Orioko Ikastolak Usurbilgoari pasatu dio Gipuzkoako ikastolen jaiaren lekukoa. Hain zuzen, Udarregi ikastolaren alde ospatuko da urriaren 4an hemeretzigarren Kilometroak besta, Usurbilen, eta lortutako diruarekin ikastolaren azpiegitura finantzatu eta hezkuntza proiektu berria garatzea izanen dituzte helburuak. «Auzolanean eta herrigintzan» antolatuko dute jaialdia, eta horretarako Gattunk leloa erabiliko dute, Kilometroak «denak» direla adierazteko.
Dagoeneko pertsona ugari ari da antolaketa lanetan laguntzen, eta hori bera azpimarratu zuen atzo Udarregi ikastolako zuzendari Mariaje Imazek, jaialdiaren aurkezpenean: «500 herritar dabiltza hainbat batzordetan, eta usurbildarren izaerari jarraituz, aurreratu dezakegu jaialdirako hainbat ekintza berritzaile martxan jartzeko lanean gabiltzala». Era berean mintzatu zen Xabier Alustiza ikastolako lehendakaria ere: «Ikastolaren mugak gainditu, eta herri osoa zipriztindu ohi du Kilometroen antolaketak. Usurbilen zipriztin hori uholde bihurtzea nahiko genuke».
Hain justu, elkarlanaren adibide garbia eman zuten atzo iluntzean egin zuten aurkezpen ikuskizunean: 222 herritarren parte hartzearekin osatu zuten emanaldia, eta dantza, kantua, margolanak, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartu zituzten.
Txalaparta doinuz hasi zen ekitaldia, eta Usurbilgo ikastolaren lehen urratsak irudikatu zituzten antzerkiaren eta dokumental baten proiekzioaren bidez. Ttakun artean igaro zen, halaber, gehien itxarondako unea: leloa erakutsi zuten mementoa. Dozena bat txalapartarik erritmoa gero eta gehiago azkartu, eta azken kolpearekin bat 2015eko Kilometroen irudia agertu zen: Gattunk. Baina kolpeak eman zituen bertzelako ezusteko gehiago ere: oholtzako maindirea erortzera utzi eta Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak Kilometroetarako propio sortutako koadro handia erakutsi zuten une berean.
Leloa, balioen erakusle
Intza Salsamendik eta Lur Etxebarriak sortu dituzte 2015eko Kilometroetako logotipoa eta leloa, eta azaldu dutenez, ideia ugariren bateratzea bilatu nahi izan dute irudiaren bidez. «Gattunk hitzak euskara batuan gara aditzarekin jokatzen du, hikako forman erabilita, eta horrekin adierazi nahi dugu denok garela Kilometroak». Bestalde, hitanoaren bidez «lagunartea, konfiantza eta gertutasuna» islatu nahi izan dituzte: «Jaialdian indartu nahi ditugun balioak dira». Neska zein mutilen markak jasota, gainera, genero berdintasunaren ikuspegia biltzea dute asmoa.
Aditzaren ezaugarriez gain, ezkutuko erranahi gehiago ditu leloak, ordea: txalapartaren onomatopeia ere bada Gattunk, eta Etxebarriak adierazi duenez, musika tresna horrek Usurbilekin duen «harreman estuagatik» aukeratu dute. «Hirurogeiko hamarkadan, galtzeko zorian egon zen txalaparta, baina Usurbil eta inguruko herrietan mantendu eta biziberritu egin zen, eta gaur egungo gizartean guztiz bizirik dagoen musika tresna da». Euskararekin ere ahalegin horretan dabiltzala zehaztu du: «Oraina eta etorkizuna eman nahi diogu euskarari». Sagardoarekin ere baduela lotura gaineratu dute, eta auzolanean egin ohi den lana dela, gainera. Besta, sormena eta inprobisazioa transmititzen ditu musika tresnak, oro har, eta jolas egitea. «Horrelakoa da Usurbilen egin nahi dugun Kilometroak».
Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak ere garrantzia eman die bestaren izaera eta balioei: «Lana eta elkarlana, ilusioa eta esfortzua, irudimena, konpromisoa eta auzolana, harremanak, iritzi trukea, erronkari aurre egiteko grina... Hori dena dagoeneko martxan dago Usurbilen Kilometroen barruan». Adierazi du balio horiexek egin zutela posible Udarregi ikastolaren sorrera, eta gaur egun herria ikastolarik gabe ulertzea zail dela gehitu du: «Ikastolak, herriak eta euskarak Usurbilen hiru erpineko triangelua osatzen dute, osagarriak direnak». Ideiei garrantzia eman eta horiek praktikan jartzeko neurriak hartuko dituzte, Imazen hitzetan: «Aurreko jaien bertute guztiak izateaz gain, 2015eko Kilometroak aitzindari izango dira parekidetasunean, jasankortasunean eta inklusibotasunean».
Udarregi ikastolako eraikin berria ordaintzea eta pilotalekuaren estalpea egitea izanen dira bestaren helburu ekonomiko nagusiak, eta dagoeneko jarri dute martxan dirua biltzen hasteko lehenbiziko bidea: Gure Zozketa. Gaurtik aitzina salduko dituzte txartelak bost euroren truke, eta irabazleak 60.000 euroko diru saria eskuratuko du. Kilometroen denda ere gaur irekiko dute.
Euskararen ttakuna, auzolanean
Usurbilen ospatuko da 19. Kilometroak jaia, 2015eko urriaren 4an.Txalapartaren hotsa eta auzolana irudikatuko ditu 'Gattunk' leloak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu