Internetek, oro har, eta sare sozialek, zehazki, komunikatzeko erak eraldatu dituzte. Sarean egotea erronka bat izan daiteke, aukera berriei irekitako atea. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, Informatikari Euskaldunen VIII. Bilkura egin zuten atzo Donostian. Bertan, euskara Interneten egotearen garrantziaz jardun zuen Josi Sierra irakasle eta IKT aholkulariak. Zortzigarren Lurraldea izeneko ekimenean ari da lanean, eta atzo ezagutarazi zuen proiektua. «Ekarpen bat izan nahi du, adreilu txiki bat, harri bat gehiago, euskarak ziberespazioan eraiki behar duen etxea osatzeko». Hala aurkezten dute sustatzaileek ekimena.
Zortzigarren Lurraldea ekimenean lanean diharduzu. Zein da lurralde hori?
Euskaraz lan egin, aritu, nabigatu nahi duen jende guztiari irekita dagoen lurralde bat da Zortzigarren Lurraldea. Anjel Lertxundik arduraz ikusi zuen hemen lurraldetasuna asko zaintzen dugula, asko borrokatzen garela haren alde. 2005ean, ordea, Lertxundi konturatu zen Interneten euskararen presentziak ez zeukala entitate bat. Jabetu zen euskara Interneten egon badagoela baina ez zeukala inoren arreta, inoren zaintza. Orduan, zortzigarren lurraldearen metafora hori erabili zuen berak, bertsolari baten «gu gara zazpi probintzia» esanean oinarrituta. Interneten ikusgai egon nahi badugu sarean zerbait izan behar dugula pentsatu zuen Lertxundik, eta uste horretatik atera zuen berak zortzigarren lurraldearen ideia.
Sarea al da euskararen gaur egungo eta etorkizuneko lurraldea?
Hori da abiapuntua. Interneten egon bagaude, eta egon nahi dugu, baina ikusi ere egin behar gaituzte zortzigarren lurralde horretan. Euskarazko komunitatea badago jada sarean, eta, beraz, komunitate hori esku-eskura dugula jabetzeko proposamen bat da Zortzigarren Lurraldearen ekimena.
Sarea aukera bat al da euskara sustatzeko eta lantzeko?
Zalantzarik gabe. Gaur egun, sarea ez badugu euskaraz egiteko erabiltzen, jai daukagu. Proposamen honekin, bide aurreratuenak edo nire ustez onenak direnak erabili nahiko genituzke, sarea aukera bat dela komunikatzeko. Ideia indartsu eta pertsona aditu batzuk aukeratu ditugu, eta pertsona horiekin elkarrizketa grabatuko dugu. Grabaketa horiek sarera itzuliko ditugu ondoren, modu librean eta irekian. Gainera, material horiek doakoak izango dira, edozeinek erabili ahal izateko; guk adierazten dugunaren gainean eraikitzen jarraitzeko.
Sarea tresna bat izan daiteke euskararentzat. Zer eman dakioke euskarak sareari?
Euskaraz lan egin, bizi eta aritzen garenok gure lanaren emaitza eman diezaiokegu Interneti; dakiguna, daukaguna, eta idazten eta irakasten duguna elkarrekin banatu dezakegu sarean. Zortzigarren Lurraldea ekimenak trukaketa hori bideratzen laguntzea du helburu.
Erdaldunak euskarara erakartzeko, erabilgarria izan al daiteke sarea?
Bide bat gehiago dela uste dut; gaurkotasun handikoa, indartsua eta oso erabilgarria dena. Norberak dituen beharren arabera erabiliko du tresna hori, itzultzaileak, bilatzaileak eta abarrak baliatuz.
Anjel Lertxundik adibide bat jartzen du: Japoniara baldin bazoaz, eta han ez baduzu euskaraz hitz egiteko lagunik, sarean euskarazko edukiak ikus ditzakezu. Orain arte, kanpora zihoanak ez zuen euskaraz egiten jarraitzeko aukerarik. Orain, posta elektronikoa irekitzearekin batera, euskaraz irakurri, entzun edo hitz egin dezake; euskararen lurraldean barneratzen da. Beharbada, oraindik konturatu egin behar dugu lurralde hori hor dagoela, eskura daukagula. Sareak ematen dituen aukerak baliatu behar ditugu.
Finean, Internet guztion artean elikatzen dugun plataforma da.
Bai, norberak bere lagunekin, lankideekin edo senideekin euskaraz elkarreragin dezake, eta sarean elkarrekintza horrek oihartzuna izatea da lortu behar duguna. Esaterako, .eus domeinuaren ekimenarekin antzeko helburu bat jarri dute mahai gainean; alegia, Interneten euskaraz ekoizten den material guztiari ikusgarritasuna ematea.
Josi Sierra. Irakaslea eta IKT aholkularia
«Euskarazko elkarrekintzek Interneten oihartzuna izatea lortu behar dugu»
Udako Euskal Unibertsitateak Informatikari Euskaldunen VIII. Bilkura egin du Donostian. Bertan, sare sozialen eraginaren eta horiek eskaintzen dituzten aukeren inguruan eztabaidatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu