«Posible da norabidea aldatzea. Lorgarria eta desiragarria da». Euskararen larrialdiari buru egiteko aukera ikusten du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak, eta horren alde mobilizatzera deitu ditu euskaltzaleak. Euskal Konfederazioak agerraldi jendetsua egin du Baionan, azaroaren 21ean egin gogo duten manifestazio handia aurkezteko. Euskararen garaia da lelopean, hizkuntza eskubideak bermatzeko lege babesa eta hizkuntza politika publiko eraginkorragoa eskatuko dituzte. Euskararen hautua egin duen komunitatea bildu nahi dute, eta atxikimendu kanpaina bat abiatuko dute udan, tokian-tokian deialdiak ugaritzeko.
Konfederazioak urte hasieran iragarri zuen udazkenerako mobilizazio handi bat egiteko xedea, eta gaur aurkeztu dute bertara deitzeko manifestua. Adierazi dute euskararen egoera hobetzeko beharrezkoa dela «norabidea aldatzea»: «Horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu; hiztun berriak masiboki sortu behar ditugu; eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar ditugu egunerokoan eta arlo guztietan», adierazi dute.
Lau aldarrikapen nagusi plazaratuko dituzte heldu den azaroaren 21ean: euskararen koofizialtasuna Ipar Euskal Herrian, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa, hizkuntza gutxituen aldeko lege bat, eta bide orri argi bat izanen duen hizkuntza politika ausarta.
ALDARRIKAPENAK
Euskararen koofizialtasuna. Ipar Euskal Herrian euskarak koofizialtasun estatusa lortzea nahi dute, frantsesaren ber heineko lekua izan dezan. Euskara eskubide gisa aitortua izan dadin nahi dute.
Konstituzio aldaketa. Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea nahi dute, ez dadin frantsesa izan errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra.
Hizkuntzen aldeko lege bat. Frantziako Parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea nahi dute, euskarari lege babesa emateaz gain eskubide konkretuak irabazteko.
Hizkuntza politika eraginkorra. Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzea nahi dute, norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin. Euskara biziberritzeko plan integral bat behar dela adierazi dute.
Euskararen hautua
Hemendik eta azarora arte, Euskal Konfederazioa herriz herri, sektorez sektore eta elkartez elkarte ibiliko da astearte honetan aurkeztu duen manifestua aurkeztu eta manifestaldirako deialdiak antolatzen. Sebastien Castet Konfederazioko koordinatzaileak esplikatu du atxikimendu kanpaina hau udako herriko bestekin hasiko dutela, bestako komiteekin eta herrietako eragileekin. Kanpaina zabala egin nahi dute, «euskal hiztuna izan ala ez, egunerokoan euskararen aldeko hautua» egin duen komunitate osoarengana iristeko.
Manifestuan, aipamena egin diete etxean euskara transmititzeko hautua egin dutenei eta heldu gisa ikasi dutenei; euskara irakasten dutenei eta seme-alabak euskarazko irakaskuntzan eskolatzeko hautua egin dutenei; azterketak euskaraz pasatzeko hautua egin dutenei; familian, lanean, lagunekin, aisialdian, kirolean euskara erabiltzeko hautua egin dutenei eta euskal kultura bizitzeko eta biziarazteko hautua egin dutenei. «Hautua egin dugu euskara izan dadin gure bizitzen bizkarrezur. Eta hautu hori errespetatzea nahi dugu», adierazi dute.
Halaber, euskararen aldarrikapena egiten du manifestuak, euskara Euskal Herriaren herri izaerarekin lotuz. «Euskarak egiten gaitu herri, eta euskararen herria gara. Euskara dira gure pilota, errugbia eta surfa; euskara dira gure dantzak, musikak eta bestak; euskara dira gure malkoak eta irriak; euskara dira gure ametsak; euskara dira gure jostetak. Mundu bat da euskara, eta euskararen bidez gara mundutar».
Euskal Herri osoko begirada
Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko koordinatzaileak azpimarratu du euskararen etorkizuna jokoan dagoela Euskal Herri guztian. «Larrialdi linguistikoan dago euskararen komunitate osoa». Haren hitzetan, hainbat faktorek ekarri dute egoera hau. «Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa gehienean euskara ez da ofiziala; hau da, ez du nor izatearen gutxieneko estatus juridikorik, eta, ondorioz, ezinezkoa da euskararen aldeko hizkuntza politika sakonak, iraunkorki eta bermez aurrera eramatea», deitoratu du. «Txarrena da Euskal Autonomia Erkidegoan ere desofizializazio prozesu azkar bat gertatzen ari dela, Espainiako Estatua jurisprudentzia berri bat sortzen ari delako bere mendeko hizkuntza minorizatuen aurka».
Baina «globalizazioa» eta bizitzaren «digitalizazioa eta merkantilizazioa» ere izan ditu mintzagai. «Mundu osoan hedadura txikiko eta minorizatutako hizkuntzen aurkako dinamika indartsua jarri da martxan. Hizkuntza hegemonikoak gero eta hegemonikoago, ahulak gero eta ahulago». Hark ere aldarrikatu du ezen, euskarari etorkizuna emango bazaio, lehentasun politiken lehen lerrora ekartzeko garaia dela. «Euskal Herri guztian ofizialtasunaren aldeko borroka erdigunera ekartzekoa, hizkuntza politiketan jauzi bat egitekoa».
Eskisabelek gogoan izan du euskararen historia sozialeko «garai ilunenetan» milaka euskaltzaleren ekimenak lortu duela euskarari indarra ematea. «Berriro ere euskaltzaletasuna gure bizitzako eta aktibismoetako lehen lerrora ekartzeko garaia da. Euskaltzaleen garaia da, eta euskararen garaia da». Abenduan Bilbon eta berriki Iruñean bezala, azaroan Baionan mobilizatzera deitu ditu euskaltzaleak.