Euskara

Euskararen erabilera handitzeko aukera emango die Eusko Jaurlaritzak bere langile eta funtzionarioei

'IV. Plangintzaldia' egitasmoarekin euskara erabiltzea ez dute derrigortuko. 2.300 langile inguruk hartuko dute parte.

2008ko uztailaren 9a
19:08
Entzun
Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomoetan euskararen erabilera normaltzeko egitasmoa, 'IV. Plangintzaldia' izenekoa, aurkeztu du Jaurlaritzak gaur, Bilbon. Kutsu boluntarioa izango du ekimenak, ez derrigorrez bete beharrekoa. Joan den astean hitzartu zuten eta aurki jarriko dute martxan. 2.300 funtzionario eta langile inguruk hartuko dute parte.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak nabarmendu du oraindik ere funtzionarioen eta bestelako langileen lan hizkuntza gaztelania dela, eta testuinguru horretan abiatuko dutela ekimena.

Zentzu berean, egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, gaur egun Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde autonomoetako langileek "gero eta gehiago" egiten dute euskaraz lanean, baina "lan jarduna gehienbat gaztelaniaz" izaten da. Zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz ematen dituzte, txostenak kasu, baina euskarazko testuen kasuan gehienetan itzulpenak izaten dira. Hain justu, "itzulpenen morroi" izateari utzi, eta "euskarazko sorkuntza bultzatu" nahi du egitasmoak. "Kalitate komunikatiboa ere bultzatzea da helburua", zehaztu dute.

Aurkezpenean hainbat datu eman dituzte. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomoetan 6.556 lagunek dihardute beharrean; horietatik 2.876ri (%41) eskatzen zaie euskarazko perfila. Beste 1.011ri eskatu ez arren, beren kasa lortu dute, "merezimenduz", eta hala dute egiaztatuta.

Egitasmoa garatzen joan ahala, urtero ebaluaketak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta beharrezkotzat ikusten dituen moldaketak egingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.