Datorren astelehenean hasiko da aurrematrikulazioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide Heziketan ikasi nahi dutenentzat, eta hilaren 23ra arte izango dute eskabideak aurkezteko aukera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri duenez, eskaera gero eta handiagoa da, eta, horregatik, 2025-2026ko ikasturterako 65.710 ikaspostu eskainiko dituzte, ikasturte honetan baino 2.920 gehiago.
Izan ere, Hezkuntza Sailaren irudiko, Lanbide Heziketa «gero eta erakargarriagoa» da ikasleentzat: «Egungo eta etorkizuneko bide bihurtzen dute laneratze tasa handiak, aldaketa teknologikoetara eta sozialetara egokitzeko gaitasunak eta ekoizpen sarearekin duen zuzeneko loturak». Egun, 50.000 pertsona baino gehiago ari dira Lanbide Heziketan. «Horrek erakusten du azken urteotan hazkunde iraunkorra izan dela». Horregatik hartu du Jaurlaritzak ikaspostu gehiago sortzeko erabakia, eta hazkunderik handiena arlo hauetan izan da: informatika eta komunikazioetan, elektrizitatean eta elektronikan, eta osasungintzan. Ikaspostu berrietatik %69 ikastetxe publikoetan izango dira; gainerako %31, itunpekoetan.
160Titulazioak. Lanbide Heziketan 160 titulu edukiko dituzte ikasleek aukeran, 184 ikastetxetan.
Orotara, 160 titulazio egongo dira aukeran, 184 ikastetxetan. Izena eman nahi duen orok astelehenetik maiatzaren 23ra arte edukiko du horretarako aukera; Hezkuntza Sailaren webgunera, Lanbide Heziketako ikastetxeetara edo Zuzenean zerbitzura jo beharko dute horretarako. Hezkuntza Sailak beren-beregi nabarmendu du Lanbide Heziketak, izenari men eginez, lanbiderako atea irekitzen diela ikasle gehien-gehienei. Hain zuzen, Lanbide Heziketako ikasleen %90ek lana lortzen dute. «Energia eta ura, eta instalatze eta mantentze lanak arloak dira nabarmentzekoak, ia % 100eko enplegagarritasuna baitute».
Berrikuntza gehiago
Ikaspostu gehiago eskaintzea ez da izango nobedade bakarra. Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, datorren ikasturtean berriro aukera emango dute C graduak —ziurtagiri profesionalak— eta ibilbide integratuak —oinarrizko eta erdi mailako gradua eskola berean— egiteko. Azaldu dutenez, C graduetan, ikasleak titulu bateko modulu batzuetan baino ez dira matrikulatzen, eta, horrela, amaitzen dutenean, ziurtagiri profesional bat lortzen dute. Titulua erdiesteko aukera izango dute modulu guztiak egindakoan. Gainera: «Datorren ikasturtean Lanbide Heziketako eredu berria indartuko da, prestakuntza dual gehiagorekin, modulu berriekin, graduen araberako egituraketarekin eta enplegagarritasunerako orientazio handiagoarekin». Lanbide Heziketaren ekarpena nabarmendu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak: «Euskal Lanbide Heziketa urrats sendoak eginez doa aurrera, egungo erronkei erantzuteko eta etorkizun justuagoa, iraunkorragoa eta herrialdearen errealitatearekin lotuagoa eraikitzeko».