Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak konpetentzien arabera lan egitearen aldeko apustua egin du curriculum berrietan

Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculum berriak aurkeztu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkarien agerraldia, gaur gozean, Bilbon. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 4a
13:44
Entzun

LOMLOE Espainiako Hezkuntza Legeak hainbat aldaketa ekarriko ditu datorren ikasturtetik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara. Hain zuzen, gaur eman du Eusko Jaurlaritzak 2022-2023 ikasturteko curriculum berrien nondik norakoen berri, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariak eta Maite Ruiz hezkuntza ikuskari nagusiak Bilbon egin duten agerraldian. Irakasgai eta notetatik harago joanda, konpetentziaren araberako irakaskuntzan «jauzi kualitatiboa» egitea proposatu dute. Curriculum berriak datorren ikasturtetik aurrera egongo dira indarrean maila bakoitietan, eta 2023-2024tik aurrera bikoitietan.

HH Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko curriculumen berri eman dute prentsaurrekoan. Horien bidez, Jaurlaritzak «urrats kualitatiboa» eman asmo du konpetentzien araberako irakaskuntzan, eta proposatu du irakasgaien arabera baino eremuen arabera antolatuta lan egitea, batez ere Lehen Hezkuntzan eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan. «Ikuspegi berri horrek ikasturte bakoitzean lantzen diren arloak edo ikasgaiak elkarrekin lotzen ditu», azaldu dute ohar bidez. Hau da, irakasgaiak «batera eta diziplinartekotasunez» landu nahi dituzte. Pedrosaren hitzetan, ebaluazio eredua izango da curriculumeko «nobedaderik garrantzitsuena. Aldaketarako beharra ikusten du: «Pandemian zerbait ikasi badugu, ebaluazioa beste modu batean egin behar dugula ikasi dugu. Kalifikazioa gora kalifikazioa behera, garrantzitsuena da konpetentzietan oinarritzen den eredu bat eraikitzea». Nabarmendu du hori ez dela berria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, baina iruditzen zaio oraindik badagoela zer ikasia: «Erronka da ikastetxe guztietan identifikatzea zeintzuk diren ikasleen gaitasun horiek eta nola ebaluatu behar diren». Izan ere, sailburuordearen irudiko, ebaluazioak nota jakin bat baino zerbait gehiago izan behar du: «Kalifikazioa gutxienekoa da, garrantzitsuena da zer ari den ikasten ikaslea».

«Garrantzitsuena» bai, baina ebaluazioa ez da izango curriculumaren ardatz bakarra. DBHn eta Batxilergoan curriculum berriek proposatzen duten aukerako ikasgaien eskaintza «zabala» izan du hizpide Jaurlaritzak, eta tutoreek garrantzia berreskuratuko dutela ziurtatu.

Berritasunak praktikan

Ia urtebeteko lanaren emaitza dira HHtik Batxilergora arteko curriculumak, eta badute berrikuntzarik. HHri dagokionez, besteak beste, naturarekiko harremana «sendotu» nahi dute, eta umeen «garapen pertsonala eta ongizate pertsonala bermatu», baita «ekitate eta inklusio printzipioak» ere.

LHn, pixkanaka eremuetan oinarritutako sistemarantz joatea proposatzen du curriculumak. Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak irakasgaiak batuko dituzte, eta Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunea Ezagutzea irakasgaia sortuko dute. Gainera, Balio Zibikoak eta Etikoak irakasgaia eskainiko dute LH6n. Behin etapa hori amaituta, DBHrako jauzia ere zaindu nahi du Jaurlaritzak, eta horretarako antolaketa neurri eta neurri pedagogiko berriak hartuko dituztela esan du, baina zein izango diren zehaztu gabe.

DBHra igarotakoan ere, aldaketak: Balio Zibikoak eta Etikoak ikasgaia izango dute DBH1en; DBH1en eta DBH2n Natur Zientziak irakasgaia izango dute, Biologia, Geologia, Fisika eta Kimikako jakintzak bilduko dituena; eta DBH2n eta DBH3n, Teknologia eta Digitalizazioa. Gainera, aukerako irakasgaiak ere izango dituzte: Garapen Pertsonal eta Sozialari Aplikatutako Filosofia, Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Osasun Fisikoa eta Emozionala... Ordea, DBH1en eta DBH2n irakasgai zehatzen jarduna gainditu nahi dute, eta eremuetan oinarritutako sistemarako bidea egin.

Azkenik, Batxilergoan ere izango da berrikuntzarik. Lau mota eskainiko dituzte: zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea musikaren eta arte eszenikoen adarrarekin; artea arte plastikoen adarrarekin; eta orokorra —arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuko ditu—. Azken batxilergo hori berria izango da, baita arteen batxilergoak bi adar izatea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.