Euskaldunek hizkuntza eskubideak urratuta dituzte justizia administrazioan; izan ere, egun euskarazko arta ez dago bermatuta epaitegietan-eta. Horren inguruan galdetu dio EH Bilduk Espainiako Kongresuan Espainiako Gobernuari, ea zein neurri hartuko dituzten, eta zera erantzun dio Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak: Eusko Jaurlaritzak euskara jakitea eskatuko duela justizia administrazioko beste 474 postutan —Jaurlaritzak du horien gaineko eskumena—. Erabakia ez dute halabeharrez hartu, legea betetzeko baizik, Bolañosek azaldu duenez; hain zuzen, Espainiako Gobernuaren Efizientzia Judizialaren Legea betetzea dute xede.
Espainiako Kongresuko diputatu Jon Iñarrituk egin du galdera. Haren esanetan, euskara «marjinatuta» dago epaitegietan-eta, eta, zenbaitetan, «ez ikusi» egiten zaio. Kasurako, gogorarazi du 45 urtean ez dutela sententziarik euskaraz eman. Are, salatu du azkenaldian zenbait epaile euskararen aurka egiten ari direla eta administrazioan euskararen normalizazioaren aurkako 30 sententzia baino gehiago kaleratu dituztela.
Bolañosek erantzun dio Espainiako Gobernuaren Efizientzia Judizialaren Legeak ezartzen duela hizkuntza koofizialak erabiltzeko aukera egongo dela justizia administrazioan. Azaldu du horretarako Jaurlaritzak beste 474 lanpostutan galdegingo duela euskara jakitea, epaitegietako hainbat eremutan euskaraz egin ahal izateko; besteak beste, tramiteetan, kudeaketan eta laguntzan. Nabarmendu du Espainiako Gobernuak postu horiek sortzeko eta betetzeko laguntza jarriko duela. Egun, langile horien gaineko eskumena Jaurlaritzarena da; alta, Espainiako Gobernuaren administraziopeko langileak dira epaileak, fiskalak eta letraduak.
«Ondo dago ganbera honetan hizkuntza koofizialak hitz egiteko eskubidea aitortzea, baita zuek Europan gure hizkuntzen ofizialtasuna bultzatzea ere, baina egin ezazue ahalegina justizia ere euskaraz izan dadin gure autonomia erkidegoetan»
JON IÑARRITU Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatua
Neurri horren berri izan ostean, orain arteko jarrera kritikatu du Iñarrituk, ez delako egon exijentziarik, formakuntzarik... Eta, aldi berean, etorkizunerako eskakizunak jarri ditu mahai gainean: «Ondo dago ganbera honetan hizkuntza koofizialak hitz egiteko eskubidea aitortzea, baita zuek Europan gure hizkuntzen ofizialtasuna bultzatzea, baina egin ezazue ahalegina justizia ere euskaraz izan dadin gure autonomia erkidegoetan».
Egun, ezagutza apala
Egun, euskararen ezagutza apala da justizia administrazioan; erabilera, are apalagoa. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak emandako datuen arabera, Jaurlaritzako langileen artean, justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak. Alta, epaileen, fiskalen eta letradunen euskara ezagutza maila oso apala da: epaileen %7k besterik ez dute, adibidez, hirugarren hizkuntza eskakizuna, fiskalen %2k, eta letraduen %9k. Funtzionario horiek ez dute «inolako baldintzarik» ezarrita euskarari dagokionez.