Alizia Iribarren. Erriberan Euskaraz elkarteko kidea

«Euskaraz bizitzen saiatu behar dugu; kalean euskara gehiago entzun behar da»

Nafarroa osoan euskara ofizial izatea eskatzen du Erriberan Euskaraz taldeak. Larunbatean manifestazioa egingo dute Tuteran; beren egoera zailean sostengua lortzeko balioko duela uste du Alizia Iribarrenek.

Iruñea
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Erribera, Euskararen Legeak 1985ean Nafarroa hiru hizkuntz eremutan banatu zuenetik, eremu ez-euskalduna da. Hortaz, euskara ez da ofiziala bertan. Euskaldunak eta euskaltzaleak, ordea, badira, eta Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskatzen dute. Alizia Iribarren (Elizondo, 1976) Erriberan Euskaraz elkarteko kidea da, eta, dioenez, areagotu egin behar da esukarak kalean duen presentzia, bertako hizkuntza denez. Larunbat honetan manifestazioa egingo dute Tuteran, 12:00etan. Berrehun atxikimendu baino gehiago jaso dituzte dagoeneko.

Zertan da gaur egun euskara Erriberan?

Egia esan, azkeneko 30 urtean egoera aldatu da. Euskara hiztunen kopurua handitu da; ikastola lanean aritu da, eta 25 urtez jendea euskaldundu du; AEK-k ere bere lana egin du, eta euskaldunak egin ditu. Hizkuntza Eskolan ere euskara irakasten da. Euskaldun gehiago gara, baina euskara lagunarteko giroan baino ez da erabiltzen.

Zer aldatu da?

Lehen baino gehiago entzuten da euskara kalean. Nahiz eta jende asko euskararen kontra egon, eta hizkuntza arrotza dela pentsatzen duten, gero eta gehiago entzuten da kalean. Gainera, beste batzuek normaltzat hartzen dute euskaraz hitz egitea.

Euskara Erriberako hizkuntza ez dela esaten duten horiei, nola azaldu Nafarroa osoko hizkuntza dela?

Nortasunaren arabera izaten da. Hizkuntza arrotz ikusten duten horiek ideologia edo ideiengatik pentsatzen dute horrela, eta arrotz ikusten dute azalpenak emanda ere. Beste batzuek ikuspegi irekiagoa dute, eta, Nafarroa osoko hizkuntza dela esaten denean eta arrazoiak ematen ditugunean, errazago aldatzen dute jarrera.

Zein eskubide urratzen zaizkizue Erriberako euskaldunei?

Gure hizkuntzan bizitzeko aukera urratzen zaigu, arlo guztietan. Bakoitzak bere etxean nahi duena egin dezake, edo taldean edo lagunen artean nahi duen hizkuntzan hitz egin dezake; ezin digute ezer esan. Baina euskara ikasteko eskubidea, adibidez, urratzen zaigu, ikastola pribatuan izan ezik. Bai umeei, bai helduei. Administraziora euskaraz bideratzeko edo jotzeko eskubidea ere urratzen zaigu. Modu pribatua ez den beste edozein arlotan, alegia.

Nola alda daiteke euskarak Erriberan duen egoera?

Administrazioak legeak aldatzen ez baditu, ezin dugu ezer egin. Orain egiten ari garena egiten jarraitu behar dugu; hau da, euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa aldarrikatu behar ditugu. Herritarrek egin behar dute ekarpena. Euskaraz bizitzen saiatu behar dugu; kalean euskara gehiago entzun behar da, dendetan erabili, eta abar. Adibidez, taberna batera sartzen diren bezeroen %20k euskaraz hitz egiten badute, tabernariak jarrera aldatuko du, eta hizkuntzagatik zerbait egingo du. Edo udaletxera joaten bagara, guk beti eskatzen dugu ele bitan egitea, euskaraz bakarrik eginda ez dutelako kasurik egingo. Horrela, agian, jarrera aldatuko dute. Lan eraginkorrena euskara erabiltzea eta euskara bultzatzea da.

Erriberako herritarrek euskara ikasteko nahia azaltzen dute?

Bai, nahia badago. Ikastolan, hizkuntz eskolan eta AEK-n ikasleak badaude. Euskara ikasten duen jende gehienak euskara bere hizkuntza dela sentitzen duelako ikasten du. Edo, besterik gabe, beste hizkuntza bat jakiteko, ingelesa balitz bezala. Baina euskara jakiteko beharrik ez dagoenez, jende gutxik ikasten du.

Euskaltegiko irakaslea zara. Zenbat ikasle dituzu?

30 ikasle ditut. Egoera aldatu da. Duela 15 urte askoz ere jende gehiagok ikasi nahi zuen euskara, beste egoera batean bizi ginelako. Jendearen nahia beste bat zen. Gaur egun bezala, ez zegoen euskara jakiteko beharrik, baina bai kontzientzia. Gaur egungo bizimodua aldatu da; ordu asko pasatzen ditugu lanean, eta eragina izan du ikasle kopuruan.

Diru laguntzarik jasotzen al duzue?

Laguntzarik ez dugu. Kultur jarduerak antolatzeko, udalean aurrekontu oso txikia dago, eta betikoek eramaten dute. Besteok, euskara bultzatzeagatik espresuki, ez dugu ezer ere jasotzen. Ez dakit beste kultur taldeek zenbat jasotzen duten, baina guk ez dugu ezer jasotzen. Hamabost urte daramatzat euskaltegian irakasten, eta kultura jarduera asko antolatu ditut, eta zero euro jaso dugu.

Diskriminaturik sentitzen zarete?

Ez; azken finean, euskaldunak oso harroak garenez, berdin zaigu zer esaten diguten. Batzuetan kalean euskaraz hitz egiten zoaz, eta batzuek buelta ematen dute, edo gaizki begiratzen dute, edo zerbait esaten dute. Guk, kasurik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.