Etxebizitza

Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean

Salatu duenez, lege horrek Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ditu. EAJk legearen aurka bozkatu zuen apirilean, onartu zutenean. Ez dute erabakia babestu PSE-EEko sailburuek.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ekainean,Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko uztailaren 26a
12:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak ez du Espainiako Etxebizitza Legea indarrean nahi. Lege horren aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela. Legearen zazpi artikuluren eta hainbat xedapenen aurka egin du Jaurlaritzak, bere zerbitzu juridikoek osatutako txosten batean oinarrituta. Espainiako Gobernuari elkarrizketa eskatu dio, «legea ulertzeko moduan» dituzten moduetan ados jartzeko.

Helegitea jartzeko erabakiarekin bat ez datozela jakinarazi dute PSE-EEko hiru sailburuek, besteak beste, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak.

Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian —han erabaki dute helegitea jartzea—, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Madrilek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako legediak biltzen ez dituen baina haren eskumena diren gaiei dagozkien lege bat jarri duela indarrean. Horregatik, Zupiriak salatu du jokabide horrek ezarri beharreko legediaren inguruko segurtasun falta sortzen duela: «Euskadiri inposatu dizkiote autonomia erkidego honen eskumenak diren hainbat neurri».

Urradurarik ez

Kazetariek galdetu dioten arren, bozeramaileak ez du zehaztu PSE-EEko sailburuek zergatik ez duten erabakia babestu. Dena den, esan du gobernua osatzen duten bi alderdien arteko harremanean ez dagoela «inolako urradurarik». Gogorarazi du, gainera, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak onartutako hainbat legeren aurkako helegiteak aurkeztu dituela, baina bi aldeen artean elkarrizketa egon denetan lortu dituztela akordioak. Oraingoan ere gauza bera gertatzea espero duela esan du Zupiriak.

Etxebizitza Saila PSE-EEren esku dago gaur egun, eta alderdiak ohar batean azaldu du Etxebizitza Legea babesten duela «euskal legeriaren testuinguruan garatzen dituen politiken errefortzu eta osagai gisa». Hala ere, sozialistek espero dute helegitea ez izatea «oztopo» legea Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen hasteko. Gainera, gobernukideen egiteko moduarekin kexu agertu da PSE-EE: «Administrazio bakoitzak bere interesak eta eskumenak defendatzeko eskubidea errespetatzeaz harago, uste dugu horien arteko auziak saihestu behar direla ahal den neurrian, eta interes orokorra bilatu behar dela».

Aldiz, PP pozik agertu da helegitearekin. Carlos Iturgaiz PPren EAEko presidenteak uste du erabaki egokia dela helegitea jartzea, eta uste du EAJk eta PPk «elkar ulertu» dezaketela gai horretan, «Etxebizitza Legea aberrazio bat delako, Soilik baietz da baietz legea eta Memoria Demokratikoko Legea bezala».

Etxebizitza Legea apirilaren 27an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak. PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako gobernuak EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak baliatu zituen lege horretarako. Aurka bozkatu zuen EAJk, «eskumenetan eginiko inbasio bat» dela iritzita. Argudio bera erabili du orain. Legea maiatzaren 26an sartu zen indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.