Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketak antolatu ditu Kontseiluak irailaren 22rako, euskararen aldeko "eraldaketa soziala" sustatzen segitzeko asmon, gaur Donostian emandako prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Euskal Herriko hainbat lekutan izango dira probak.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikak 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazio batean du jatorria. Kontseiluaren ustez, normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak egin ahal izateko beharrezkoa da "eraldaketa soziala" ematea, eta "hor guztiek dute zer egina eta zer esana". Horregatik, dinamika arlo sozialeko esparru desberdinetara hedatu nahi du. "Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak, eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak eta hori metatzen joan behar dugu”.
Herri lasterketak 50 lekutan baino gehiagotan egingo dituzte. Ez dira proba lehiakorrak izango. Izen-ematea irailaren 1etik aurrera egin ahal izango da —www.euskarazbizinahidut.org webgunean eta lasterketak antolatuko diren herrietan—.
Kontseilua joango da xehetasun gehiago ematen.