, eta euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie herritarrei». Horrez gain, «administrazioarekin euskaraz harremanetan jartzeko aukera» ere aipatzen da udalak eta PSNk adostutako agirian, baina ez da zehazten administrazioak betebeharra izanen duen euskarazko arreta bermatzeko.

Hala ere, Iruñeko Udalak bere egin ditu Unescok eta Europako Kontseiluak euskarari eta hizkuntza gutxituei buruz esanikoak: «Iruñeko Udalak, erakunde publikoa den heinean, egoera horri buelta emateko neurri aktiboak hartzeko ardura du, hiriko bizitzako arlo guztietan euskararen erabilera babestuz eta sustatuz».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.