Euskarazko hautuaren alde

Ipar Euskal Herritik hasita, herrialde guztietan ari dira gurasoak haurren jaiotza inskripzioa euskaraz egitearen alde; ekimenaren alde batzeko deia egin dute.

arantxa iraola
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Maiatzerako espero du bigarren haurra Iratxe Aranburuk. Zarautzen (Gipuzkoa) du bizilekua. Umearen jaiotza inskripzioa euskaraz egiteko borrokan 2008an murgildu zen, lehendabiziko alaba izan zuenean. «Gaztelaniazko liburuan euskaraz jartzea lortu genuen». Lorpen txiki bat izan zen. Txikiegia. «Ez gaude konforme». Bigarren haurra jaiotzen denerako, konponduta nahi luke arazoa, eta euskara hutsean egitea izen-ematea. Zarautzen umea izatekotan dauden hainbat guraso elkartu dira xede horren inguruan. Trabaz betetako bidea dute aurrean: «Hainbeste harri, hainbeste zulo; etsigarria da». Udala lagun dutela dio, erregistroko langileek ere, jarrera ona dutela. Baina, gaur, eskubidea ezin dute bete. Aditerazi dietenez, erregistroko langileen trebakuntza ikastaro bat baino ez da falta hautua emateko, baina ez dute ulertzen zergatik ari den atzeratzen horrenbeste. Aldarriarekin bat egitera bultzatu nahi ditu guraso gehiago. «Ea askok jasotzen duten mezu hau. Herriak eskatzen badu, lortuko dugu».

Leire Munduatek ere ez du amore ematen. Ataunen (Gipuzkoa) bizi da, eta euskaraz erregistratzen saiatu da bere bi umeak. Etsipen apur batekin mintzo da bere istorioaz: lehen haurra jaio zenean, gaztelaniaz erregistratu behar izan zutela eta, inskripzioaren ondoan, kexa gisara, alboko inskripzio bat onartu zieten. Bigarrenarekin, ezta hori ere: «Atzerapausoa da».

Kritikoa da, justizia administrazioko eragile denek ez baitute portaera bera izaten: «Ez dituzte irizpide berak erabiltzen epaileek». Nahas-mahas horretan gurasoek umea erregistratu gabe uzteko hauturik ezin dutela egin dio. «Inskripziorik gabe, batere eskubiderik gabe geratzen zara».

Ofizialtasunaren eremutik at badira, euskarazko hautuarekin saiatzen diren gurasoak ere. Azkainen (Lapurdi) bizi da Ainhoa Elizondo. Haurra euskaraz inskribatzeko asmoa azaldu zuten guraso berriek erregistroan. Ez zen esperientzia atsegina izan. «Aurpegi txarrak jaso genituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.