Albistea entzun

Etxebizitza Legea

Sartu da indarrean Etxebizitza Legea

Hainbat berme ekarriko ditu lege berriak; besteak beste, alokairuen prezioen, maizterren eta etxegabetzeen arloetan. Etxebizitza eskumenen inguruan, izan da eztabaidarik.

Bilboko Zazpikaleak, artxiboko irudian.
Bilboko Zazpikaleak, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2023ko maiatzak 26

Gaur sartu da indarrean Hego Euskal Herrian, udal eta foru hauteskundeen atarian, hain zuzen. Espainiako Gobernuko alderdiek —PSOEk eta Unidas Podemosek—, EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak adostutako testua da, eta haren helburua da «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea». Apirilaren amaieran onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, aipatu alderdien aldeko botoekin; joan den astean, berriz, Espainiako Senatuan. Atzo argitaratu zuten Etxebizitza Legea Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Testuak dioenez, «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» emango die autonomia erkidego bakoitzeko etxebizitza politikei. Alokairuen prezioen igoera kontrolatzeko bidea ematen du Etxebizitza Legeak tentsio handiko eremu izendatukoetan. Horietan, jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten; %3 2024an; eta 2025eko indizea zehazteko dago —KPIaren azpitik egongo da betiere—.

Eremu batek bi baldintza bete beharko ditu tentsio handikoa izateko: baga, hipoteken edo alokairuen kostuek (gastuak barne) familien batez besteko errentaren %30 gainditzea; biga, etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana izendapen hori jaso aurreko bost urteetan.

Ikusi gehiago: Aitziber Etxezarreta ikertzailea: «Beharrezkoa da lege berri honen aterki juridikoa»

Etxebizitza legeak hainbat berme ekarriko dizkie maizterrei. Etxe agentzien gastuak jabeak ordaindu beharko ditu, alokairuen kasuan. Tentsio handiko eremuetan, kontratua eta maizterra berria izanda ere, jabeek ezingo dute alokairua indizearen gainetik igo —dokumentazioa eskatu ahalko dute maizterrek egiaztatzeko ez dela iruzurrik—. Bestalde, gastu berriak argudiatuta alokairuen prezioa igotzea debekatuko du, betiere obrek higiezinaren balioaren %10 gainditzen ez badute.

Gaur egun arte, gutxienez hamar higiezin zituena hartzen zen jabe handitzat. Legedi berriarekin, bost higiezinetan jarri dute muga. Jabe handiak derrigortuta egongo dira administrazio publikoekin elkarlanean aritzera. Tentsio handiko eremuetan, beste neurri batzuk aplikatu ahalko zaizkie.

Etxegabetzeetan, data eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute etxe horretan bizi direnek, legez. Familia zaurgarrien kasuan, administrazioek zuzenean esku hartu beharko dute etxegabetzeetan —orain arte, gerta zitekeen horien berri ez izatea ere—. Atzo bertan, Ertzaintza indarrez sartu zen Erandioko (Bizkaia) pisu batean, eta barruan zeudenak atera ditu.

Eskumenen auzia

EAJk legearen kontra egin eta bozkatu du, argudiatuz «nahaspila juridiko bat» sortuko duela etxebizitza eskumenei dagokienez; horien «inbasio» gisa jo ditu testuaren neurriak. «Aterki juridiko bat espero genuen, baina lege honek ez digu ematen», adierazi zuen alderdiak, legea Kongresuan onartu ondotik. Beste hainbaten artean Etxebizitza Legea PSOEk bultzatu bazuen ere, PSE-EEk eta EAJk maiatzaren hasieran osoko zuzenketa bat onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, «Euskadin Espainiako lege berria aplikatzeko dokumentu bat» egiteko asmoz. Zuzenketa ez zen aurrera atera Kongresuan.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen lege berriak etxebizitza eskubideen «birzentralizazioa» ekarriko duela. Akordioa lortu berri, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak esan zuen ez zela «proiektu zentralizatzaile bat», baizik «etxebizitza politika aurreratuak eta bermedunak» eskainiko dituen proiektu bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudian ©Luis Tejido/ Efe

EAJk eta PSEk «instituzioen gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek jakinarazi dute itunarekin koalizio gobernuak eratzen lagunduko dutela foru aldundi eta udal guztietan.
 

Egunkaria itxi eta 20 urtera

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gizarte mugimendu ugarik antolatuta, ekitaldi bat egin dute Madrilen, ‘Egunkaria’-ren itxiera oroitzeko. ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendirekin solasean aritu da Javier Gomez Bermudez, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua. Nabarmendu du ‘Egunkaria’-ren itxiera «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela.

Alzorriz eta Txibite, atzo. ©Jesus Diges / EFE

PSN prest dago Koldo Martinez babesteko Iruñeko alkatetzarako

Jon O. Urain

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuinaren gobernu bat eragozteko».

Borja Corominas, Carlos Iturgaitz, Mikel Lezama eta Muriel Larrea PPko buruak, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta/ Efe

PPk esan du gobernuan sartzea «marra gorria» dela Eider Mendoza babesteko

Berria

Mikel Lezama PPren hautagaiak EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die PP ez dela «makurtuko», eta botoak ez direla «doan» izango.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...