23. Korrika

Euskararen landen zabalera

Korrikak Erriberan igaro du eguna. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatu dute euskaltzaleek.

Berriako langileak Korrikaren lekukoa eramaten, gaur, Tuteratik Arguedasera bidean. IDOIA ZABALETA/FOKU
Berriako langileak Korrikaren lekukoa eramaten, gaur, Tuteratik Arguedasera bidean. IDOIA ZABALETA/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
LODOSA
2024ko martxoaren 17a
19:16
Entzun

Gazteleraz daude idatzita herrien izenak, eta gazteleraz daude «oinezkoak» dabiltzalako mantsoago joateko eskatzen duten kartelak, Foruzaingoaren kotxeetan. Nafarroako Euskararen Legea dela eta, eremu ez-euskaldunean dago Erribera, euskara ukatua eta baztertua den eremu horretan. Bertan igaro du eguna gaur Korrikak.

Milaka herritarrek erakutsi dute eremu ez-euskalduntzat daukaten horretan ere badirela euskaldunak eta euskaltzaleak, badela herri bat harro dagoena euskaldun izateaz. Eta badute eskaera bat, Korrikan behin eta berriz oihukatu duten bezala: euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan.

Lur lehorra da Erriberakoa, baina ernatua da fruitua, Korrikan argi geratu den bezala. Erriberako landa zabal eta errepide luzeetan, kilometrotik kilometrora tropela batu zaio Korrikari, familiak eta lagun taldeak gehienbat. Eta lehertu egin da Tuteran: milaka euskaltzalek egin dute korrika, eta furgonetatik ez zen ikusten korrikalariak non bukatzen ziren ere.

Euskara ereiten

Tuteran eta inguruetan euskara zabaldu izanaren erantzuleetako bat Argia ikastola da. Herri bat euskaldundu nahi bada, ezinbestekoa da haurrak euskalduntzea, euskaldun eta euskaltzale egitea. Horretan ari da Argia azken 39 urteetan. Garikoitz Urbizu zuzendariak azaldu duenez, 173 ikasle dituzte egun, familia erdaldunetakoak gehienak: «Lautik hiruk behintzat gaztelera dute ama hizkuntza».

Baina horri buelta ematen saiatzen dira. Horrenbestez, Urbizuri ezinbestekoa iruditzen zaio ikastolaren lana: «Argia ikastolak badauka inguru zabal bat, eta inguru horretan ez dago beste inor D eredua eskaintzen duenik; D eredua behar-beharrezkoa dugu». Eta lorpenak badituzte: «Ikastolak datorren ikasturtean 40 urte egingo ditu Erribera euskalduntzeko ahaleginetan, eta uste dut derrigorrezkoa dela konturatzea hemen gero eta euskaldun gehiago dagoela. Orain dela urte batzuk ez zegoen egoera bat dago orain. Gaur egun, denda batean nor dagoen baldin badakizu, aukera izan dezakezu euskaraz egiteko; orain dela urte batzuk, ezinezkoa zen».

«Argia ikastolak badauka inguru zabal bat, eta inguru horretan ez dago beste inor D eredua eskaintzen duenik; D eredua behar-beharrezkoa dugu».

GARIKOITZ URBIZUArgia ikastolako zuzendaria

Argia ikastola ez da Erriberan euskararen alde ekinean ari den eragile bakarra. Errigorako kidea da Haizea Lizarbe. Errigora zer den azaltzen hasi da: «Herri mugimendu bat da, hiru zutabe dituena: Nafarroa erdian eta hegoaldean euskara sustatzea, eremu horretako produktuak Euskal Herrira zabaltzea, elikadura burujabetza helburu izanik; eta auzolana». Eta zer egiten dute?: «Produktu horiek saltzen ditugu, eta irabaziak euskara laguntzeko, sustatzeko eta mugitzeko erabiltzen ditugu». Hamar urte daramatzate lanean. 

Lizarbek aitortzen du ez dela erraza euskaraz bizitzea Nafarroaren eremu horretan. Esaterako, Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Tuteraldean egin zuen kale neurketan, ez zuten euskararik entzun —ikerketan zehaztuta dago lagina oso txikia dela eta akatsak egon daitezkeela—. Baina Lizarbek uste du eragileak egiten ari diren lan eskerga nabaritzen dela eta herritarrak gero eta euskaldunagoak eta euskaltzaleagoak direla: «Euskararen egoera ez da nahiko genukeen bezalakoa, baina ikusten dugu ilusioa, etorkizunerako bide bat badagoela; gero eta elkarte gehiago dira euskaltzaleak, gero eta gutxiago ikusten dira euskararen kontrako jarrerak...». 

«Euskararen egoera ez da nahiko genukeena, baina ikusten dugu ilusioa, etorkizuneko bide bat badagoela».

HAIZEA LIZARBEErrigorako kidea

Askotariko lagunentzako bilgunea

Tuteran lehertu da Korrika, baina ehunka izan dira inguruko herrietan batu direnak ere: Castejonen, Cascanten, Cadreitan, Alesbesen... Kilometro batzuk bereziki hunkigarriak izan dira. Esaterako, Murchantetik Cascantera bidean, Nafarroako kilometro trabestia antolatu dute. Aldarrikapena nagusitu da furgonetako esatariaren ahotik: «Askotariko Euskal Herria nahi dugu, euskaraz biziko den askotariko herria; gorputz, kolore eta izate guztiak nahi ditugulako, guztiak behar ditugulako euskaraz, horrela baino ez garelako izango askotariko herri euskalduna». Eta Tuteratik Arguedasera bidean, BERRIA egunkariko langileek hartu dute Korrikaren lekukoa.

Tuterako eta inguruetako bideak urratuta, Lodosara iritsi da Korrika. Bihar ere segituko du askotariko pertsonen bilgune izaten. Lizarratik igaroko da goizaldean, eta Trebiñura iritsiko da eguerdirako; arratsaldean, berriz, Arabako hiriburuan ibiliko da, Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.