Joan den uztailaren 7an euskalgintzako hainbat eragilek lema horren pean deitu zituzten euskaltzaleak Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean biltzera. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua adosteko kontzertazioa duela abantzu bi urte abiatu zuten instituzio partaideek eta Departamenduko ordezkariek behin baino gehiagotan adierazi zuten publikoki oinarrizko diru ekarpena ez zuela euro bakar batez emendatuko instituzioak, «negoziazioa» horrela blokeatuz (oroitaraz dezagun frantses Estatuak, Eskualdeak, Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak osatzen dutela EEP eta bakoitzak diru kopuru berdina ezarri behar duela).
Lerrook idazterakoan zenbateko aurrekontua adostea lortuko duten ez badakigu ere, ezker-eskuin entzuten denaren arabera gauza bakar batez izaten ahal gara segur: hizkuntza politikari ez dizkiote behar dituen diru baliabideak esleituko eta beraz nekez lortuko da EEPk berak duela bi urte plazaratu perspektiba, hots, hemendik 2050era Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %30 euskalduna izatea.
Aurrekontuaren inguruko negoziazio politiko horretan erabaki politikoak dira hartzen, eta kasu honetan auzitegietatik ez badatoz ere, euskararen kontrako oldarraldi orokorrago baten baitan koka ditzakegu, baliabide egokiak ez ezartzea hizkuntza politikaren eraginkortasuna trabatzea baita, edo, ahoan bilorik gabe mintzatzeko, euskararen kontra egitea.
Hexagono mailan eta lege baliabideei dagokienez ere panorama nahiko kaskarra dugu, itxaropena sortu zuen Tokiko hizkuntzak babesteko eta sustatzeko Molac legea-ren lehen ebaluazio txostena plazaratu baitu Frantziako Senatuak zutik ezarritako batzordeak: txostenak gehiago du gazitik gozotik baino, besteak beste agerian uzten baitu eskolaren bidez formatzen den ikasle kopurua ez dela nahikoa hiltzen den hiztun kopurua ordezkatzeko, lehen mailaren eta kolegioaren arteko pasatzean abandonu tasak altua izaten segitzen baitu, edota lizeo eta batxilergoaren erreformak lurralde hizkuntzak are gehiago baztertzen baititu.
Eta lege horrek ikasle guziei lurralde hizkuntza(z) ikasteko aukera proposatu behar zaiela finkatzen badu ere, praktikan ez da hala, besteak beste frantziar Estatuaren eta lurralde kolektibitateen arteko hitzarmenak ez direlako berritzen edo/eta aplikatzen, eta, zenbait kasutan, ez direlako ezta existitzen ere...
Beharrik egoera zail horien aitzinean elkarte mugimendua egituratuz joan den aurten, Ipar Euskal Herrian nahiz Hexagono mailan: gurean, euskalgintzako eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioak gogoeta sakona hasia du euskararen alde ari diren eragile gehiago bildu eta Ipar Euskal Herriak bizi duen testuinguruari hobeki erantzun ahal izateko; eta Hexagono mailan, bere eragiteko ahalmena indartu eta eztabaida publikoan gehiago pisatzeko asmoarekin, 2019an sortu Pour Que Vivent Nos Langues mugimendua kolektibo izatetik elkarte izatera pasatu zen urrian Baionan iragan biltzar nagusiaren karietara, biltzar nagusi horrek berretsi zuelarik mugimenduaren helburuetariko bat zela lurralde hizkuntzen aldeko lege koadroa hobetzea, besteak beste frantses Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa eskatzeko kanpaina segituz eta lege proposamen integrala landuz.
Bestalde, elkarte anitzeko egitura konfederalak indartzeaz gain, herri mugimenduak terrenoko xinaurri lana segitzen du, Ipar Euskal Herrian aspaldi errotu egitasmoak sendotuz eta berriak sortuz. Horrela, adibidez, euskarazko haurtzaindegiak biltzen dituen Konkolotx elkarteak bi haurtzain etxe berri (Irulegi eta Aiherra herrietan) sortu eta beste hiru proiektu abian zirela jakinarazi du, Seaskak bigarren lizeoa Donapaleun 2027ko sartzean irekiko duela iragarri du, eta, berritasunen artean, ezin aipatu gabe utzi Ipar eta Hego Euskal Herriko Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete egiturek abiatu «Famili'on egonaldi» ibiltariaren lehen edizio arrakastatsua edota ON! Piztu Euskara(z) elkartea garatzen ari den dinamika ederra.
Euskararen erabilera, transmisioa eta ikusgarritasuna egunerokoan areagotzeko xedea duten ekimen horien guztien arrakastak agerian uzten du proposamena luzatuz gero publikoak erantzuten duela, euskararen gosea bizirik dagoela. Garaia da beraz botere publikoek daramaten hizkuntza politikaren eta eskaera sozialaren arteko inadekuazioari buelta emateko, garaia da euskaraz bizi nahi dutenei eta euskarari trufa egiteari uzteko, garaia da euskararen kontrako oldarraldi fasetik euskararen aldeko pizkunde arora pasatzeko.
Herritarrak eta euskalgintza soziala horretarako prest dira eta erabakitzaile politikoen aldetik borondatea egonez gero denon artean posible eginen dugu.