«Herriko eskolan D eredua jartzeko, bilerak egin genituen Nafarroako Gobernuarekin, udalekin, ikastetxeko zuzendaritzarekin... Erakundeen aldetik ez genuen babes handirik jaso. Gurasook arduratu behar izan genuen gestio guztiak egiteaz, eta hori ez da gertatzen beste eredu batzuetan. Horrek erre egiten zaitu». Caparrosoko D ereduko lerroaren sustatzaileetako bat da Cristina Luqui Iribarren, eta «oso harro» dago eginiko bideaz. Izan ere, Euskal Herriko zenbait eremutan, hautua ez, balentria da seme-alabak euskaraz eskolatzea. Konpromiso irmoa eskatzen du askotan, aurre egin behar zaielako hala administrazioak jarritako oztopoei nola ingurukoen aurkakotasunari. Bide hori kostata urratu dute Erriberako zenbait herritan azken hamarraldian. Caparrosoko, Arradako, Zarrakazteluko, Santakarako eta Martzillako familiek, esate baterako, 2016. urtean lortu zuten seme-alabak D eredu publikoan matrikulatzea. UPNk urteetan eraikitako harresia hasia zen pixkanaka arrakalatzen, eta lan horrek fruitua eman du: berrogei bat haur euskaldundu dira hamar urteotan.
Igandean, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak omenaldia eta aitortza egin zieten bide hori urratu zuten lehen familiei eta, hamar urtez, Caparrosoko Virgen del Soto eskola publikoan D ereduan ikasi duten neska-mutil guztiei. «Familia eta haur horien ahaleginari esker, euskarak galduak zituen lurraldeak berreskuratu ditu, oraindik neurri apal batean bada ere», adierazi du Sagrario Alemanek, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak.

Caparrosoko plazan egin zuten ekitaldia: diploma eta sari bana eman zieten ikasleei, eta D ereduak Caparroson eginiko ibilbidea laburbiltzen duen dokumental bat ere proiektatu zuten. Horren ondotik, dantza erakustaldia eta haurrentzako jokoak. Festa giroa nagusi izan zen herriko plazan. Hala ere, gogoan izan zuten D ereduak Erriberan egin duen —eta oraindik amaitu ez den— bide malkartsua.
Trabak eta irainak
«Caparroson D eredua ezartzea oso konplikatua izan zen», dio Cristina Luquik dokumentalean. Gutxienez zortzi ikasle matrikulatzea, horixe eskatzen zieten hasieran, herriko eskolan euskarazko ikasgela bat zabaldu ahal izateko. Hala ere, lauko gobernuak —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek osatutakoak— abagune bat ireki zuen, haur gutxiagorekin ere D eredua ezarri ahal izateko: eskualdeko erreferentziazko ikastetxe izendatu zuten Virgen del Soto eskola. «Horri esker, bost ikaslerekin zabaldu ahal izan genuen ikasgela bat, hurrengo urteetan gehiago izango zirelako esperantzarekin. Eta apustu horrek fruituak eman zituen, hurrengo urteetan askoz ikasle gehiago etorri baitziren», gogoratu du Luquik. Bost ikaslerekin hasi zen euskarazko lerroa Caparroson, baina ordutik berrogei inguru euskaldundu dira herriko eskola publikoan, eta lehen promozio hori osatu zuten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan estudiatzen dute orain, euskaraz, Tafallako BHIan.
Traba administratiboez gain, baina, zurrumurru eta irainei ere aurre egin behar izan zieten gurasoek. Euskarazko hezkuntza arazoekin lotzen zuten askok, eta D ereduko familiak «D komandokoak» zirela esan izan zien baten batek, iraintzeko asmoz. «Kanpaina mediatikoa beldurgarria izan zen euskararen eta D ereduaren aurka», esplikatu du Iosu Diez Luquik dokumentalean. Caparrosoko eskolan ikasten du haren alabak. «Asko zor diegu urratsa egin zuten lehen guraso horiei. Ausart jokatu zuten, eta ez zuten amore eman esamesen, gezurren eta bestelako irainen aurrean».
Euskara darabilten haurren kopuruak gora egin ahala, baina, D ereduarekiko giroa ere zeharo aldatu da herrian. Gaur egun, euskarazko jarduera gehiago antolatzen dira eskualdean, Sortzen, Agerraldia eta gisako elkarteen eskutik. «Edozein ekitaldi antolatzen den aldiro, gurasoak adi egoten gara, eta neska-mutilak animatzen ditugu parte hartzera. Korrika hemendik igaro zenean, adibidez, zirraragarria izan zen bai haurrentzat eta bai guretzat», gogoratu du seme-alabak Caparrosoko eskolan dituen beste ama batek, Marta Breton Diazek.
Transmisioa saritzen
Familiek eginiko ahalegin hori saritu nahi izan dute Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak fundazioak, bi erakundeen lankidetza hitzarmenaren barruan. Sariketak jatorria du Nafarroako Diputazioak eta Euskaltzaindiak berak 1960ko hamarkadan ezarritako ohitura batean. Orduko hartan, etxe barruko transmisioa sustatu nahi zuten; gaur egun, berriz, eremu erdaldunduetako eskoletan egiten dena. «Orain dela hirurogei urte inguru, Nafarroako iparraldeko herri txiki zenbaitetan haurrak sarituak izan ziren euskaraz jakiteagatik. Etxean eta karrikan ikasi eta erabiltzen zuten euskara. Eskolak erdaraz zituzten, eta gurasoen transmisioari eman zitzaion garrantzia. Orain, Nafarroako hegoaldeko herrietan saritzen ditugu. Arrada, Caparroso, Martzilla, Santakara eta Zarrakazteluko haurrek eskolaren bidez ikasi dute, etxean ikasterik izan ez dutelako», azaldu du Alemanek.
Caparroso inguruko herriak eremu erdaldunean dira oraindik ere, baina hasiak dira euskaraz bizitzeko bidea urratzen, atzo omendutako haurren eta beste askoren ahaleginari esker. «Nire betiko ametsa zen semeek euskaraz ikas zezatela, eta orain esan dezaket errealitateak aise gainditu duela amesten nuen hori», esan du Cristina Luquik dokumentalaren bukaeran: «Caparrosoko eskolatik atera den D ereduko lehen promozioa da hau, eta nire semea horren parte izateak sentiarazten didan harrotasuna ezin da hitzekin esplikatu».
