Astebete baino gutxiago geratzen da. Orain egun batzuk ailegatu zen karpa nagusia Abadiñora (Bizkaia), eta inurri txikiak muntaketa lanetan ari dira gaur ere. Astelehenean hasiko da muntaketa orokorra, eta antolakuntzako ehundik goiti buru ariko dira harat-honatean. Helburu bat ortzi mugan: dena prest egon dadila apirilaren 2ko goizerako, orduantxe hasiko baita Ernairen aurtengo Gazte Topagunea, eta 5ean bukatu. Gazte antolakundeko bozeramailea da Amaiur Egurrola Roldan (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001), eta gogotsu begiratzen die datozen egunei: «Dena ondo aterako da». Ekinez eginen dute aitzinera, leloak berak hala agintzen baitie: Ekinez Independentzia!
Zergatik lelo hori?
Ikasturte guztian erabili dugun leloa da. Gazte Topaguneak urtez urte eta gazte antolakundearen historia guztian bete du gazte independentistak batzeko funtzioa, eta, alde horretatik, badaukagu independentziaren aldarri esplizitua egiteko beharra eta gogoa. Gazteok dauzkagun problematiken erdigunean dagoen atala da independentziarena, eta nazio aldarrikapen horretan kokatzen da Ernai; beti egin du horrela. Hori da leloa, mezu nagusia, baina gero prisma desberdinetatik eta artatze desberdinetatik begiratuko diegu Ernaik dituen egiteko konkretuei.
Prisma horiek lantzeko eginen dituzue, hain justu, hitzaldiak, ezta?
Bai, topagunea ezin da ulertu hitzaldirik gabe. Ekitaldi politiko bat da, lan militantez eraikitakoa eta antolakuntzaren ikuspegitik eratua. Ikuspegi politikoz eta militantez eraikitako egitasmo bat da, eta kontzertuak ere horren arabera aukeratzen ditugu. Topagunea zera da, Ernaik orain Euskal Herriko gazteriaren gainean irakurketa egiteko duen momentu bat, hor sakontzekoa. Egitasmo politiko hori integrala izateko, askotariko ardatzak eta eskaintzak eduki behar ditugu, tartean hitzaldiak.
«Memoria ez da gertatutakoaren kontakizuna egitea bakarrik, nahiz eta hori ere baden, baizik eta azpimarratzea borroka horretan bizi dela memoria»
Lehendabiziko prisma: memoria. Nola landu nahi duzue iragana, eta nola proiektatuko duzue etorkizuna?
Ikasturte honetan sakonki aritu gara memoriaz, besteak beste, 50 urte bete direlako Txiki eta Otaegi erail zituztenetik, eta beste 50 martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia izan zenetik. Euskal Herria ia hilzorian zegoen garai hartan, diktadura eta jazarpena tartean zirela, gazte belaunaldi bat altxatu egin zen Euskal Herriaren nazio biziberritzearen alde, eta apustua egin zuen borroka ziklo oso emankor bat irekitzearen alde. Borroka horren ondorioa gara gu, eta guk zera uste dugu: nahikoa arrazoi daukagula borrokan jarraitzeko.
Zein dira arrazoi horiek?
78ko erregimenak zapaldu egin zuen Euskal Herria, eta, urteak pasatuagatik, oraindik ere zapaldua dago nazio gisa. Ez dugu nazio aitortzarik, ezta erabakitzeko eskubiderik ere, eta begira euskarak daukan tokia ere nolakoa den. Azken berriak ikustea besterik ez dago: geroz eta zapalduago dago, eta eskubiderik gabe geratzen ari gara. Horren harira, gazteoi dagokigu eragitea, garai batean orduko gazteek egin zuten bezala. Alegia, memoria ez da gertatutakoaren kontakizuna egitea bakarrik, nahiz eta hori ere baden, baizik eta azpimarratzea borroka horretan bizi dela memoria. Eta borroka horietatik abiatuz eraikiko dugu etorkizuneko Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna.
Bigarren prisma: euskararen kontrako oldarraldia. Ernaik zer tresna dauzka horri aurre egin ahal izateko?
Ernairen eskaintzarik onena eta eragiteko tresnarik onena gazte antolakuntza bera da. Euskararen inguruko oldarraldiaz egiten dugun analisia bat dator euskalgintzak egiten duenarekin; hau da, ez da soilik oldarraldi judizial bat, baizik eta euskararen aurkako oldarraldi judizial eta kultural handi bat. Askapen borrokarik ez dugu ulertzen euskararik gabe. Euskarak estatu bat behar du bizi ahal izateko; etorkizunak euskalduna izan behar du. Eta euskararen kontrako oldarraldia gordindu den honetan, antolatzea eta hori salatzea dagokigu: ez daukagu besterik.
«Badirudi [feminismoan] hautsi egin direla orain arte onartuta egon ahal ziren parametro batzuk, eta zentzu komun horretan aldaketa batzuk izan direla»
Euskaran ez ezik, feminismoan ere ikusten dira mugimendu erreakzionarioak. Bertze jopuntu bat da hori?
Bai, eta feminismoaren inguruko hitzaldi bat egongo da erronka horretaz hitz egiteko. Badirudi hautsi egin direla orain arte onartuta egon ahal ziren parametro batzuk, eta zentzu komun horretan aldaketa batzuk izan direla. TERFak edo transbaztertzaileak direnak antolatu egin dira, eta gu bat gatoz Euskal Herriko Mugimendu Feministak egiten duen analisiarekin. Orain, lan egingo dugu berrikusteko eta berriz lantzeko gure antolamendua nola egin feminista, zer egin aurrerantzean ere hala izan dadin, eta nola egokitu egoera berrietara.
Bada uste orokor bat erraten duena gazteak geroz eta despolitizatuago daudela, eta zuek, kontrara, erraten duzue geroz eta gazte independentista gehiago ari zaizkizuela batzen. Nola ikusten duzue gazteria?
Bizi ditugun erreakzioen atzean balio inplementazioak daude, eta haren eskutik doaz, esaterako, indibidualizaziorako joerak. Horrek guztiak ezinbestean eragiten du militantzia politikoan, baina, era berean, nabaritzen dugu badagoela mobilizazio ziklo handi bat hemen, eta gazteriaren artean isla handia daukala. Hori argi ikusten dugu mobilizazioetan eta egiten ditugun ekintzetan: antolakuntza ikusten da, eta antolatzeko gogoa ere bai.
«Topagunea bukatzen denean, aurrera jarraitzeko eta borrokan indarrez ekiteko sentimendu berezi bat garatzen da, motibazio bat, zerbaitetan sinesten duzulako apustu egiteko indar eta gogo bat»
Zertarako balio du Gazte Topaguneak?
Topagunea indar erakustaldi handi-handi bat da, eta sentimendu berezi bat garatzen da han. Horrek indarra ematen du, eta urte osoan irauten du, gainera. Alegia, uste dugu topagunea ez dela egunero gertatzen denetik at dagoen irla bat, baizik eta egunerokoan eragina eta inpaktua daukan eragile bat. Pentsamendua eta praktika politikoa sortzeko eta garatzeko espazio bat da, era berean komunitate handi baten parte sentiarazteko gaitasuna daukana. Topagunea bukatzen denean, aurrera jarraitzeko eta borrokan indarrez ekiteko sentimendu berezi bat garatzen da, motibazio bat, zerbaitetan sinesten duzulako apustu egiteko indar eta gogo bat.
Zer erranen zenioke urtero joaten den kide bati?
Eskerrak emango nizkioke lehenik, elkarrekin arituz sortzen delako topagunea, eta ez daukalako zentzurik auzolanean eta elkarlanean egiten ez bada. Eta esango nioke gozatzeko nahi eta ahal duen moduan; sentitu dadila honen parte, eta gozatu dezala.
Eta lehendabiziko aldiz joanen denari?
Ongi etorria dela gure komunitatera, eta besoak zabalik hartuko dugula gure artean. Eta berdin: gozatu dezala eta eskertzen dugula etortzea.