Fagor Arrasateko Berrikuntza zuzendaria

Andoitz Aranburu: «Euskaraz edukiak sortzea gure estrategian sartuta dago»

Euskarak lehen ez bezalako tokia du orain makina-erremintari buruzko kongresuan, besteak beste, Fagor Arrasatek bultzatuta. Aranburuk eman du hor egindako bidearen berri.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 30a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erremintaren berritasunak lehen lerroan daude egunotan Donostian, Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren 24. Kongresuan. AFM klusterrak antolatzen du, bi urtean behin. Kluster horretan batuta daude arloko enpresa eta erakunde esanguratsu ugari, Euskal Herrikoak horietako asko. Hainbat aitzindariak dira euskaraz lan egiteko aurrerabideetan, eta urteotan lanean jardun dute kongresuan euskararen presentzia bermatzeko urratsak egiten, Gipuzkoako Foru Aldundia bidean lagun dutela. Urrats horiei esker, webgunea euskaraz dago orain, aurkezpenak euskaraz egiten dituzte enpresa horietako ordezkariek, eta saritu ere egiten dute kongresu bakoitzeko euskarazko lanik onena. Fagor Arrasate eta Koniker kooperatibak aparteko ahalegina egiten ari dira hor. Fagor Arrasateko Berrikuntza arduradun Andoitz Aranburuk (Antzuola, Gipuzkoa, 1976) lorpen horiek nabarmendu nahi izan ditu. Zazpiehun langile ditu enpresak; egoitza nagusia Arrasaten dute (Gipuzkoa), baina atzerrian ere ari dira: Alemanian eta Turkian, kasurako. 

Hemen ere euskarak tokia izateko ahalegina egin duzue. Zer bide egin duzue horretarako?

Berrikuntza orain dela bi urte hasi zen. Beti bultzatu izan dugu aurkezpenak euskaraz izatea, eta orain dela bi urte sarrerako hitzaldia ere euskaraz egitea proposatu genuen, eta halaxe izan zen. Aurten bide horri jarraitzen ari gara.

Hain justu ere, egitarauari begiratuta, ikus daiteke euskaraz egingo direla hainbat aurkezpen. Webgunea euskaraz ere badago. Zerk bultzatu zintuzten pauso horiek egitera?

Fagor Arrasaten 1990eko hamarralditik ditugu euskara planak, eta iaz Emun Urrea ziurtagiria eman ziguten. Horrek adierazten du ez dugula nahi euskaraz edukiak sortzea motibazio kontua soilik izan dadin; horregatik, gure kudeaketa planean eta estrategian sartuta dago. Horren barruan, saiatzen gara edukiak euskaraz sortzen, eta hau da horren erakusgarri polit bat, erakusteko Fagor Arrasateren moduko enpresa batek, zeinak zazpiehun langile dituen eta %90 kanpora esportatzen duen, egin ditzakeela proiektuak euskaraz eta erakuts ditzakeela garapenak euskaraz. Bultzatu nahi izan dugu hori hain teknologikoa den esparru honetan ere. 

«Fagor Arrasateren moduko enpresa batek, zeinak zazpiehun langile dituen eta %90 kanpora esportatzen duen, egin ditzake proiektuak euskaraz»
Zein bidelagun dituzue kongresua euskaratzeko bide honetan?

Eskerrak eman behar dizkiegu bai AFMri eta bai Gipuzkoako Diputazioari ere, ekitaldi hauek euskaraz egiteko laguntza emateagatik. Azkenean, itzulpen zerbitzu bat dago euskara ulertzen ez dutenentzat, eta, hori egongo ez balitz, zailagoa izango litzateke aurkezpenak euskaraz egitea. Eta bultzatu nahi ditugu bide horri jarraitzera; azkenean, gure helburua euskaraz lan egitea da, horretarako baliabideak jartzea, eta garrantzitsua da instituzioek alor honetan gu eta gure moduko enpresak sustatzea. 

Fagor Arrasateren hitzaldi guztiak euskaraz izango dira, beraz?

Gure hitzaldi guztiak euskaraz izango dira, eta beste batzuen aurkezpenak ere bai.

Abiatua duzuen bide honetan aurrera egiteko, zer behar da?

Instituzioen konpromisoa badago, baina esango nuke igual behar dela gehixeago bultzatzea, era horretan jende gehiago batzeko honetara. 

Nola azaldu ekinbideon garrantzia? Zergatik da garrantzitsua halako tokietan ere euskaraz aritzea?

Euskara esparru guztietara eraman behar dugulako; besteak beste, lan eremura. Eta lan eremuan euskaraz egiteko, halako arloetan ere euskarak hor egon behar du, bestela ematen du arlo teknologiko honetan gaztelania bakarrik existitzen dela, edo ingelesa.

«Halako arloetan ere euskarak hor egon behar du, bestela ematen du arlo teknologiko honetan gaztelania bakarrik existitzen dela, edo ingelesa»

Lehen esan duzun eran, Fagor Arrasaten, adibidez, zuen lanaren parte handi bat euskaraz egiten duzue.

Bai, departamentu batzuetan euskaraz bakarrik egiten dugu lan. Adibidez, gure Berrikuntza departamenduan bilerak euskaraz dira, proiektu asko euskaraz garatzen dira, dokumentazioa euskaraz sortzen da... Aurkezpenak ingelesez egiten dira, bezeroak askotan kanpokoak direlako, baina gure artean euskaraz egiten dugu. 

Euskararen gaineko trabak nabarmentzeko joera izaten da maiz. Aurreiritzi horiek guztiz apurtzera dator zuen jarduna, ezta?

Bai, hori da helburua: euskara bultzatzea, eta erakustea posible dela. 

Kongresu honetan, eta gisakoetan, tankera eta jatorri askotako eragileak batzen zarete. Zer-nola hartzen dute ingurukoek euskararen inguruko hautua?

Bada, ez da erraza. Azkenean, lan handia eskatzen du honek, lan gehigarri bat, eta lan gehigarri bat dagoen guztietan beti izaten da errazagoa ez egitea. Horregatik bultzatu behar da.

Zuen eguneroko jardunean zer ikusten duzue? Gazteen partetik-eta gero eta naturalago hartzen da euskaraz jardutea?

Esango nuke ezetz. Esango nuke aspaldian atzerapen bat egon dela ildo horretan. Lehen naturalagoa zen euskaraz egitea. Jakintza mailan ez, baina erabileran atzerapen bat egon da, nire ustez. Batez ere, gugan, bailaran, jaitsi egin da erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.