«Euskararentzat galera»

Aitor Renteria BERRIAko Baionako erredakzioko burua hil da, Mungian, bihotzekoak jota.Gaur 19:30ean agur zibikoa egingo diote, Bilbon, Zumalakarregi etorbideko beilatokian

Aitor Renteria, 2006ko irudi batean. LE JOURNAL.
Nora Arbelbide, Enekoitz Esnaola
Baiona<br /><br />Donostia
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Ipar Euskal Herriko euskalgintzarentzat galera handia da». Hori diote, nagusiki, euskarazko hedabideetako, ikastolako, AEK-ko eta euskal kulturako ordezkariek Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetariaren heriotzaz. Atzo arratsaldean hil zen, Mungian (Bizkaia), bihotzekoak jota. Bilbokoa zen sortzez, Santutxu auzokoa, 51 urte zituen. Milafrangan (Lapurdi) bizi zen, eta 18 urteko alaba bat zeukan.

Hiruretan izan zuen ezbeharra, kalean zela, eta, handik Barakaldoko Gurutzetako erietxera eraman zuten arren, medikuek ezin izan zuten ezer egin. Haren gorpua gaur Bilboko Bilbaina beilatokian izango da, Zumalakarregi etorbidean. 19:30ean agur zibila egingo diote. Etzi familiak adio intimoa egingo dio.

Kontu politikoengatik 30 urte pasan etxetik kanpo ibili ostean, Renteria joan den apirilaren 24an itzuli zen Hego Euskal Herrira. Bilboko Santutxu auzoan izan zen orduan, eta hurrengo egunean Bakion harrera bat egin zioten —hangoa zuen aita—. Lehengo ostiraletik Mungian zen, senideekin, bost bat egun pasatzeko. Atzo bazkari bat zeukan, eta aurretik hil zen.

Hain zuzen, 1982an egin zuen ihes etxetik. 1996an atxilotu, eta Espainiako Estatura eraman zuten. Aske geratu zen, eta Ipar Euskal Herrira joan zen bizitzera.

BERRIAren Baionako erredakzioko burua zen. 1990eko hamarkadan Iparraldeko AEKn aritu zen irakasle. 2001ean Egunkaria-n hasi zen kazetari, eta han jardun zuen Espainiako Estatuak 2003ko otsailean kazeta itxi arte. BERRIAren sorreratik —2003ko ekainetik—, bertan izan da. Info7 irrati kateko eta Kazeta.info-ko kolaboratzailea zen. Bertsolaria zen, halaber.

Eneko Bidegain irakasle eta kazetariak bertsolaritzan, kazetaritzan eta AEKn ezagutu zuen. «Ipar Euskal Herriari ekarpen handia egin dio. Dinamikoa zen, jende asko ezagutzen zuen, eta iritzi desberdinei erakusten zien errespetua ere azpimarratuko nuke». Bidegainen ustez, «batez ere, euskaltzale sutsua zen».

Ezagutza sakona

Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktoreburuaren iritziz, «galera handia» da. «Hura zen Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikaren gaian euskal hedabideon artean kazetari erreferentea. Ezagutza sakona eta zehatza zeukan. Ikusten zuen nolako hizkuntz politika daramaten, mindu egiten zen, eta zorrotza zen».

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskarazko hedabideen arteko elkarlanaren amorratua ere bazen Renteria, Aizpuruk dioenez. «Frantses hedabideek indarra dutela ikusiz, euskarazkoek batu beharra zutela aldarrikatzen zuen. Nik esango nuke Txato zela horretan indar handiena egiten zuena. Eta lortu dugu euskarazko hedabideok elkarlanean hastea. Duela gutxiko udal hauteskundeetako lana izan da horren fruitu nagusia». Ahoan bilorik gabe elkarrizketa saioa ere aipa daiteke. Euskal Irratiek Renteriarengana maiz jotzen zuten, informazio eske. «Jon Anzaren auzia gertutik jarraitu zuen, eta askotan deitzen genion».

Ondorioz, hark «arrastoa» utziko duela uste du Euskal Irratietako erredaktoreburuak. «Esperientzia handia zeukan, euskaltzalea zen, eta balio handiak dira horiek Iparralderako».

Renteriak 2001ean Egunkaria-n Hur Gorostiagaren lekukoa hartu zuen, honek gogoratu duenez. «Le Journal kazeta sortzera zihoan, eta ni BERRIAtik hara joan nintzen, zuzendari aritzeko, eta nire ordez Txato sartu zen Egunkaria-n Baionako ordezkaritzan». Pertsona «alai, langile eta baikortzat» zeukan. «Lan asko egin du Iparraldean euskararen alde. Bizitzen ere bazekien. Eredu bat izan da».

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearekin hartu-eman handia zeukan BERRIAko kazetariak, hango zuzendari Gorostiagak dioenez. «Maiz egoten zen Paxkal Indorekin eta biokin. Gaia sakon ezagutzen zuen, eta ikastolen egoerarekin kritikoa zen». Oro har, euskal kulturaren aldeko langilea zela dio Gorostiagak, eta Euskal Herria Zuzenean jaialdiarentzat hark 1998an egindako Arrosako zolan kantaz oroitzen da. «Iparraldeko belaunaldi askorentzat kanta mitikoa da. Asko abesten da festatan eta».

Seaskako lehendakari Paxkal Indok hunkituta hartu du Renteriaren heriotzaren albistea. «Ipar Euskal Herriko euskalgintzarentzat sekulako galera da, euskararen langile sutsua baitzen». Seaska gertu zeukan BERRIAko kazetariak, «eta Seaskak ere bai hura. Haren iritzia zein zen jakitea gustukoa genuen. Baina lehenik, laguna eta militantea zen».

Peio Hegik lankide izan zuen Baionako Gau eskolan. «Dena bururaino» eramaten zuen horietako bat bezala gogoratzen du. «Lanean, bestan, adiskidantzan, ez zuen mugarik ezartzen, baita haserretzeraino ere, nahiz eta hortik zenbait egunetara berriz ere solasean aritu eta deus gertatu ez balitz bezala segitu. Maite zituenekin eskuzabala zen, zinez; atea beti irekia zuen».

Itzuli zeneko eguna

Euskal iheslariekin ere harremana zuen, bera ere hala izan baitzen urteetan. Itziar Imatz iheslariak oroitu du joan den apirileko azkeneko ostiralean elkarrekin joan zirela Bakioko ongietorrira. «Sekulako emozioak izan ziren, hainbeste denboraren ostean jendeak elkar ikusita». Gizon «inplikatua» zen, Imatzen ustez. «Beti Euskal Herriari lotua, alde guztietatik».

Sare sozialetan dolumin ugari izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.