Euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu du Korrikak

Aurkezpen soziala egin dute Iruñean, eta helmuga nagusi bat nabarmendu dute: euskararen komunitateak «izaera irekia eta askotarikoa» izatea.

24.Korrikaren aurkezpen soziala, gaur, Iruñean. A ARROITA / AEK
24.Korrikaren aurkezpen soziala, gaur, Iruñean. A ARROITA / AEK
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 5a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzerako kontua: hamabortz egun bertzerik ez. 2.180 kilometro egiteko prest da Korrikako furgoneta, eta halatsu daude haren barnean —eta kanpoan— joanen direnak ere. Behin azken eginbeharretan sartuta, fase berri bat abiatu du AEK-k gaur: aktibazioarena. Hargatik elkartu dira Iruñean, 24. Korrikaren aurkezpen sozialean.

Ez dute zalantzarako tokirik utzi furgonetan: «Euskararen erabilera unibertsala zor zaio euskaldunon komunitateari», erran du Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideak. Eta helburu hori lortzeko «ezinbestekoa» da Korrika, Euskal Herri osoan eta herritar guztiek «euskaraz eroso bitzeko eskubidea» aldarrikatzen duelako, bertzeak bertze. Baina hizkuntza politika eta erremintak aldatu behar dira horretarako: «Ausartak, sendoak, doakoak, eta eskuragarriak izan behar dute, hezkuntza transmisioa eta helduen euskalduntzea bermatuko dutenak».

AEK-ko kideak aurkezpen sozialean. A ARROITA / AEK
AEK-ko kideak aurkezpen sozialean. A ARROITA / AEK

Antolatzaileek ez dute ausaz aukeratu aurtengo leloa: Euskara gara. Izan ere, komunitatearen «izaera irekia eta askotarikoa» azpimarratzea izan dute xede, eta, batez ere, «euskararen herrian denontzako tokia» dagoela erakustea. Halaxe erran du Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak: «Euskara ez da muga, arnasa baizik. Zubi gisa landu behar da, kohesio sozialerako tresna moduan».

Bi gauza baita Korrika: jaia eta aldarria. Eta ez baita folklorea, «baizik eta euskara». Elordik Korrikan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta korrikaren mezua «urte osoan» zabaldu dezatela eskatu die. «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta guztion esku dago eragitea; denoi dagokigu euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.