Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.039 familiarekin harremanetan jarri da gutun bidez, eta jakinarazi die etxea izateko «eskubide subjektiboa» dutela, EAEko Etxebizitza Legeak horretarako eskatutako baldintzak betetzen dituztelako. Iñaki Arriola buru duen sailak azaldu duenez, familia horiek Etxebide programan izena emanda daude, baina oraindik ez dituzte hasi etxebizitza bat izateko tramiteak. Horiek egiteko moduan dira.
Etxebizitza «duin eta egoki» bat eskuratzeko baldintzak dira Etxebiden izena emanda egotea duela lau urtetik, gutxienez, eta ezarritako mugen barruko diru sarrerak edukitzea. Hiru kide edo gehiagoko familietan, urteroko diru sarrera horiek 15.000 eurotik beherakoak behar dute izan. Kideak bi direnean, 12.000 eurotik beherakoak behar dute izan, eta, bakarra denean, ezin du 9.000 euroren langa gainditu baldintzak betetzeko.
Aste honetan hasi da Jaurlaritza familia horiekin harremanetan jartzen, eta helarazi zaien gutunean azaltzen die zer tramite egin behar diren, baita agiriak non aurkeztu behar dituzten ere, izan fisikoki edo telematikoki. Eskubidea gauzatzeke dauden 5.039 familia horien artean 598 Araban bizi dira, 3.109 Bizkaian, eta 1.332 Gipuzkoan.
2015ean Etxebizitza Legea onartu zutenetik, EAEn 4.712 familiari aitortu zaie etxea izateko eskubidea: 918 familiari Araban, 3.228 Bizkaian, eta 566ri Gipuzkoan.