Eusko Jaurlaritzak malgutu egingo ditu lokalak etxebizitza bihurtzeko baldintzak

Denis Itxaso sailburuak dio aukera dagoela 7.500 lokal baino gehiago etxebizitza bihurtzeko. Datozen egunetan protokolo bat sinatuko dute Eudelekin, udal araudiak egokitzeko.

Lokal bat etxebizitza bilakatuta. IREKIA
Lokal bat etxebizitza bilakatuta. IREKIA
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 9a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak iragarri du malgutu egingo dituela lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko baldintzak, eta horretarako aldatu egingo duela 2022tik indarrean den bizigarritasun dekretua. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, PSE-EEk egindako galdera bati erantzunez.

Datu bat eman du Itxasok: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21.295 lokal hutsen %36k gutxieneko baldintza teknikoak betetzen dituzte etxebizitza bihurtzeko, eta horrek esan nahi du aukera dagoela 7.500 lokal baino gehiago etxebizitza bihurtzeko. Hori hala izanik, Eusko Jaurlaritzak parekatu egingo ditu birmoldatutako etxebizitzen beheko solairuetako lokalak eta erabilera industrial edo tertziarioko eraikinak, etxebizitza kolaboratiboekin eta zuzkidura bizitokiekin. Horrekin batera, etxebizitza berri horiek bizigarritasun dekretuaren 10. artikuluaz baliatu ahal izango dira, eta, hala, eskakizun tekniko jakin batzuk betetzetik salbuetsita egongo dira, hirigintza plangintzak aurrez hori jaso beharrik izan gabe.

«Infraetxerik» izan ez dadin

Gobernuak malgutu egingo ditu araudiak ezartzen dituen zenbait irizpide, hala nola eguzkiztapenarekin, orientazioarekin eta barne banaketarekin lotutakoak, eta, «infraetxerik» izan ez dadin, lokalek gutxienez 35 metro koadroko azalera eta 2,60 metroko altuera librea bermatua izan beharko dute. Neurria bereziki zuzenduta egongo da interes komertzialik ez duten eta jarduera tertziarioak izateko aukerarik ez duten lokal hutsetara eta itxietara — bulegoak, kontsultak eta abar—.

Eusko Jaurlaritzak eta udalek elkarlanean jardungo dute neurria ezartzeko, eta datozen egunetan Eudelekin protokolo bat sinatuko dute udal araudiak egokitzeko, Itxasok jakinarazi duenez. Aldaketok premiazko neurrien dekretu berri batean jasoko dira; Eusko Jaurlaritzak tramitatzeari ekin dio jada.

Itxasok adierazi du neurriak ez duela konponduko etxebizitzaren arazoa, baina bestelako neurriekin batera arazoa arintzen lagunduko duela. «Ezin dugu onartu hainbeste lokal huts eta erabilerarik gabe edukitzea, eta bitartean herritarrek bizitzeko etxebizitza duin bat ezin lortzea», azpimarratu du. Neurriarekin, gainera, eremu degradatuak urbanistikoki berraktibatu nahi dituztela erantsi du sailburuak: «Gure herri eta hirietan gero eta gehiago dira erabiltzen ez diren lokalak, eta horrek gure kaleetan jarduera galtzea eta horri lotutako arazoak dakartza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.