Itziar Ituño aktoreak bota du Etxealditik Euskaraldira dinamikako seigarren erronka, bere itxialditik: «Lehen, zinemara joan ahal zenean, asteazkenetan izaten zen ikuslearen eguna, ezta? Ba, zergatik ez dugu orain gauza bera egiten?». Asteazkenetan euskarazko filmak ikusteko deia egin du aktoreak, eta ondoren filmen inguruko solasaldiak sustatzekoa. «Ezin gara zinemara joan, baina utzi ahal diogu zinemari eta euskarari gure etxeko geletan sartzen», nabarmendu du.
Lau fase ditu dinamikak: aurkezpena apirilaren 20an egin zuten; hausnarketa fasea asteartea eta osteguna bitartean izan da; atzo hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamenena hasi zen; eta bukaerako ekitaldia, maiatzaren 3an –apirilaren 30ean jakinaraziko dute nolakoa izanen den zehazki bukaera–.
Lehen erronkan euskaraz jolastera deitu zuten, eta bigarrengoan, lagun artean euskaraz online poteoa egitera. Hirugarrenean, berriz, bazkalorduan eta ondoren euskaraz aritzeko erronka bota zuten. Astelehenean, funtsezko langileentzako esker oneko mezuak zabaltzera deitu zuten. Asteartean, bosgarren egunean, berriz, lehen hitza euskaraz egiteko deia egin zuten.