MEMORIA ETA ELKARBIZITZA

Eusko Jaurlaritzak 92 testigantza bildu ditu Gertu programaren bitartez

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "talde terroristek" hildakoen senideen testigantzak dira bildutakoak, eta Gogora institutuak gordeko ditu. Testigantza eman dutenen %70 baino gehiago prest agertu dira grabazioak zabaltzeko, erakusketa edota heziketa programetan. Jaurlaritzak ekimenaren bigarren atala abiatuko du apirilaren amaieran.

Enrique Ullibarriarana eta Aintzane Ezenarro. DAVID AGUILAR / EFE
Berria.eus
2016ko martxoaren 31
07:34
Entzun

Gertu programaren lehen atala amitzear dela, emaitzei buruzko iritzia eman du Eusko Jaurlaritzak. Lortutakoarekin gustura agertu dira Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria eta Enrique Ulliabarriarana biktimen gaineko politiketarako aholkularia, gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan egin duten agerraldian. Gertu programak 92 testigantza jaso ditu, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian "talde terroristek" hildakoen senideen artean. Eusko Jaurlaritzak "talde terroristatzat" jotzen ditu ETA, Komando Autonomo Antikapitalistak, GAL, BVE, Triple A eta eskuin muturreko beste talde batzuk.

Egitasmoa 2014ko maiatzean abiatu zuen Jaurlaritzak, bi helburu nagusirekin. Batetik, biktimen eguneroko errealitatea ezagutu eta haien beharrei erantzutea. Bestetik, memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntzan parte hartzeko bideak eskaintzea.

Ekinaldiak harrera ona izan du biktimen artean, Jaurlaritzaren esanetan. Hala, Ezenarrok azpimarratu duenez, "batzuek lehen aldiz eman dute testigantza". Programan parte hartu dutenen %70ek baino gehiagok testigantzak gizartean zabaltzeko baimena eman izana ere nabarmendu du. Grabazio horiek erakusketa eta heziketa programetan erabiliko dira.

Hain zuzen, biktimen testigantzak ikusgai egon dira Gogora institutuak antolatu duen Memoriaren Plaza erakusketa ibiltarian. Bilbon, Tolosan eta Durangon izan da dagoeneko, eta Gasteizen izango da hurrena, apirilaren 18tik 24ra.

Bigarren atala abiatzear

Gogora programak aldi berriari ekingo dio apirilaren bukaeran. Aurreko ekimen eta helburu berak bultzatuko ditu, baina bestelako testigantzak biltzeko. Indarkeriak zauritu edo jazarritakoen bizipenak jasoko ditu Jaurlaritzak. 50 testigantza inguru biltzea espero dute. Ezenarrok, aurrera begira indarkeria polizialen biktimekin ere antzeko programaren bat abiatzeko aukera irekia utzi duen arren, oraindik biktima horiek "aitortze prozesuan" daudela argitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.