Eusko Jaurlaritzak "osatu eta hobetu" egingo du indarkeriaren biktimek euren testigantza eskoletan kontatzeko programa. Hala jakinarazi du gaur Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren kontrolerako saioan.
Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia mintzatu zaio Uriarteri; esan dio urtarriletik ez dela biktimarik izan ikastetxeetan eta gaiaren inguruan "isilik" daudela.
Egitasmoaren jarraikortasuna "bermatuta" dagoela erantzun dio Uriartek, eta azaldu du orain arteko ondorioak aztertzen ari direla. Gaineratu du ondorioak aztertzea ez dela "erraza" izaten ari, argudiatuta ez dagoela emaitzen inguruko agiririk.
Hezkuntza Sailaren helburua "idatzizko eta ikus-entzunezko testigantzen bilduma osatzea eta hobetzea" dela adierazi du Uriartek, eta oroitarazi du biktimak eskoletara joanda baino ez direla haien testigantzak ikastetxeetan azaltzen. Erantsi du beste formula batzuk ere ari direla aztertzen.